Bergarako hondakinen galdeketa ez da garbia izan

Bergarako hondakinen galdeketa ez da garbia izan

Bergara Garbia plataformak herrian antolatu duen galdeketaren emaitzak zabaldu dituzte jada –%41eko parte-hartzea, %98 bosgarren edukiontziaren alde-. Bozak ez dira baina behar bezain garbiak izan. Bizilagun batek senideen sinadurak faltsutzen grabatu ditu mahaiko kideak, kamera ezkutuarekin. Arautu gabeko hiru boto eman ahal izan ditu. 

Larunbatean hasi zuten galdeketa Bergaran (Gipuzkoa), eta gaur amaitu da. Bergara Garbia atez atekoaren aurkako plataformak antolatu du bozkaketa. Herritarrak hondakinak jasotzeko sistema aukeratzera deitu dituzte: bosgarren edukiontzia ala atez atekoa. 4.843 boto jaso dituzte, erroldan dauden 11.000 lagunen %41,7.  4.771 bizilagunek bosgarren edukiontziaren alde egin dute, 51 lagunek aurka. Hortaz, bosgarren edukiontziak argi irabazi du (%98), baina gehiago izan dira etxean gelditu direnak bozkatu dutenak baino. Emaitzak, ordea, benetakoak diren ala ez airean egon da.

Iskanbilak inguratu du auzia, eta baita bozkaketaren asteburua ere. Zero Zabor plataformako kideei hautes mahaietan egotea galarazi zien Ertzaintzak, Goienak jaso zuenez. “Pertsona bat, boto bat” legea haustu zela salatu zuten Zero Zabor-eko kideek, galdeketaren zilegitasuna zalantzan jarriz.

Igandearekin froga heldu da. Iraitz izeneko bergarar batek bideoan grabatu du iruzurra, berak arazorik gabe egin ahal izan baitu tranpa. Hiru senideren NAN txartelekin bakarrik haien botoa emateko gai izan da. Ez hori bakarrik. Falta zitzaion senideen sinadura hautes mahaietan bertan faltsutu diote antolatzaileek. Youtube-ra igo den bideoan (behean) “sasi-galdeketa”-n iruzur mota asko egon direla idatzi du:”boto delegatua eman ahal izan du edonork, Bergarakoa ez den jendeak bozkatu ahal izan du, bozka bat baino gehiago eman dituzte askok, sarritan NAN txartela erakutsi ere egin gabe… Eta, bideo honetan jasotzen den bezala, mahaiko arduradunek boto delegatuaren sinadurak faltsutu dituzte inongo lotsa gabe”.

Adibide honetatik haratago iruzurraren tamainaren daturik ez da agertu. Botoa ematera joan zirenen eta bozka kopuruaren arteko egiaztatzea egin nahi izan zuten atez atekoaren aldeko kideek. Ez dute oraindik informaziorik eman. Aldiz, bosgarren edukiontziaren aldeko kideak oso pozik agertu dira parte hartzearekin.

Bergarako hondakinen galdeketa ez da garbia izan

12 pentsamendu “Bergarako hondakinen galdeketa ez da garbia izan”-ri buruz

  • Iñakito Garay 2013-11-10 22:26

    Ez dakit zer pasatzen zaidan aspaldion, baina gertaera guztiekin tristatzen naiz. Eta asko. Tristatzen naiz Bergarako hautes mahaikoek tranpan lagundu dutelako, tristatzen naiz Iraitz maltzurkerian ibili delako eta hori bideoan erakusteko lotsarik ere ez duelako, heroia bailitzan, baina, batez ere, tristatzen naiz gutako edozeinek halako gertaera negargarri bat erabiliko duelako zaborren bilketaren inguruko bere iritziaren aldeko eta besteenaren kontrako argumentuak oinarritzeko, funtsa aztertu eta eztabaidatu gabe. Snif, snif, snif. Batzuetan ez nuke izan nahi hemengoa.

  • Ez nago zurekin ados Iñakito.

    Iraitz ez da heroina gisara azaltzen. Berak, aurpegia ematen du egoerak hala eskatzen duelako (anonimatoa utziz) eta egiten duen egiaren azaleratze ariketa eskertzekoa dela deritzot.

    Zuk lotsarik gabe ibili dela diozu, baina hala egin gabe nola jakingo genuke nolakoa izan den gaurko galdeketa? eitb ikusita? naiz irakurrita? diario vasco irakurriz?. Iraitzi esker, inoren hitzak sinistu gabe egia ezagutu dugu gure begiekin ikusi dugulako.

  • Orain Iruzurra egiten dutela demostratzea gaizki omen dago, nor utzi du Iraitz bozkatzen? Bera inor behartu al du? Nola demostratu daiteke bestela? Pena da batzuk Errautsgailu izugarri garesti, esan duten baino energia gutxigo sortuko lukena, ekologikoki izugarri txarra ta dirua xahutzen digun SWAPS batzuen bidez fianantziatuta… Bai ala bai eraiki nahi dutela, ta horretarako datuak ta informazio gehiena faltsutzen edo izkutatzen dutela.

  • Kaixo Iñakito,

    Zure iruzkinean aipatzen nauzunez eta nire ustezko asmoak nahi bezala eta inongo informaziorik izan gabe deskribatzen dituzunez, nire sentsazio eta usteen berri eman nahi dizut, inongo eztabaidatan sartu gabe. Aurrez diotsut ez dudala beste mezurik erantzungo.

