Gipuzkoako zabortegien itxiera datak

zaborra
Azken egunotan filtratu da hedabideetara albistea: Gipuzkoako hiru zabortegi ixteko asmoa du Foru Aldundiak, Urtetakoa (Zarautz), Lapatxekoa (Azpeitia) eta Sasietakoa (Beasain). ZuZeura primizian dakarzkigu itxiera datak.

Itxiera datak

  • Urteta (Zarautz): 2014ko abenduaren 31ean.
  • Lapatx (Azpeitia): 2015eko apirilean.
  • Sasieta (Beasain): 2015eko urte bukaeran


Zarautzen, Azpeitian eta Beasainen ospatuko den erabakia da hau, izan ere, Urtetako zabortegiak esaterako, berez duela urte dezente egon behar zuen itxita, bere asetasun maila gaindituta. Zarauzko zabortegiak auzoa kutsatua zuen, eta bizilagun asko kexu ziren bizi zuten egoeragatik. Gipuzkoako Foru Aldundiak pausua eman du eredu berri baterantz, jasangarritasunerantz, atzean utziz kutsadurarena.

Erraustegirik ez. Konpostatze plantak
Erraustegiaren kostu ziren 400 milioietatik, 131 soilik balioko du jasangarritasunera bidean GFAk egingo dituen 3 konpostatze plantak eraiki eta martxan jartzeak. Lupatxen bertan jada martxan den plantak 3500 tona gai organiko tratatuko ditu urtean, Epelen (Bergara) 2014. urte bukaeran martxan jarriko den planta berriak aldiz, 10.000 tonelada tratatzeko gaitasuna izanen du. Eta azkenik, 2015. urte bukaeran Zubietan martxan jarriko den plantak 25.000-30.000 tonelada tratatzeko gaitasuna izango du.

Erraustegiak balio zituen 400 milioietatik
131 soilik balioko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren
3 konpostatze plantak eta TMB planta egiteak


Eta Errefusa?
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaikako bilketa efektibo baten alde egingo du, %60ko gaikako bilketa aurreikusiz 2016rako. Hau da, 195.000 tona gaika bilduko lirateke eta, horrela, 130.000 tona errefusa geratu. Hau ikusirik, 2015. urte amaierarako Zubietan Tratamendu Mekaniko-Biologikorako (TMB) planta bat eraikiko eta honek 170.000 tona errefusa tratatzeko gaitasuna izanen du.

Gipuzkoako herritarrok eskertuko dugu jasangarritasunerantz emandako pausua. Hala zarauztar, azpeitiar eta beasaindarrek, nola guztiok… etorkizunean osasuna besterik ez baitigu ekarriko. Hala bedi!