Garratzetik, hutsaren hurrengora

Garratzetik, hutsaren hurrengora

Garratzetik, hutsaren hurrengora

Gure herrian ere, urte gogorrak izan dira azken hamarkadakoak, ez ekonomiari begiratuta, baina bai elkarbizitzari eta jardun politikoari dagokionez, batik bat.

Ezker Abertzalea duela bi legegintzaldi “legez kanpo” jarri zuen Estatuak, baina aurreko legegintzaldian udalean  jardun ahal izan zuen“legeztaturik”, herri gehienetan EZ bezala, eta alkatetza berreskuratu du azken udal hauteskundeetan.

Urteotan guztiotan bere jardunaren ezaugarri nagusietako bat beste taldeekiko garraztasuna izan da, eta bereziki alkatetzan zeudenekiko deskalifikazio sistematikoa eta neurriz kanpoko presioa, talde horietako zenbait kideren izenak hedabideetan, edota hormetan ere seinalatzeraino, tartean irainak, mehatxuak eta beste.
Neurri eta molde horretako kritikak egiten dituenak boterea eskuratzen duenean, guztia horren gaizki egiten zutenak baino askoz jardun egokiagoa erakustea itxarotekoa zen, eta euren lanaren emaitzak arrazoizko epe batean agerikoak izatea, alabaina, beste arlo askotan bezalatsu, euskararen arloan ere ez da hori gertatu.

Horra adibide batzuk:

Gure herrian, egun, azken urteetan bezala, udal liburutegia espainieraren ozeanoa da. Bertan, ustezko berdintasun ustel baten izenean, euskarazko materialak (gogo handiegirik gabe aukeratuak sarri) ere aurki daitezke, majo saiatuz gero, erdarazkoen artean sakabanatuta.

Egun, azken urteetan bezala, kultur-programazioaren %80 inguru espainiera hutsez eskaintzen da, eta euskarazko produktuak sarriago dastatu nahi dituenak hobe izan ohi du Euskadi aldera bidaiatu, edo Iruñerrian han-hemenka eskaintzen diren euskarazko emanaldien peskisan aritu.

Polikiroldegian etengabe entzuten den musikanere oso tarte txikia eskaintzen zaio euskarari eta herriko frontoia bera ere espainiera hutsez mintzo da, “construido en 1954”, eta “falta”, eta “pasa”… edo paso?

Hizkuntza paisaia berreskuratzeko aspaldi egindako ahalegin fin bezain lotsatia bere hartan geratu da, bertoko euskal izenak apurka-apurka galduz eta ordezkatuz doazelarik, eta “irekia” / “itxita” oharrez at, oso komertzio edo taberna gutxitan ikusi ahal izango duzu euskarazko testurik.

Taberna gehienetatatik, portzierto, badirudi euskara desterratua izan zela, 90eko hamarkadaz geroztik.

Udalarekin euskarazko harreman idatziak izatea ez da batere kontu erraza…

Gure herrian, Nafarroako azken eremu euskaldunetako batean, euskarak apaingarri sasi-ofizial gisa dirau bizirik, ia artifizialki, ikastolaren eta D ereduko ikastetxearen edota euskaltegiaren eta bertoko hedabideen ahaleginak antzu bilakatuz.
Ekitaldi zehatzetan, liturgia jakinetan eta jaietako zenbait ekitalditan presente, apenas lagundutako arnasketa estu-estuan, behin betiko desagertzeko mehatxupean.

Beste guztiak, salbuespenik gabe, horren zurrun eta zital epaitu dituztenek, oso bestelako gaitasuna, gogoa eta koherentzia erakutsiko zituztela uste genuen, bada.

Garratzetik, hutsaren hurrengora

16 pentsamendu “Garratzetik, hutsaren hurrengora”-ri buruz

  • Zure herriko egoera zuzenean ezagutzen ez badut ere, iraganeko jarreren aipamen itxuraz subjektiboegiaz gain, ados nago zure testuaren funtsarekin. Oposizioan gogor (beharrezkoa da batzuetan gogor aritzea) jardun ostean egingarriak diren (eta askok buruan ditugun) aldaketak gauzatzeko eskatu behar zaio ezker abertzaleari. Bestelako kontua da oposizioaren jarrera eta arazo ekonomikoak medio zailtasun ia gaindiezina lituzketen proiektuak aurrera eramatea.

    • Aupa Lander.
      Gauza bat da “gogor”, eta beste bat garratz eta zakar. Kritika da gauza bat eta lintxamendu publikoak, irainak eta mehatxuak, oso bestelakoak.
      Jokabide horiek erakutsi ditu ezker abertzaleak herri askotan. Gurean izandakoez frogarik behar baduk, eskatu lasai, batzuk gorde dizkiagu eta. Baina gainera, horrela urte luzez jardun eta gero, eurek agintea berreskuratu dutenean, euskararen alorrean eta beste batzuetan mixeriak lehengoan dirau, itxurak biderkatu diren arren. Eta udala liburutegia, polikiroldegia, frontoia, eta herria bera oso eskura daude.

      • Baina zein da orduan akusazioaren ardatza eta zein agrabantea: egin zutena edo orain egiten ari ez direna? Zure azken hitzengatik badirudi iraganeko jarrera salatzen (zilegi den aukera, noski) ari zarela eta egun aldaketarik ezarri ez izanak indartzen duela salaketa hori. Hala bada, nire adostasuna bestelako mezu batekin lotu nahi nuen: denbora luzez antzeko jarduna kritikatu ostean, gauzagarriak diren (batik bat hizkuntza alorreko) neurriak hartzen ez dituteznei ipurdia mugiarazi behar zaiela alegia.

