Gazako zebrak eta geu
Menia izendatu berri den honetan, kontu bat ekarri nahi nuke gogora: Israelen egindako bonbardaketetako batean, Gazako zoologikoa suntsituta geratu zen eta han aterpeturik ziren animalietako asko hilik, zauriturik edota noraezean, izuak eroturik. Huffingtonposteko irudiok aski dituzu han gertatukoez jabetu zaitezen.
Fribolitatea lirudike hainbeste pertsona hil dituen sarraskiaren erdian animaliez gogoratzeak, baina nago David Segarra kazetari espainiarrari entzun dizkiodan hitzetatik parabola bat edo zerbait atera dezakegula euskaldunok. Izan ere, Gazako umeak alaitze aldera, inguruko astoak bildu zituzten zooligokoko arduradunek eta marra beltzak margotu zizkieten, adatsak xuxen moztu eta ahal izan zuten moduan apaindu, haurren begiek zebrak ikusten jarrai zezaten. Eta trikimailuak funtzionatu egin omen zuen: zebren ispilamenduak, irria eragin zuen haien ezpainetan.
Gogora datorkit, lehengo batean Nerea Kamiok txiokatu zuena:
Donostiako kaleetan frantsesa gehiago entzuten da euskara baino #gertatzenarida #donostia
— Nerea Kamio (@kamio_nere) August 26, 2014
Eta Donostian hala gertatzen bada, hasi pentsatzen nola izanen diren euskal hiztunon kontuak gainerako euskal hiriburu eta herri nagusienetan.
Gu ez gaitu Israelek bonbardatu, baina hau dela eta bestea dela, zebrak gero eta desagertzenago gara Euskal Herriko kaleetan eta ez letorkiguke batere txarto ispilatze kontsolagarri bat.
Zientoka bider mintzatu gara hizkuntzaren egoeraz Zuzeun bertan.
Azken adibideetako bat, Itzainen sarrera hauxe da, Sakanako egoera aintzat hartuta.
Gauzak dauden daudenean, gustura hartuko genuke benetako errealitatearen itzulipurdikatuko lukeen miraria edo zernahi, baldin eta euskaldunon presentzia handitzeko bada. Baina badakigu gauzak ez doazela bide horretan.
Betor, beraz, ispilamendua, besterik ezean. Betor simulakroaren tenorea. Alabaina, ba ote da eta non horretarako balioko digun astorik?