Gasteiz Hiriburu Berdea gaztelaniaz besterik ez da saltzen
2012an Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izango da, eta, horren harira, Udalak eslogan berria aurkeztu du: “Vitoria Gasteiz donde el verde es capital”. Atzo eman zuten horren berri egunkari arabarrek. Euskarazko eslogana, ordea, ezezaguna da, baita nazioartean zabaltzeko egokiena litzatekeen ingelesezkoa ere.
“Vitoria Gasteiz donde el verde es capital”. Horixe datorren urterako Gasteizko Hiriburu Berdeak izango duen eslogana. Oraindik ez dakigu euskaraz esloganik izango dugun, momentuz ez baitute aurkeztu. Badakizue, lehen mailako hizkuntza lehenbizi, eta, gero, agian aurkeztuko dute euskarazkoa.
Iragarpen ezkorrak egiteko asmorik ez, baina apustu euskarazkoa eskasagoa dela. Izan ere, “capital” hitzak gaztelaniz duen hitz jokoa ezingo dute erabili. Euskaraz gauza bat baita “kapitala” eta bestea “hiriburua”. Baliteke beste zer edo zer asmatzea, denok harrituko gaituen esaldi biribilen bat. Edo, baliteke ere “Vitoria Gasteiz, non berdea kapitala den” idaztea. Zentzu bakarreko esaldia, edo erderakada onartuz hitz jokoa lukeena.
Gaztelaniaz pentsatu, landu, sortu eta aurkeztu. Eta, gero, gerokoak.
Oraintxe egongo dira (12:00etan hasita) Euskara Biziberriteko kanpaina aurkezten, Udaletxean. Baina ez da ezer gertatzen: euskarak bere bidea egiten du, aparte, eta gainerako kontu guztiak, hiriburu berdearen ingurukoak adibidez, erdaraz, normaltasunez. Gauzak nahastu gabe, aizu.
Hala da. Badirudi euskarak soilik balio duela euskarari buruz hitz egiteko. Euskarari erantsi behar zaizkiola ekitaldi eta programazioak, ez, ordea, alderantziz. Gauza “normaletan/serioetan” euskarak ez du zertan egon, soilik euskara sustatzeko kontuetan.
Begira, adibidez, Gasteizko udal green-eko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak udazkenerako prestatu duen agenda (http://www.vitoria-gasteiz.org/wb021/http/contenidosEstaticos/adjuntos/es/41094.pdf). Erakusketak kenduta, lau tailer/ikastaro (hiru gazteleraz-euskeraz, bat gazteleraz), zazpi hitzaldi (bat gaztelera-euskaraz, sei gazteleraz), lau familiarentzako jarduera (lauak gaztelera-euskaraz) eta lau natur ibilbide (lauak gaztelera-euskaraz).
Ze iruditzen? Nire ustez, tranpa handia dago “gazteleraz-euskaraz” horretan. Oker egon ninteke, baina esperientziak esaten dit elebitasun horrek esan nahi duela ezen, kasualitatez, parte hartzaileetako batek euskaraz zer edo zer esan edo galdetzeko ausardia badu, eskubide osoa duela hala egiteko zeren hizlari, monitore edo dena delakoak ulertu ulertu egiten baitu. Hau da, askotan ikusi izan duguna hitzaldi eta horrelakoetan: hizlaria publikoari galdezka, “nola egingo dugu saioa, euskaraz ala gaztelaniaz?”. Eta badakizue erantzuna zein den, “para que todos nos entendamos”.
Vitoria-Gasteiz! Berdea buru den hiria (?)