Hiru kontzeptu politiko, Nafarroako egoera hobeki ulertzeko

Hiru kontzeptu politiko, Nafarroako egoera hobeki ulertzekoNavarre shall be the wonder of the world, erran zuen Shakespearek, Nafarroak zur eta lur utziko du munduan –itzulpen jatorrean–, baina bada bertze aipu bat, hura baino hobeki dagokiona: “Zerbaiti kiratsa dario Danimarkako erresuman”. Danimarka dagoen tokian, paratu Nafarroa eta listo. Badira kamisetak “nafarra naiz eta harro nago” leloa daramatenak; edizio berria egin beharko lukete, gibeleko aldean, letra txiki-txikian, azaltzeko zehatz-mehatz zertaz dagoen harro harro dagoen hori.

Egun hauetan, guzien ahotan dabil gure komunitate foral eta espainola, eta, Espainia aldeko hedabide gehienei sinestera, bi problema handi ditu, bata handi-handia (PSNri esker, Bildu boterea konkistatzeko zorian dago, horrek ekartzen ahalko lituzkeen ondorio guziekin: batzuk dagoeneko hasi dira, zer gerta ere, nor-nori saileko subjuntiboaren taulak ikasten –nakion, dakion, gakizkion…– edota zaborra egunaren arabera sailkatzen); eta bertzea, munta guttikoa, kasik aipatzea merezi ez duena (zenbaitek diotenez, iduri luke balitekeela ustezko ustelkeria kasu garrantzi gaberen bat gertatu izana, baina, tira, omenka ari gara, hori frogatu gabe baitago).

Nolanahi den ere, Nafarroak hartu duen bat-bateko fama hori aprobetxatuta, hiru kontzeptu azaldu nahi nituzke, haren egoera politikoa hobeki ulertzen lagunduko digutelakoan. Ez dira horretarako balio duten kontzeptu bakarrak, baina ez nituzke irakurleak aspertu nahiko. Honako hauek dira:

      1. Kanpokoa, bertze komunitate batekoa edo nafar gremlinak: Nafarroak barnealde zabal-zabala du, eta kanpoalde mehar-meharra. Nafarroako diskurtso ofizialean, adibidez, “kanpoko telebista bat” ez da inoiz Errioxako edo Aragoiko edo Madrilgo telebista izanen, hiru horiek, telebista espainolak izanik, ez baitira arrotzak gure komunitatean. Kanpoko gauza guziak mendebaldetik heldu dira. Kanpoko telebista bakarra, konparaziorako, Euskal Telebista da, baina batzuetan, “bertze komunitate bateko” telebista ere deitzen ahal zaio. Koherente jokatu nahiko bagenu, Tolosako babarrunei ere “bertze komunitate bateko” babarrunak deitu beharko genieke, eta bereizi beharko genituzke txakolin normala (Kantabriakoa edo Burgosekoa) eta bertze komunitate bateko txakolina. Nafarroako mendebaldean da, oraingoz agintean daudenen ikuspuntutik, beldurrezko filmetan atikoko atea bezalakoa, edo zientzia fikzioko filmetan dimentsio ezezagunera daraman paretako zuloa bezalakoa: munstroak bertze aldean bizi dira. Kanpokoa eta bertze komunitate batekoa, halere, ez dira beti sinonimoak: ni, errate baterako, ez naiz bertze komunitate batekoa, baina bai kanpokoa, arrotza eta, hortaz, arriskutsua. Nafarroan bizi diren kanpokoei kasu egitea litzateke gremlinei gauerditik aitzinat jatera ematea bezala: gure borondate politikoa betez gero, barnean daramagun gremlin terrorista berehala azaleratu eta dena hankaz goiti jarriko genuke. Azken batean, ongi oroitzen banaiz gremlinak, filmean, etxeko makinarian sartzen ziren pieza arrotzak ziren, eta hori edozein patriota amorratzeko modukoa da.

      2. Urdangarin sindromea, edo nafar trabestismoa: Frankistek zioten Nafarroa Espainia txiki bat zela, edo Espainiaren esentziak biltzen zituela, eta naski horregatik Espainiako drama politikoak maiz Nafarroan gertatzen dira bertze inon baino lehenago. Urdangarinen eta Cristina errege alabaren artekoa aspalditik ezagutzen genuen erresuma honetan: gurean, UPN da Urdangarin –eta, beraz, gaitz guzien erruduna da–, eta PSNri dagokio Cristinaren papera –ez, ez dakit, ez naiz oroitzen: urte hauetan sozialistek ez omen dute inolako ardurarik izan–. Yolanda Barcina da, beraz, Urdangarin, eta Roberto Jimenez, Infanta. Eta hortxe dugu trabestismoaren lehen zantzuak. Baina trabestismoa, ingelesez, ez da bakarrik bertze generoari dagokion arropa janztea: trabestismoa neurriz kanpoko parodia da –Jeffrey Lebowskik bere lagun Walterri erran zion bezala, everything’s a fucking travesty with you, man–, eta horixe da hein handi batean Nafarroako politika: eskuineko alderdi espainol batek bere burua zentrokotzat jotzeaz gain, nafar esentziak defendatzeko itxura egiten du, nahiz eta beti Madrilen zerbitzura egon; eta ezkertiar kosmopolitaren planta egiten du PSNk, nahiz eta zentroko alderdi arras moderatua izan, eta nahiz eta, behin baino gehiagotan, Espainiako interesak defendatzeko, nafarren interesei muzin egin.

      3. Magneto Ramirez, edo abertzaleen ataka gaiztoa: Abertzaleen egoera Nafarroan X-men komikiko mutanteena bezalakoa da. Ezaguna den bezala, mutanteak ez dira gizakiak, aparteko espeziea dira –Homo superior– eta hortik datozkie super-botereak –bat-batean zortziko txikian kantatzea, 300 kiloko harriak jasotzea, “zeniezazkidake” tankerako adizkiak zalantzarik egin gabe ahotik ateratzea, eta abar–. Komikietan (bai eta filmetan ere), mutanteen dilema nagusietarik (nagusia ez bada) da zer-nolako harremana izan nahi duten gizaki normalekin, eta horren arabera bi taldetan banatzen dira: mutante onak, Uxue Barkos buru dutela (X-men izena Uxueren x-tik heldu da), gizakiekin harreman ona izan eta haiekin paktatu nahi dutenak; eta mutante gaiztoak, Magneto Ramirez buru dutela, gizakiekin fio ez direnak, eta, aukeran, nahiago luketenak mundua mutanteen esku balego. Onak edo gaiztoak, betiere, kontzeptu moralak dira, ikuslearen arabera zehazten direnak, eta bistan da mutanteak sailkatzeko maiz erabiltzen den irizpidea gizakien ikuspuntua dela. Eta, bai, gizakiekin ahalik eta hobekien moldatu beharko genuke, baina Nafarroan zer-nolako jendilajea dugun ikusita, ni mutante gaiztoek gero eta gehiago erakartzen naute. Gainera, Mistika – eta filma ikusi duenak badaki zertaz ari naizen– gaiztoen taldekoa zen.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Hiru kontzeptu politiko, Nafarroako egoera hobeki ulertzeko”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-02-19 13:08

    Nire pronostikoa da azkenean mutante onek gizakiekin batera gobernatuko dutela, mutante gaiztoen kanpotiko babes pasiboarekin.