Saudi Arabian ezin da poesiarik egin

Saudi Arabian ezin da poesiarik egin. Gauza dezente gertatzen ari dira azkenaldian lurralde hartan. Iruditzen zait beti mantendu duen norabidean jarraitzen duela, baina apustu altuagoak egiten. Gogor jokatzen ari dira.

2015ean Amerikako Estatu Batuak izan omen ziren munduko lehen petrolio eta gas ekoizlea; izan ere, asko sustatu dute euren ekoizpena azken urteetan. Saudi Arabiak ere ez du ekoizpena jaitsi, Iran jasaten ari den isun ekonomikoaz aprobetxatu eta herrialde persiarrari, bere etsai historikoari, bezeroak kentzeko. Hori, eta nik oso ondo maneiatzen ez ditudan arrazoi zerrenda luze bat medio, erregaia merkeago dago. Niri ere sekulako poza ematen dit autoari gasolina jartzen ari naizenean litroak markatzen dituen zifra prezioarena baino altuagoa izatea; baina termino orokorretan kalteak ere badaudela ere iruditzen zait. Batetik, aldaketa klimatikoari eta munduaren osasunari dagokionez; bestetik, prezio jaitsiera honek lotura izango duela gatazka askorekin (Nigeria, Irak, Iran edota Siria ekoizleak dira).

saudi arabiaSaudi Arabia oso gogor sartu da Yemeneko gerran. Bonbardaketa ikaragarriak egin dituzte herritar zibilen aurka. Ziurrenik, ez litzateke gerrarik egongo monarkia alahuitak orain arte jokatu duen bezala jokatu ez balu. Inguruko herrialde guztietan sartzen du muturra, eta beti herri xehearen, herri xiitaren kaltetan; horregatik, bereziki bueltan erantzuten duena komunitate xiita izan ohi da. Yemenen armak hartu eta matxinatu dira; Bahreinen, gehiengoa izan arren, baztertuak dira, eta borroka sozial handia eramaten ari dira aurrera.

Oroitzen zarete Israelek Libano inbaditu zuenean? “Talde terrorista” baten aurkako eraso bezala definitu zuen estatu sionistak, baina euren hegazkinen bonben helburua azpiegitura estrategikoak, fabrikak eta herrialde zibila izan ziren. Beraz, Libanoren aurkako gerra bat. Baina, kuriosoa izan arren, Libanoko armadak ez zuen bere herrialdea babestu inbasio baten aurrean. Hezbolla izan zen bakarra. Talde armatu xiita eta anti-inperialista. Bachar al-Assad ere xiita da, Irak eta Iraneko gehiengoa bezala.

Saudi Arabian ezin da poesiarik egin

Inperialismoaren interesek talka egiten dute mugimendu xiitarekin, hori aski objektiboa iruditzen zait; beste gauza bat horren zergatia arrazoitzea da. Saudi Arabiak diru asko jarri du (eta jartzen jarraituko du) Siriako egoera egonkorra izan ez dadin, eta gerran itota jarrai dezan. Hipokrisiaren alarde itzela da Pariseko atentatuen inguruan negarrez aritu eta ondoren Saudi Arabiarekin beti bezala funtzionatzen jarraitzea.

Beharbada oso zelatatua sentitzen delako hil ditu estatu saudiak 47 lagun, duela egun gutxi. Gehienak, diotenez, talde armatu sunnitetakoak; baina beste lau, gutxienez, xiitak, eta ekintza armaturik egin ez zuen lider izpiritual tartean bat bai behintzat. Iranek berehala ohartarazi zuen larrutik ordainduko zutela eragindako mina.

Ashraf Fayadh 35 urteko idazle eta artista palestinarra da, eta Saudi Arabian bizi da. Bertako epaitegi batek heriotza-zigorra ezarri zion 2015eko azaroaren 17an, apostasia krimena leporatuta. Bai atxilotu zutenean eta bai epaiketan bertan, abokatua ukatu zitzaion. Ateismoa sustatzea egozten diote, bere olerkiak direla eta. Urtarrilaren 14an nazioartetik babesa eskainiko zaio; Euskal PEN Klubak ere, Donostiako Garoa liburu dendan.

Saudi Arabian ezin da poesiarik egin