Gaur hasiko da besta zuri-gorria

“Gutxiago falta da” esan ohi da Iruñean uztailaren 14an, urtarrilaren 1ean, otsailaren 2an, … baina orain ez da deus geratzen. Ordu gutti barru jaurtiko du txupinazoa Jesus Mari Ganuza Erraldoien Konpartsako presidenteak. Izan ere, 150 urte bete dituzte Iruñeko erraldoi eta buruhandiek, eta behingoagatik iruindar oro ados da Bartzinak harturiko erabakiarekin. Udaletxean ere, alderdi guziek bat egin dute EAE-ANVk lehendabizi eta Yolanda Barcinak hondarrekoz proposaturikoarekin.

Bestarako tenorea da beraz Iruñean, jadanik herritarrek jantzi dituzte galtza eta hator zuriak eta prest dute zapi gorria, eguerdiko 12ak jotzen dutelarik lepoan lotu eta 204 orduz jantzirik eramateko. Udaletxeak 500 ekitalditik goiti prestatu ditu eta herri mugimenduak ere eskaintza zabala du herritarrendako. 

Mjc3OQ==

Peñen aldarria

Aurtengo bestak bereziak izanen dira, izan ere, lehendabizikoz peña guziek oihal beltzak eramanen baitituzte. “San Fermin herrikoiak aurrera”, “adierazpen askatasuna”, “San Fermin parte-hartzaileen alde” eta “peñen aurkako erasorik ez” lemak eta peñaren izena baizik ez dira ageriko haien pankartetan. Iruñeko Udalak jai herrikoien aurka duen jarrera salatu nahi dute honela eta peñen aurkako jazarpena gaitzetsi. Honetaz gain, uztailaren 11an ez dira zezen plazara joanen eta eguzki tendidua hutsik geratuko da beraz.

Parte-hartzea eta parekidetasuna

Gora Iruñea! kolektiboak ere jasan ditu erasoak. Aurten ere ez dute baimenik izanen haien egitaraua garatu ahal izateko. Dena-den, bertako bozeramaile Dani Saralegik esan du aitzina jarraituko dutela eta baimena behar duten ekintzak lekualdatu edo moldatuko direla. Karrika hartzeko deia egin zuen atzoko kontzentrazioan. Jai herrikoi, parte-hartzaile, parekide eta euskaldunak aldarrikatzeaz gain, Udalari eskatu zioten heldu den urteko Sanferminetan jai batzorde batek egitarauaren prestakuntzan lagun dezala.

Parekideak ere badira Gora Iruñeak aldarrikatzen dituen bestak eta aurten urrats bat emanen da berdintasunera bidean. Gaur bertan, 13:30ean folklore emanaldia eskainiko dute Iruñerriko dantza talde guziek eta hasteko agintariena dantzatuko dute. Aurten Oberena dantza taldeari dagokio ikurrina erdira ateratzea eta emakume bat hautatu dute lan horretarako. Lehendabizikoz neska izanen da ikurrina astinduko duen dantzaria. Bestalde, Iruñerriko mugimendu feministak telefono zenbakia paratu du eraso sexistak salatu ahal izateko. Edozein delarik ere erasoa (bortxaketak, ukipenak, irainak, jarraipenak, …) 699 687 687 deitzeko parada izanen da 24 orduz.

 

Gaurko Udaletxeak prestaturiko egitaraua ikusi.

Irudia | Txupinazoa Udaletxe plazan | viajar24h.com | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA