Xabier Lapitz: “Eraikitzen hainbeste kosta den zerbait, hain denbora gutxian pikutara joaten ikustea, penagarria da”

Xabier Lapitz –

Xabier Lapitz: "Eraikitzen hainbeste kosta den zerbait, hain denbora gutxian pikutara joaten ikustea, penagarria da"

Gogorra izango zen betidanik lan egin duzun hedabidea uztea.

Bukaeratik hasiko naiz, atzean uzteko gogo gehien dudan kontua baita. Ekainaren 26an Radio Euskadi agurtu nuenetik urtea bete zen. Sentimendu kontrajarriak nituen. Alde batetik ikaragarri lasaitu nintzen, zuzendaritza berriak ez baitzuen nahi nik jarraitzea eta nik neuk ez bainuen nahi haiekin lan egin. Baina, aldi berean, penaz joan nintzen irrati publikoak lider izatea lortu zuen ziklo bat ixten baitzen. Banekien horrek ezin zuela horrela iraun eta, tamalez, gaur ikusten ditugu zuzendaritza berriak eman dietuen emaitzak. Eraikitzen hainbeste kosta den zerbait, hain denbora gutxian pikutara joaten ikustea penagarria da.

Zermoduz doakizu ‘aldaketa’?

Zehazki nirea, bikain. Herrian eman dena ordea, engainu bat zen duela urtebete eta engainu izaten jarraitzen du orain. Ia esan dezaket profesionalki loteria tokatu zaidala. Lana egiteagatik eta ezerezetik proiektu bat aurrera ateratzeagatik berriz  ilusioa izatea eta, krisi garaian, baliabide gutxirekin irratiagatik apustu egiten duen komunikabide-talde baten laguntza osoa izatea luxu bat da.

Onda Vasca hazten ari den proiektu bat da, jada 61.000 dira entzuleak, kulparik izango duzu zuk, ez?

Erruaren zati bat nirea izango da, baina benetan, proiektu honetan parte hartzera etorri ginen dozena bat langilerena, Onda Vascan aurretik zeuden gainontzeko 5 langileena eta errefortzuena da kulpa osoa. Lana gogor egin dugu eta merezi izan du. Denok batera arraun egiteko prest geundela ikusi eta konfidantzaz bete nintzen, ez zegoen enpresa zaharren bizioen zantzurik, ez eta kazetari funtzionaritzaren komodidaderik. Ilusioa, txikitasunean garrantzitsu izan nahi duenarena.

Azkar jaio zineten.

 Irratia egiten bagenekien eta enpresa batek eman zizkigun lana nahi bezala egiteko askatasuna zein baliabideak. Programazio oso xume baina koherentearekin hasi ginen eta hazkundea bakarrik etorri da. Orain, Herri Irratia integratuta, beste erronka bat dugu, entzule gehiago etorri dira gure uhinetara eta profesional gehiago etorriko dira, denoi aberastuko diguten ikuspuntu oso ezberdinekin. Hau geldiezina da, lidergoa hartuko duen Euskal irrati pribatu eta laikoa izango garela uste dut. Bilbainada bat esaten uzten badidazue, Cadena Ser bezala baina Euskal Herrikoa, euskal nazio ikuspegia duena.

Mundialerako korrespontsal bezala joan zara Hegoafrikara, zein ederra den lana egitea!

Ezagutzen nauen orok badaki geldiezina naizela eta ezin dudala estudio baten barruan itxita egon. Irratia maite dudan arren, beste gauza asko egitea ere gustatzen zait; azken batean, komunikabide talde multimedia batean egoteak horrelako abantailak ditu.
Mundu guztiak futbolaz hitzegin behar zuen herrialde bat barrutik ezagutu nahi nuen, bere errealitatea. Ni ez naiz batere futbol zalea, baina masa fenomenoak interesatzen zaizkit; batzutan hobe da gauzak kanpoko ikuspegi batetik ikustea. Aparheidaren zauriak oraindik arrastaka daramatzan herri bat aurkitu dut, aurretik erronka potoloak dituena eta oraindik ez duena aireratzea lortu. Kontinentearen motore ekonomiko eta demokratizatzailea izango den afrikar potentzia da zalantzarik gabe, oraindik ordea, bide luzea dute aurretik.

