Gazteentzako Formakuntza Politiko Ikastaroa

Gazteentzako Formakuntza Politiko Ikastaroa

Formakuntza Politiko Ikastaroa

– Orreaga 2016 –

Gazteentzako Formakuntza Politiko IkastaroaIkastaro honen bitartez, edozein euskal herritarri beharrezkoak zaizkion oinarrizko ezagutzak azaldu nahi ditugu.

Izan zirelako gara eta horregatik Euskal Herria/ Nabarraren inguruan jarduteko beharrezkoa da gure Historia, kondaira eta mitologiatik kanpo, modu zientifikoan eta testuinguru historiko desberdinen barruan azaltzea.

Gure Historia herri gehienen antzekoa da, krisialdi eta susperraldiak tartekatuz, eta tamalez, munduko herri askotan bezala, zapalkuntzaren bortizkeriaren mila aurpegiak ongi ezagutuz.

Herriek burujabetasuna nola mantendu, galdu eta berreskuratu duten politikaren muina da. Horregatik saio berezia eginen da horren inguruan, eta gurera ekarriz, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazio eskubidearen arteko aldeak azalduko dira.

Aurreko gaiak sarrera moduan erabiliko dira politikaren nondik norakoetan barneratzeko. Politika zientzia ala artea den eztabaidatu gabe, zuhurtzia handia eskatzen duen fenomeno soziala dela argi utziz. Dena da politika, eta hori ez ulertzeak gizartearen hondamendia dakar. Bertold Brecht-en hitzetan: “analfabeto politikoa analfabetorik makurrena da”.

Politika, benetan politika bada, ekintzan oinarritzen da. Ekintzak halabeharrez, subjektu batek burutuak dira. Politika soziala denez gero, subjektu politikoa kolektiboa da. Kontzeptu hau ongi ulertzeak berebiziko garrantzia du eta horregatik saio oso bat bere inguruan egitea pentsatu da.

Egitarauari amaiera emateko Euskal Herria/Nabarraren inguruko gogoeta politikoa burutuko dugu.

 

Helburuak:

  1. Gure aberriaren alde egite aldera, Politikaren nondik norakoen ezagutzan barneratu eta kritikotasuna landu.
  2. Gure burua ezagutze aldera, Euskal Herria /Nabarraren bilakaera historikoa ezagutu eta ulertu euskal ardatz batetik.
  3. Politikaren oinarriak ezagutu, errealitate politikoari heldu ahal izateko.
  4. Gure egungo egoerari buruzko hausnarketa kritikoa egin eta etorkizunerako bideei urratzeko ideien inguruko gogoeta burutu.
  5. Formakuntza taldeko kideen arteko eztabaidak eta hartu-emanak sustatu.

 

Formatua:

Asmoa da 2-2,5 h-ko saioak antolatzea larunbat goizetan.

Hasieran ordubete inguruko hitzaldia emanen du dagokion pertsonak eta horren ondoren landutako gaiaren inguruko galderak eta eztabaida burutuko dira partaideen artean.

Saioaren arabera, hitzaldia eta eztabaidaren arteko banaketa egokitua izanen da.

 

Gai zerrenda:

Euskal Herriko Historia I

Euskal Herriko Historia II

Erabakitzeko esk. vs Autodeterminazio esk.

Kontzeptu Politikoak

Subjektu Politikoa

Kurtsoaren inguruko gogoeta

 

Interesatuak, idatzi helbide honetara: info@orreagataldea.com eta jarriko gara harremanetan zurekin

Zer duzu buruan “Gazteentzako Formakuntza Politiko Ikastaroa”-ri buruz

  • Burua sutan eta odola kaldan
    begiak dir-dir jakin nahian
    hor dago gazte beti barrandan
    so huni, so hari duda-mudan.

    Hau entzun eta hura aditu
    denek arrazoin, nola trenkatu?
    Nahasi haute, ezin ukatu
    orain ez dakik zein bide hartu.

    Eta hor habil kasik galdua
    lanbro txar batez inguratua
    saltsa askotan doi bat sartua
    ez duk erraxa hire hartua

    Alta gazte ez deat erranen,
    zein bide, zein bide
    Alta gazte ez deat erranen,
    zein bide hartu behar hukeen.

    Baina halere ikus zak ongi
    zertan dagoen gure Euskadi
    menperatua ate bi zati
    askatasunik ez duk ageri

    Hego Euskadin presondegiak
    bai eta ere iheslariak
    asko pairatzen langileriak
    usu eskainiz beren biziak.

    Ipar Euskadin, frantseskeria
    toki orotan izan gaberia
    turisma nasai, faltsukeriak
    hiltzera doa gure herria.

    Alta gazte ez deat erranen,
    zein bide, zein bide
    Alta gazte ez deat erranen,
    zein bide hartu behar hukeen. (Bis)