Gerraren begian

Gerraren begian –

Egoera eta istilurik latzenetan, kalapita eta gerra ankerrenen garaietan, bestelako istorio ttikiagoak, samurragoak sortzen dira. Askotan amodiozko istorio harrigarriak izaten dira, sugarretan den mundu batean pizturiko maitasunezko printzak. Horixe da orain jorratuko duguna, gerrak Inazio Agirregoikoa eta Teresa Alonso gazteak elkartu zituen, eta gerra izan zen bi gazteen arteko bideak betiko urrundu zituena.

Gerraren begian
Teresa Alonso eta Inazio Agirregoikoa gaztetxoak.

1.- 1936ko gerra madarikatua

Inazio Agirregoikoa Benito sortzez Soraluzekoa zen, 1923an jaioa, baina haurra zelarik familia osoa Eibarrera bizitzera aldatu zen, hori dela eta, Inaziok bere burua eibartartzat hartzen zuen beti. Faxistek Eibar bonbardatu zuten, eta biztanle askok Bilbo aldera jo zuten babes bila, hori izan zen Agirregoikoa familiak egin zuena. Eusko Jaurlaritzak haurrendako itsas ebakuazioa antolatu zuen infernu hartan ez zitezen hil, eta 1937an, hamabost urteko Inazio gaztea Habana itsasontzian ebakuatu zuten, Leningradera lehenik eta Kiev-era gero.

Teresa Alonso Gutierrez donostiarra zen, eta gerra lehertu zenean, faxistak Donostiara hurbiltzen ari zirela ikusirik, familiak Bilbo aldera ihes egin zuen babes bila. Bilbon zeudela, amak neska Gernikara bidali zuen, furgoneta batean, zaldikia erostera. Gernikara hurbiltzean hegazkin naziak ikusi zituzten euskaldunen hiri saindua bonbardatzen. Mendixka batetik ikusi zuten dena. Gernika kezko eta sugarrezko zurrunbilo batean murgildurik zegoen.  Gerora, haurren ebakuazioa antolatu zutenean, Teresa Habana itsasontzian ebakuatu zuten. Hamabi urte zituen eta Errusiara eraman zuten.

 

2.- Habana itsasontzian

1937ko urtarrilean hegazkin faxistak Bilbo bonbardatzen hasi ziren, eta jadanik, goiz ala berant, hiria eroriko zela aurreikusten zuten. Hori dela eta, bertan metatuta zeuden haurrak ebakuatzen hasi ziren. Lehen ebakuazioa martxoaren 21ean egin zuten. Campbell eta Blanche destruktore britainiarrak Bermeoko portutik abiatu ziren 450 haur Bordele aldeko Oleron uhartera eramanez.  Hortik aitzina Euzkadiko Gobernuak hogeita hamar ontzi erabili zituen ebakuaziorako, hirurogei bidaia inguru eginez, eta 32000 haur baino gehiago gerratik urrun eramanez. Gerora asko izan ziren Euskal Herrira itzuli zirenak, baina, tamalez, asko ere izan ziren betiko haien babes-herrietan gelditu zirenak.

Ebakuaziorik famatuena 1937ko ekainaren 13an, larunbatarekin, egin zuten. Sei egun beranduago Bilbo erori zen faxisten hatzaparretan. Ordurako, jadanik, beste bost ebakuazio eginda zituen Habana baporean 4500 haur atera zituzten Bizkaiko hiriburutik eta Frantzia eta Errusiaren artean banatu zituzten. Errusiako Leningradera (Gaurko San Petesburgo)  1494 haur iritsi ziren.

Habana baporea zamak eta bidaiariak garraiatzeko egina zen Bizkaiko ontzioletan. 14000 tona zituen eta garai hartan Euskal Herrian egindako itsasontzirik handiena zen. 146,30 metro luze zituen eta 18,6 metro zabal. Baporezko turbinak zituen eta bi helize handi, horiei esker, abiadura handia har zezakeen.