Euskaditik begiratuta, bereziki interesatzen zitzaidan nola itxi zuten gatazka elkarrizketen bitartez. Nola saiatzen diren zauriak sendatzen eta nolakoa den jendartean geratzen den injustiziaren aztarna. Han urte oso bat lanean igarota ere, iruditzen zait, ez nuela lortuko Apartheidaren amaiera ulertuko.

Espainiako Selekzioak mundiala irabaziko du?

Zintzoa izango naiz: Ez dut Espainiak irabazterik nahi, baina talde oso ona da. Ez dut Espainiak irabazterik nahi, ezin ditudalako gure selekzioaz gozatzen uzten ez diguten patriotismo gartsuak jasan.

Xabier Lapitz

“Negozioa ezagutzen ez dutenak agintzen jarraitzen badute, EiTBko profesionalen aholkuei kasurik egin gabe eta esperientzia profesional urriarekin, etorkizuna beltza ikusten dut”

Xabier Lapitz

“Batek jakin zeinen eskutan utzi nahi duten Eitb”

Xabier Lapitz

Basagoitik peronea apurtu du La Rojak, mundialaren ostean, Euskal Herrian joka dezan eskatzen.

Azkar senda dadin opa diot. Basagoiti tipo jatorra da eta inoiz ez du erreparorik izan deitzen dioten lekua edozein izanda ere, elkarrizketa onartzeko. Bere pentsaera politikotik oso urrun nago, baina jatorra da. Lopezek ere esan du Espainiar Selekzioa Euskal Herrira etortzea nahi duela (La Roja Chileko selekzioa da). Grazia egiten dit, nola ikusten dugun Montilla estatuta eta selekzio nazional propioak bultzatzen eta aldiz Lopez ‘rojigualdarekin’. Ah! Eta gainera Lopezek bere lagunei bakarrik onartzen dizkie elkarrizketak.

Orain Javier Vizcaino ere elkartu zaizu. Ederra taldea!

Elkartu zaigu. Fitxaje bikaina iruditzen zait. Javik sekulako abildadea du irratian, jende andana lotzen du uhinetara. Hala ere niretzat bere bertuterik onena, duen sormena da; seguruenik, tenporada bakoitzean formatu berri bat probatzen duen irratigintzako kazetari bakarra da. Ziur, asko ikasiko dudala berarekin.

Eitb husten ari da, desinflatzen. Zer etorkizun ikusten diozu erakunde publiko honi?

Negozioa ezagutzen ez dutenak agintzen jarraitzen badute, EiTBko profesionalen aholkuei kasurik egin gabe eta esperientzia profesional urriarekin, etorkizuna beltza ikusten dut. Horri gehituz gero arazoen aurrean ezikusiarena egiten ari direla, errua hirugarren pertsonei leporatuz; hala nola, joan ginenoi, euskal abertzaletasunari edo audientziak neurtzen dituzten enpresei… Norbere akatsak onartzen ez dituenak, ia ezinezkoa du arazoen soluzioa bilatzea. PSE eta PPk nahi zutena hori ote zen da geratzen zaidan zalantza bakarra; azken batean, Espainian oso pozik daude, gaizki egiteagatik ere premioak ematen dizkiete! Katxondeoa da.

Posible ikusten duzu EiTBren pribatizazioa? Badago jendea halakorik dioena.

Ba ez dakit. Zuzendaritza honekin jada ez nau ezerk harrituko. Batek jakin zeinen eskutan utzi nahi duten Eitb. Argi egon dadila izugarrizko pena sentitzen dudala, uste baitut publikoa den horrelako erakunde batek indarra behar duela izan eta gehiago gurea bezalako autogobernu tresna izanik.

