Nire geneak ezkerrekoak eta independentistak dira. Zureak?
“Gizabanako bakoitzaren ideologia politikoa geneen menpe dago, hein handi batean”
…
Harrituta utzi nauen aurreko esaldia ELHUYAR aldizkariaren joandako martxoaren alean agertu zen “Animalia kontserbadoreak, Animalia aurrerakoiak” izenburuko artikuluan irakurri dut, eta nahiko ondo laburbiltzen du artikuluaren mezua.
Beren egileek, Arantzadi Zientzia Elkarteko Maider Iglesias Carrasco eta Carlos Cabido Quintas biologoek paralelismo bat marrazten dute hainbat animali eta gizakien portaeraren artean, zehazki aurrerakoitasun eta atzerakoikeriaren arloan.
Artikuluaren hasieran, eta animalien munduan gizartearen baloreen proiekzio bat eginez, honako hau esaten digute:
“Pertsonekin gertatzen den modu berean, eta gezurra badirudi ere, animaliek ere batzuek kontserbadore eta beste batzuek aurrerakoi jokatzen dute mehatxuen aurrean, baina termino horien ordez, animalien kasuan, “iheskor” eta “ausart” (ingelesez “shy-bold” ) adjektiboak baliatzen ditugu. “Ausartak” (gizaki aurrerakoien pareko izango liratekeenak) egoera berri eta erronka modukoei aurre egiteko prest egoten dira; “iheskorrek” (kontserbadoreek), berriz, ez dituzte batere gustuko.”
Harraparien aurrean “iheskor-Kontsarbadoreek” ospa egiteko joera argiago erakusten dute, “ausartak-aurrerakoiek”, berriz, hanka egiten ateratzeko gogo gutxiago adierazten omen dute.
Beraz, teoria horren egileen sailkapena arbitrarioaren arabera, “iheskor-Kontsarbadoreak” eta “ausartak-aurrerakoiak” kategorietan banandu daiteke animalien eta gizakien joera. Gero, eta Hautespen Naturalaren eraginez joera hori ondorengoei helarazten omen zaie geneen bidez.
Idazlanean ere aipatzen da sugandila espezie baten kasua (Iberolacerta cyreni). Araldian, diote, eta harrapariak agertzekotan, ar “menperatzailek” eta “ez-menperatzaileek” daukaten “iheskor-Kontsarbadoreak” eta “ausartak-aurrerakoiak” izateko joera desberdina eta horrek ugalketan ekartzen dituen desberdintasunak aipatzen dituzte. Emeen nortasunari buruz ez dute ezer esaten, beraz, ez dakigu “iheskor-kontsarbadoreak” eta “ausartak-aurrerakoiak” dikotomiak eragiten dien.
Animalien mundura gizakien ezaugarriak eta kategoriak eraman eta gero gizakien mundura itzultzen dira erakusteko gure joera naturala dela eta “gure geneetan dagoela”. Horrela amaitzen dute artikulua:
“Biologiak gizabanakoen izaeran duen eragina, halere, ez dago soilik geneen menpe. Ideologia politiko sendoko pertsona-talde batekin AEBn egindako ikerketa batek frogatu zuen fisiologiak (nik azpimarratuta) ere eragina duela. Azterketa egiteko, bat-bateko zaratari eta irudi mehatxatzaileei banako bakoitzak emandako erantzun fisikoa neurtu zuten. Emaitzetan, honako hau ikusi zuten: kontserbadoreek mehatxuen aurrean erantzun fisiologiko biziagoa azaltzen zuten. Indibiduo horiek aberriaren, heriotza-zigorraren, Irakeko gudaren eta horrelakoen alde egiten dute. Bestalde, iniziatiba gutxikoak izaten dira eta immigrazioa bezalako fenomeno berrien aurrean zuhurrago azaltzen dira. Bakezale eta armen kontrolaren aldeko aurrerakoiek, aldiz, sentikortasun fisiko apalagoa azaltzen dute.”
“Nork esan dezake gaur egun sugandilekin egindako pertsonalitate-azterketek eta haien ondorioek ez dutela aplikaziorik gizakiongan? Harraparitzak gure arbasoak “ausart” edo “iheskor” izatera behartuko zituzkeen. Banaketa hori izan zitekeen, beraz, egungo kontserbadore eta aurrerakoien arteko borroken jatorri ebolutiboa?”