Ebakuazio horretan, beste haur askoren artean, ziren Inazio Agirregoikoa eta Teresa Alonso. Bertan elkar ezagutu zuten eta, dirudienez, lehen momentutik maitemindu ziren.

Habanan ere, nire aitaren aldeko familia zihoan, Donostiatik Bilbora ihes eginda ziren, eta aipatu ontzian eta bidaian ebakuatu zituzten. Nire amona Nikolasa Isasa eta bost seme-alaba zihoazen, horien artean Joxe,  nire aita izan zena. Orduan zortzi urte zituen. Aitona preso zuten eta Martin, seme zaharrena, Otxandiano batailoian ibili zena, Durangoko bonbardaketako batean, hila zen. Amonak kontatzen zigunez, Bilbotik urruntzean, Cervera gerraontzi espainiar faxista bidera atera zitzaien eta zenbait danbateko egin zituen  Habana baporea gera zedin. Orduan baporeko kapitainak bandera ingelesa igo zuen masta handian, eta hori ikustean, faxistak baztertu eta Habanari bidea libre utzi zioten.

Gerraren begian
Habana baporea
Gerraren begian
Habana ontzia leporaino haurrez betea zen

Lehen erran bezala, Habana ontzia 1937ko ekainaren 13an, larunbatarekin eta gauez, abiatu zen Bilboko portutik eta Bordeleko portura, bi egun beranduago iritsi zen, ekainaren 15eko gauean, astelehenarekin. Hortxe jaitsi zituzten haur gehienak, Frantziako zenbait babes-eremutan banatzeko. Nire familia Landetako eremu horietako batera eraman zuten eta hantxe izan ziren bospasei hilabete inguru.  1494 haur Sontay izeneko itsasontzi frantsesean ontziratu zituzten eta Errusia aldera bidali. Ekainaren 22an Leningradera iritsi ziren. Horien artean zihoazen Inazio Agirregoikoa eta Teresa Alonso haurra. Lehenak hamabost urte zituen eta bigarrenak hamabi. Gerora, Kievera eraman zituzten.

 

3.- Errusian, nazien aurkako borrokan

Arestian erran bezala, Inaziok eta Teresak Habana ontzian elkar ezagutu zuten eta lehen momentutik maitemindu ziren. Leningraden zeudela elkarrekin egoten ziren maiz, eta etorkizunari begira ametsak eta planak egiten omen zituzten.

1943an, hegazkin pilotua izateko ikasketak burutu ondoren, Inazio Armadako Gorrian sartu eta Baltikoko frontera igorri zuten. Han zortzi hilabetez borrokatu zen bere gerra-hegazkina pilotatuz. 1944ko martxoaren 9an, Peipus aintzira ondoko Ddov-eko aireportu militarretik  abiatu zen. Iduriz, egun haietan Tallin hirian erasoak egin zituzten hegazkinen laguntzaile gisa bidali zuten. Berarekin batera, Alexander Pristupak gidatzen zuen bigarren gerra-hegazkina zihoan. Hegazkin naziak Pristuparen hegazkinari hurbildu zitzaizkion suntsitzeko asmoz, eta Inazio Agirregoikoa hura lagundu nahian zebilela, gainerako hegazkin alemaniarrek tirokatu eta sugarretan erori zen lurrera.

Bizirik atera zen hegazkinaren hondakinetatik, baina nazien aldeko polizia letoniarrek inguratzen zutela ikusirik, haien eskuetan preso erori baino lehenago, nahiago izan zuen bere burua tiro batez hiltzea. Hogeita bat urte zituen. Letoniako ekialdean den Mustvee hirian ehortzi zuten, eta Izar Gorriaren dominaz saritua izan zen. Gerora aipatu herriko kale bati bere izena eman zioten. Gaur egun, Ukrainiako gerrak Europako ekialdean sortu dituen beldur eta gorrotoen ondorioz, Letoniako gobernuak sovietarrek jarritako ikur eta kale izenak kentzea erabaki du, horien artean Inazio Agirregoikoaren izenekoa.