    Hasteko, jakin ezazu ez daukadala inongo zerikusirik ez alderdi politikoekin, ez Bergarako Zero Zabor taldearekin, ez Bergara Garbiarekin ere. Larunbatean bertan nik neuk nire begiz ikusi ahal izan nituen hauteslekuetan egindako hainbat tranpa, eta ezin duzu imajinatu ere egin horrek herritar gisa zelako amorrua sorrarazi zidan. Pentsatu nuen: “Eta nik hau guztia kasualitatez ikusi badut, zer kristo egiten ariko dira herritar guztien ezkutuan?”.

    Ez dakit zerk bultzatu nauen/gaituen grabaketa hau egitera; izan liteke kazetaria naizelako eta kazetari senak fartsa bat publiko egitera bultzatu nauelako. Izan liteke herritar gisa oso, baina oso dezepzionatuta sentitu nintzelako. Kontuak kontu, puntu batzuk erantzun nahiko nizkizuke:

    1.- Hauteslekuetakoek ez dute “tranpan lagundu”, sinadurak faltsifikatu dituzte beraien iniziatiba propioz. Horren larritasuna ikaragarria da.

    2.- “Maltzurkerietan” ibili naizela diozu. Ez naiz kamera ezkutuaren zilegitasunaren eztabaidan sartuko. Soilik azpimarratu nahiko nuke zuk diozun bezala “maltzurkerian” ibiliz gero astakeria hori egin dutenen aurpegiak agertuko zirela bideoan, eta ez da hala, inondik inora ez delako gure asmoa hori izan.

    3.- Diozu ez dudala “lotsarik” bideoan erakusteko. Arrazoia osoa ematen dizut, ez dut inongo, baina inongo lotsarik sentitzen horregatik. Alderantziz, lotsatuta eta burumakur egon beharrekoak haiek dira.

    4.- “Heroia bailitzan” deskribatzen nauzu. Aitortuko dizut horrek eman didala min gehien. Badakizu zergatik? Nik bezala gainontzeko bergarar guztiok heroitik baino gehiago biktimatik dugulako. Hau ez da balentria baten kontakizun bat izan, hau iruzur bat azaleratzea izan da. Tamalez, iruzur horien atzean egoten direnak izaten dira gehienetan heroi papera hartzen dutenak. Eta garrantzia ez dauka bideo horretan ni agertu izanak, garrantzia dauka bideo horren edukiak. Argi eta garbi azalduko dizut: bideo grabatu ostean pentsatu dugu nik azalpen txiki bat emateak intentsidadea emango ziola bideoari. Uste dut asmatu dugula.

    Eta uste dut honekin azaldu dizudala guztia. Eta sinetsidazu penagarria iruditzen zaidala niri ere horrela ibili behar izatea, penagarria, tamalgarria, lotsagarria… Baina zer nahi duzu esatea, egia azaleratzeko bada, zilegitasun osoa ikusten diot.

    Gehiegi luzatu gabe, nire azalpenak ulertuko dituzulakoan, ongi segi!

  • Mila esker Iraitz!

  • Peru Dulantz 2013-11-11 00:42

    Zorionak, Iraitz, eta mila-mila esker, iruzurra hain modu argian salatu eta demostratzeagatik.

  • Iraitz, lotsagabea!

    Nola ausartzen zara herri kontsulta ustel baten ustelkeria agerian uzten?

    Ze uste duzu, kazetaritza Egia agerian uztea dela?

    Ni tristatu egiten naiz kazetari ausart batek ustelekeria agerian utzi eta ustelkeria kritikatu beharrean kazetaria kritikatzen duzuenean.

    Ez dakit nora goazen, baina ez legoke soberan non gauden jakitea. Batzuk ustelkeria kritikatzen dabiltza. Beste batzuk?

  • Guzti honek, benetako galderatik hurruntzen gaitu: Zergatik ez dio BILDUk herriari entzun nahi? Nik ez diet ulertzen (berriro ere).

    • Peru Dulantz 2013-11-11 16:02

      Beraiek antolatutako galdeketan tranpa (sinadura faltsutzea delitua ere izan litekeela esango nuke) egiteko inolako lotsarik ez dutenek, eredugarria den zaborra biltzeko sistema baten aurka horrelako oldarraldi zentzugabea antolatzeko gai direnen kategoria berbera erakusten dute.

  • Amonamantangorri 2013-11-11 15:23

    Izozki-orgatxoarekin harrapatu dituzte, eta Iñakito madalena bat bezala negarrez. #itzultzaileautomatikoa

  • Bihar Bergarako herritarren gehiengo elektoralak (ez biztanleen gehiengoak) zaborra errekara bota behar dela erabakiko balu, Bilduren udalak onartu egin beharko luke?
    Udalen betebeharra herritarren osasuna eta herriko ingurumena zaintzea da, ekonomikoki bideragarria den modu batean. Eta momentuz, horretarako bide bakarra atez atekoa da.

  • Zaborra arazoa da gaur egun. Gure zabortegiak gainezka dauzkagu. Arazo horri irtenbide bat emateko soluziobide bat errauskailua da, baina horrek arazo handiagia sortzen digu. Sistema bilketa izan daiteke beste soluziobide bat. Beraz, herriari galdetu behar bazaio, aurkezten diren aukerek soluziobide izan behar dute. Datuek erakusten dute 5. Edukiontziak ez duela arazoa konpontzen laguntzen. Kasurik onenean %50eko birziklapen tasa lortzen delako. Herritarrei soluziobideak emateko ardura duten administrazioak nola babestu dezake beraz gisa honetako galdeketarik? Beste kasu bat litzateke, aurkezten diren bi aukerek soluziobide erreal bat eskaintzea, baina bilketa sistemei gagozkiolarik, atez atekoa ez den zen beste sistemak bermatzen du halakorik? Edukiontzi berdea kontenplatzen duen bakarrak ere ez. Beraz, ez da hain ulergaitza nola babesten dituen Bilduk galdeketa batzuk eta beste hau berriz ez.