Artikulu osoa irakurri nahi duenak hemen egin dezake: http://aldizkaria.elhuyar.org/gai-librean/animalia-kontserbadoreak-animalia-aurrerakoiak/
SAILKAPEN ARBITRARIOA
Artikulua irakurtzen hastean bururatu zaidan lehenengo galdera honako hau izan da: zergatik “iheskorrak” kontserbadoreekin berdintzen dira? Zergatik ez deitu, esaterako, argiak, azkarrak, esnatuagoak….? Eta zergatik “ausartuei” jarri diete “aurrerakoi” adjektiboa? Zergatik ez, esaterako, motelak, nagiak, suizidak …? Agerian dago ikerketa hauen egileek ideologia zehatz baten eta bilatzen dituzten emaitzen araberako sailkapen arbitrarioa eta subjektiboa egin dutela.
Nire burua aurrerakoitzat daukadan heinean, eta nire egoari begira, nahiago dut “ausarta” deitzea “iheskorra” baino, baina horren balio zientifikoa hutsaren hurrengoa dela iruditzen zait.
HAUTESPEN NATURALA
Jaungoiko bat bezala misteriotsua eta guztiahalduna den Hautespen Naturala aipatzen digute “iheskor-Kontsarbadoreak” eta “ausartak-aurrerakoiak” ezaugarriak norbanakoengan genetikoki kodetzeko. Baina nola da hori? Zein genetan dago? Nola finkatu daiteke gure, edo animalien, genoman hain aldakorra den ezaugarria? Artikuluan ez dute azaltzen, baina kasu hauetarako badago erantzun klasiko bat: “izaten bada Hautespen Naturalak aukeratu duelako da”. Beraz, posiblea den guztia Hautespen Naturalak erabaki duelako da. Utikan konplexutasuna ulertzeko azalpen astunak!
Beste aldetik, gure arbasoak denbora tarte batean harrapakin hutsak izan ziren, geroago harrapari eta harrapakina izaera nahasteko eta azkenean munduko harraparirik garrantzitusenak bilakatu ziren arte. Determinismo biologikoaren arabera guzti honek ondorio genetikoak uzten baditu, non geratzen da “iheskor-Kontsarbadorea”-“ausartak-aurrerakoia” dikotomiak norberaren pentsaera politikoan eragiten duen ustezko garrantzia?
UGALKETAN NAHASKETA
Artikuluaren arabera Hautespen Naturalak geneen bidez eragiten du norbanakoak aipatutako bi joeretako bat edukitzea. Baina, ugalketan ar eta eme “iheskor-Kontsarbadoreak” eta “ausartak-aurrerakoiak” artean ez dira sexualki nahasten?
Edo ulertu behar dugu milaka belaunaldietan batetik ar “iheskor-kontsarbadoreak” soilik nahastu direla eme “iheskor-kontsarbadoreak”ekin, eta bestetik ar “ausartak-aurrerakoiak” soilik eme “ausartak-aurrerakoiak”ekin? Demagun ontzat ematen dugula kategoria arbitrario horien egokitasuna; halabeharrez etengabe nahastu behar dira sexualki. Nola da posible baldintza horietan hain aldakorrak eta subjektiboak diren ezaugarriak genetikoki kodetzea norbanakoan?
ALDATZEN GARA
Teoria horren arabera gure “Gizabanako bakoitzaren ideologia politikoa geneen menpe dago, hein handi batean”. Baina gizakiek ideologia politikoa aldatzen dute maiz. Bizitzaren gorabeherek, interesen aldaketek eta abarrek gure ikuspegia aldatzera eraman ahal gaituzte. Lehen ezkerrean zeuden batzuk orain eskuman daude, eta alderantziz. Zer gertatzen da gure genetan ideologia politikoa aldatzen dugunean? Zoratzen dira? Gure natura traizionatzen ari gara eta gaixotzeko joera gureganatzen dugu? Logikoena da pentsatzea ez dela ezer gertatzen ez daukatelako zerikusirik geneek eta norberaren ideologia politikoak. Ez “hein handi batean” ez hein txiki batean ere.
Gizartean dauden klaseen arteko borroka, zapalketa nazionala, bidegabekeriak, pribilegioak, desorekak eta miserien pertzepzioak alde bateko ala besteko jarrera hartzera bultzatzen gaitu. Ez bilatu azterketa hauetan inolako aipamenik guzti honi buruz.
OHIKO DETERMINISMO BIOLOGIKOA
Gizartearen ezaugarriak animalien mundura eramatea eta gero alderantzizko bidea egitea gizakien ezaugarri guztiak “naturalak”, eta berez ezinbestekoak, direla esateko metodoa ez da atzoko asmakizuna. Darwinek berak egin zuen, eboluzioari buruzko teorian bere klasearen ikuspegia txertatu zuenean; Ingalaterrako inperioaren goi mailako klasearena hain zuzen ere, jarraian gizarte eredu kapitalista eta inperialista hori naturaren legearen arabera funtzionatzen zuela ondorioztatzeko. Beraz, ondo sustraitutako joera zientifikoa da.
Richard Dawkinsek eta bere gene berekoiaren hipotesi faltsuak lortutako arrakastaren bide beretik, orain esaten digute genetikoki gurekoiak izateaz gain, ezkerrekoak ala eskumakoa garela norberaren arbaso (guztiek) arriskuen aurrean ihes egiteko joera zutelako ala ausartak zirelako. Eta seriotan esaten dute.
Artikuluaren azken esaldian galdera erretorika bat egiten dute: “Banaketa hori izan zitekeen, beraz, egungo kontserbadore eta aurrerakoien arteko borroken jatorri ebolutiboa?”. Galdera erretorika diot, artikulu osoak argi uzten baitu haientzat erantzuna baietza dela.
Erantzun honen arabera “Kontserbadore” eta “Aurrerakoien” arteko borroken oinarria genetikoa da. Arazoa ez da gizarte kapitalistan eta zapalketa nazionalean dauden bidegabekeriek, kontraesanek eta bateraezinak diren interesek borroka eragiten dutela, ez. Borroka guzti horien jatorria gure geneetan dagoela omen da gakoa. Hortaz, zertarako borrokatu aldaezina dena iraultzeko?
Determinismo honen aurka badaude ikuspegi askatzaileago eta dialektikoago agertzen duten beste zientzialari batzuk ere:
“Garapenaren eta giza ekintzen ezaugarria da elkarrekin erlazioa duten eta elkarrekin gurutzatzen diren hainbat kausaren ondorio izatea… Determinismo biologikoaren teorialarientzat, ez gara aske gure bizitzak barne-kausa nahiko gutxik gogor determinatuta daudelako: geneek berariazko portaerak edo portaera horietarako joera determinatzen dituzte. Baina horrek saihestu egiten du giza biologiaren eta beste organismoen diferentziaren funtsa. Gure garunak, gure eskuak eta gure mihiak independente egin gaituzte kanpoko munduko berariazko ezaugarri nagusiengandik. Gure biologiak beren ingurune psikikoak eta materialak etengabe birsortzen dituzten izaki bihurtu gaitu, eta horien bizitza indibidualak elkarrekin gurutzatzen diren bide kausalen aniztasun izugarriaren emaitza dira. Beraz, gure biologia da aske egiten gaituena (Nik azpimarratuta)”.
(R.C.Lewontin, S. Rose, L.J. Kamin. “Ez dago gure geneetan”)
Oharra: norbaitek ondo ulertu ez badu, artikulu honen izenburua ironia hutsa da.
Artikuluaren izenburua pleonasmo bat da. Independentista bazara inperioalismoaren aurka zaude, orduan ezin zara eskuindarra izan, ezta ezkertiar inperialismoz mozorrotua.
Gen independentistak? azkenaldian irakurri dudan tontonkeria handiena!
Gu Camboyan edo Nigeren jaio izan bagina independentzia hitza irratsaioetan soilik entzungo zenuke.
Joxean, aitortu:
Ez duzu artikulua irakurri; areago, izenburutik ez zara pasa. Bestela, nekez uler daiteke horren erantzun zentzugabea ematea.