Sare sozialak dominatzen dituzu, zelan doakizu teknologia berrien kontua?

Facebook aurkikuntza bat izan da niretzat eta lan tresna gisa darabilt. Geroz eta entzule gehiagok parte hartzen du gure irratsaioan sare sozialen bitartez. Gainera orain DEIAn bloga estreinatu dut! Gauza hauek duten gauza txar bakarra anonimotasuna da, jende askok burla mingarriak egiteko darabilena.

Zuzeu.com ezagutzen al zenuen?

Noski. Estreinatu zenuten egunean Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketa bat egin genuen berriaren harira. Nik ere zuen proiektua ilusi handiz jarraitzen dut, pozten naiz sendotzen ari dela ikusteaz, lagun handiak ditut eta bertan!

Xabier Lapitz  Xabier Lapitz  Xabier Lapitz

Ekaitza bainuontzi batean

7 pentsamendu “Xabier Lapitz: “Eraikitzen hainbeste kosta den zerbait, hain denbora gutxian pikutara joaten ikustea, penagarria da””-ri buruz

  • Aupa Xabier! Asko gustatzen zait nola egiten duzun lana!

  • Lan ona Oier! Mila esker hain elkarrizketa profesionala eskaintzeagatik.

    Jsb

  • Eskerrik asko hiri jsb irakurtzeagatik eta Zuzeu jarraitzeagatik. Irakasleek erruaren parte bat izango duzue ez?

  • “Eraikitzen hainbeste kosta den zerbait, hain denbora gutxian pikutara joaten ikustea penagarria da”

    Herri Irratia pikutara bidali dutenengatik ere balio du esaldi horrek, ezta?

  • Onda Vascagatik badiozu hori, Joxe, Herri Irratia aspalditxotik zegoen pikutan. Bestela ez zuten salduko.

  • Orain falta dena da Lapitz idealizatzea… Boulevard-ean ia egunero, urtetan, entzun nuen, eta nire ikuspegitik, informatiboetan agerian uzten zuen bere ideologia. Tertuliano gehienak ere, bere harikoak hautatzen zituen; alegia, EAJ-PSEren arteko transbertsalitatea amesten zutenak (Gorka Landaburu, Arantxa Urretabizkaia eta enparauak), Josu Jon Imaz belarriekin ere txalotzen zutenak.
    Lapitz adierazpen askatasunaren ikurtzat eta zentsuraren biktimatzat hartzea? Lehen EITB agintzen zutenentzat gogoko zen bezala, orain zer gertatu da, PP-PSEren paktu berrian Lapitz soberan zegoela. Kazetari otzanagoa behar zuten Radio Euskadiko informatiborik entzunenean, eta bera bidali eta Dani Alvarez topatu zuten (egoki ari da betetzen “normalizazio” lana). Besterik ez.
    Bestalde, Oier Aranzabalen elkarrizketa mamitsuan, “euskal nazio ikuspegia” duen Onda Vasca aipatzen du Lapitzek. Grazia ematen du deklarazio solemne horrek, nondik eta asteko programazio osoa gaztelera duen irratitik etorrita(euskara bi ordutara mugatzen da, euskal literatura eta herri kirolei dagokiena, eta hori Herri Irratiko jendeari esker, Milel Markez, Imanol Ubeda edo Gorritiberea bezalako euskal esaleak kalean utzi eta gero). Nondik etorriko, eta, jakinda bere goizeko magazinaren eta kirol saioen Gipuzkoako arduradunek (Iñaki Mujika eta Juanjo Lusa), urtetan eta egunero, Herri Irratian erakutsi digutela euskal kultura, euskal musika, euskara, herri kirolak… bazterreko kontuak direla.
    En fin…

  • Guztiz ados Xabierrekin.

    a) Badugu zein laudatua Lapitzen aurretik, bai horixe!

    2) Herri Irratia, urte luzeetako bere dekadentzia goxoan ere, etxekoa izan dut. Onda Vasca guztiz arrotza zait hasiera-hasieratik.