Euskaldunoi erabaki hau mingarria egiten bazaigu ere, ulertu behar dugu zein den Letonian gaur bizitzen duten egoera. Ez diegu eskatu behar letoniarrei Agirregoikoa gazteari eskainitako kale-izena bertan uztea, guk Eibarren edo Soraluzen, eskaini behar diogu mutil gazteari bere izenaz bataiatutako kale edo plaza bat, ongi merezia baitu.

Gerraren begian

Eta bitartean, zer gertatu zen Teresa Alonsorekin? 1941eko ekainean, Alemaniak Errusia inbaditu zuen hiru armada handiren bitartez. Horietako batek, Iparraldeko Armada izena zuenak, Leningrad hartzeko helburua zuen. Irailaren 1ean hiria inguratu eta erasotzen hasi ziren. Setioak 900 egun iraun zuen eta 1.200.000 pertsona hil ziren borrokaldi luze hartan. Sovietarrek gogor eutsi zioten defentsari, eta hiri osoa erraustu bazuten ere, naziek ezin izan zuten hartu eta gibelera egin behar izan zuten.

Leningraden setioa
Leningraden defentsan

Garai hartan, hantxe zegoen Teresa Alonso, eta gainerako biztanle guztiak bezala, eguneroko beharretan parte hartu zuen. Berogailurik gabe, zero azpiko 40 gradurekin, bizi behar izan zuten Leningradeko biztanleek eta defendatzaileek. Ez zuten zer jaterik, zerrautsa bakarrik, eta Teresa 37 kilo izatera iritsi zen. Ez zekien deus Inazio Agirregoikoaren heriotzaz, eta mutilarekiko maitasun gartsuak lagundu zion irauten. Hildakoak jasotzen ibiltzen zen, beste askorekin batera, obus batek kolpatu zuen arte. Horren ondorioz, bizkarra puskatu zuen betiko, eta baita esku baten hezurra ere.

4.- Teresa Alonsoren itzulera

Leningradetik Georgiara bidali zuten eta han bi aldiz bortxatzen saiatu ziren. Armeniar familia batek beren etxean hartu zuen eta nolabaiteko bizimodu berria eman. Gerra bukatu zelarik, Moskura joan zen, eta han eman zioten Inazio Agirregoikoaren heriotzaren berri. Neska gaztearentzat hori izan zen bizitzan jaso duen kolperik latzena. Hemezortzi urte zituen, eta erotzeko moduan zegoela, ospitale batean sartu behar izan zuten.

Gerora, teniente errusiar batekin ezkondu eta alaba bat izan zuen. Gauzak ez zitzaizkien ongi joan, eta azkenean, sei urteko alabarekin, Euskal Herrira, Donostiara, itzuli zen. Ordurako hogei urte pasatuak zituen Errusian. Donostian bizimodurik aurkitzen ez zuenez, Bartzelonara joan zen, eta han, era guztietako lanak egiten biziraun du orain arte. Vladimir Putin Errusiako presidenteak “Leningraden Defentsako Domina” eman zion.

Gerraren begian
Teresa Alonso Inazio Agirregoikoaren argazkia aldean duela

Helena Bengoetxea zinegileak egin zuen Matrioskas izeneko filmean, protagonistetako bat izan zen Teresa;  eta 2022ko irailaren 15ean, Celia Santos bergararrak bere bizitza ardatz duen La niña de Rusia izeneko eleberria plazaratu zuen. Gaur Teresak 99 urte ditu eta Bartzelonan bizi da, Ukrainiako gerran gertatzen ari direnak ezin jasanez. Hori dela eta, bere barne-mina agertzeko asmoz, Putini gutun bat idazteko asmoa omen du. Gerragatik aldendu zen Euskal Herritik, gerran ezagutu zuen amodioa, eta gerrak kendu zion betiko. Bi gerratan ibilia, eta orain ezin bizi Ukrainiaren eta Errusiaren arteko gerra eroa ikusiz. Badirudi gizateria, behin eta berriz, egindako akatsak errepikatzera kondenaturik dagoela, gerraz gerra baitabil beti. Noiz arte?

Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian  Gerraren begian

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude