Gatazka gainditzeko prozesuan “euskararen gutxienekoak” kontuan hartu beharra aldarrikatu du Kontseiluak

Baiona-marra-gorriak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kezka handiz bizi du egungo egoera, gatazka gainditzeko prozesu politikoan ez zaiolako euskararen normalizazioari dagokion garrantzia ematen eta ondorioz “Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena” aurkeztu die Euskal Herriko eragile politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalei. Hori da maiatzaren 30ean, Baionako Euskal Museoan  egin den ekitaldi berezian Kontseiluak aurkeztu  nahi izan duena.

Euskararen normalizazioa bidaia bat dela adieraziz eman zaio hasiera ekitaldiari eta jarraian, bidaia horrek dituen oztopoen adibide bat ekarri dute oholtza gainera. Alaba sortu berriari  euskarazko grafia duen izena ez duela onartu Baionako Herriko Etxeak kontatu digu lehen lekukoak. Izan ere ñ hizkia ez dela frantses hizkia eta legez, frantses alfabetoko hizkiak soilik erabili daitezkeela argudiatuz, Añeta deitu beharrean Aneta deitu izan behar dute alaba.

Ondoren, Jokin irungaray ipuin kontalariak, euskalgintza nor den aurkezteko Harri zopa ipuinaren metafora baliatu du. Izan ere, ipuinak kontatzen du nola hasierako ezetzari aurre eginez (administrazioaren ezetzari aurre eginez) batzuek eta besteek egiten duten ekarpenari esker (euskalgintzako eragileen ekarpenari esker), guztien artean, zopa goxoa sukaldatzen duten (euskararen berreskuparenean aurrerapausoak).

Ondotik,  Kontseiluko zuzendaritza kidea den X, hizkuntza bat normalizatzea gizarte osoari dagokion lana dela azaldu du: “euskararen normalizazioaren eremuan, eragile guztiok agertu behar dugu konpromisoa, guztiok eman behar ditugu urratsak, izan ere, inplikazio errealik gabe ezer ez baita lortuko”. Euskalgintzak azken 40 urte hauetan egindako lana eta abian jarritako egitasmoak goraipatu ondoren, Euskalgintzak orain arte bezala euskararen normalizazio prozesuan dagokion lana egiten jarraituko duela ziurtatu du eta bertaratutako eragileei pareko ahalegina egiteko eskatu die.

Ondoren Kontseiluko idazkari nagusiak, Paul Bilbaok hartu du hitza eta herritarren euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, gatazka politikoa gainditzea helburu duen edozein prozesuk euskararen normalizaziorako ezinbestekoak diren gutxienekoak kontuan izan behar dituela aldarrikatu du. “Pilota partidetan lehen sakean motz gelditzeak partida baliogabetzen duen bezala, gatazka gainditzeko prozesuak balekoa izan nahi badu euskararen normalizaziorako gutxienekoak ere kontuan izan behar ditu” adierazi du Bilbaok. Jarraian “Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena”ren oinarrizko puntuak aurkeztu ditu:

1. Kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea

Hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe. Gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko oztopoak daude. Euskararen hizkuntza-komunitatetik kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenak baliogabetu egingo lukete. Ikusi besterik ez dago hizkuntzaren normalizazioari begirako erabaki ausartek zer-nolako debekuak izan dituzten.

2. Estatus egokia

Gure herriaren normalizaziora iristeko bake-bidean aterabide demokratikoaren zutabeak zehazterakoan gure hizkuntzak estatus juridikoa beharko du izan.

Berezkoa: Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa. Lurralde bateko berezko hizkuntza edo hizkuntza propioa izendapenekin, lurralde horretan historian zehar ezarritako komunitatearen mintzairari egiten zaio erreferentzia. Berezko hizkuntzaren kontzeptua hizkuntzaren beraren genesiaren eta garapenaren zutabeetan oinarritzen da, bai sozialean eta antropologikoan, hizkuntza- eta kultura-komunitatearen kontzientzia duen komunitatea, bai lurraldekakoan, komunitate horren lurraldea, bai eta historikoan ere, hizkuntza horrek historian zehar izandako garapena.

Ofiziala: Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntza ofizialtzat erabilia izan dadin bere lurraldearen barruan. Hartara, gure hizkuntzaren berreskurapena ahalbidetuko duen estatus juridiko bakarra ofizialtasuna da. Ofizialtasuna ez da hizkuntzaren berezko ezaugarria, hizkuntza bati esleitzen zaion estatusa baizik. Euskarak ofiziala behar du izan bere lurralde osoan, eta lau dimentsio hartuko dira kontuan: politikoa, lurraldetasuna, dimentsio kolektiboa eta objektiboa. Horrela, euskarari ofizialtasun statusa esleitzeak ondorio juridikoak eragiteaz gain, babes eta berme juridikoak ematen dizkio euskaraz bizi nahi duen herritarrari.

Lehentasunezkoa: Egoera gutxiagotuan dagoen hizkuntza batek izan beharreko nahitaezko ezaugarria da. Historian zehar izandako desorekak zuzentzeko eta euskaraz bizitzea errealitate bihurtzeko euskarak erabilera normalizatua eta lehentasunezkoa izan behar du. Lehentasunezko hizkuntza izendatzeak euskararen aldeko politikak ahalbidetzeko gaitasuna eskaintzen du: lurralde guztietako instituzioetan, zerbitzu publikoetan, hedabideetan, irakaskuntzan, etab.

Ezagutu beharrekoa: Ezagutza unibertsalizatzea nahitaezkoa da hizkuntzaren berreskurapen-prozesua bermatzeko. Euskara ezagutu beharrak bermatuko ditu herritarren arteko bizikidetza eta euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarren nahia. Horrela, ezagutza unibertsalizatzeak ondorio positiboak eragingo ditu, besteak beste, euskaraz bizitzeko, hizkuntza hautua bermatzeko, administrazio publikoen eginkizunak betetzeko, euskara gutxiagotzen duten hizkuntza-jarrerekin amaitzeko, etab.

Bukatzeko, emazte  bat igo da oholtza gainera eta bertaratu direnei etorkizunean berari, bere haurrei eta euskaraz bizi nahi duten herritar orori beren hizkuntza-eskubideak bermatzeko ahalegin guztiak egiteko eskatu die Euskal Herriko eragile politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalei. “Nik nire hautaua egin dut, eta zuek?” galdetu die aipatu eragileei.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.