        • Hirurak alegia. Duela oso gutxira arte erakutsitako jokabide zurruna, hain zorrotz eta zakar kritikatzen zutenari ez diotela ekin, eta badela garaia ipurdiak mugitzen hasteko. Besteak beste Nafarroan euskara egoera oso-oso larrian dagoelako.

  • Gonzalo Etxague

    Landerrekin ados. Emaitzen kritika zilegia eta beharrezkoa da, batez ere lehen kritikatutakoa errepikatzen bada. Halere, Itzain, Ezker Abertzalearen aurreko jarrerari egindako kiritikak kontuak hartzeko datuak falta zaizkit. Nori, non eta zergatik egiten zizkion kritikak Ezker Abertzaleak, alegia. Protagonisteetako bat aipatuta (IA), testuinguru osoa argitu behar da bidezkoak izango bagara. Bestela, kritika orokortu egiten da, unibertsalizatu. Baina ez dut uste zure herrian bizi izandakoak Lizartza edo Ondarru batekin zerikusia dutenik, adibidez.

  • itzainek dioenarekin ados oro har.
    Hala ere txikikeria bat: frontoietako “falta” eta “pasa” nik ez nituzke aldatuko. Pilotako euskal hitz normalak dira, Euzkitze berak erabiltzen dituenak (ba ote da “label” hoberik? kar kar kar).

  • Fale, Gonzalo, nori berea. Altsasuri buruz ari nintzen. Oso eskura daukazue bisitatu nahi izanez gero, Euskal Herriaren erdi-erdian ia.
    Pankarta asko, pintadak nonahi, itxuraz oso baskoa, baina hizkuntza berreskuratu ezinda (edo nahi ere ez?). Ez Nafarroa Baik, ez Ezker Abertzaleak ere, ez dute erakutsi herrian eta eskualdean euskara berreskuratzeko gaitasunik (borondaterik?) daukatenik.
    Eta asbesto, mesedez… Bizkaiko herri askotan “bentanie” esaten zaio leihoari, baina ez genuke inon bentanie idatziko, ezta?

    • Ezetz ba, falta eta pasa ez direla bentanie bezala. Pilota-jokoko aspaldiko hitzak dira, jadanik XVIII mendean erabiliak euskaraz, eta baita Iparraldean ere.
      “Luze” eta “motz” bai ez direla inoiz erabili izan pelotan, ez lehen ez orain, frontoiak margotzen dituzten agintari garbizaleek baino ez.

      • Ezaba ditzagun bada frontoi guztietatik, tradizioaren izenean…
        Aizu, eta “construido en 1954”?

        • Esan al dut ezer “construido…” horren alde?

          Ados nagoela zurekin, eta nire oharra txikikeria zela ere esan dut. Baina bego oharra.

          Eta orain segi zuek debatea.

  • Amonamantangorri 2013-01-09 12:06

    Abertzale porrokatu nahiz “transbersalek” ez baldin badute ezer onik egiten kultura alorrean, jai daukagu.

    Itzainek aurkezten duen arazoa beste hau baino askoz interesgarriagoa eta larriagoa iruditzen zait, baina “zarratu bentana” euskal esamolde jatorra ez baldin bada, ea zer den beretzat euskal hitz bat. http://www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak/EU/Hiztegi-kontsulta

    • Amona, arrazoi osoa eta betea ematen dizuet bai zuri, bai asbestosi ere, hitz jator askoak dira bentana, zarratu, pasa, falta, baita aupa ere. Baina eztabaida ez zen hori. Eztabaidaren funtsa da ea euskararen inguruko antzerkiarekin jarraitu behar ote dugun (herri eta erakunde asko eta askotan), edota berreskuratzeari ekingo diogun serio antzean.

      • Aupa Itzain,

        Zure ikuspuntuarekin bat nator:

        1-Abertzaleek ere ez dute askotan behar bezala euskararen alde egiten.

        2-Burutzen ez diren helburu horien izenean giro arnas ezina jasan behar izan dute askok herri asko eta askotan.

        3-Beste gauza bat gehitu nahiko nuke; demagun Bilduk sekulako hobekuntza ekarri duela herrira euskara alorrean: horrek justifikatzen al du aurreko urtetako deskalifikazio sistematikoa?
        Eta jazarpen hau ez da gauza subjektibo bat (nahiz eta batzuek besteen sufrimenduaz jabetzeko duzuen anestesiak subjektiboa eta objektiboa zer den etengabeko eztabaida egin dezakeen) , herriz herri daude jazarpen honen froga objektiboak (argazkiak, gutunak, …), oso gertukoak denboran gainera.

        • Aupa Mikel,
          espero dut “besteen sufrimenduaz jabetzeko anestesia” zabaldu hori agerikoa dutenen artean ez nauzula sartuko…
          Hori esanda, nire ustez urteotako guztiotako anabasak ez du lorpenik justifikatzen, ez euskararen alorrean, ez beste ezertan, inon aurrerapenik egin bada behintzat.
          Areago, uste osoa daukat, bai euskararen alorrean, bai beste alor batzuetan ere, aurrerapausuak ematea asko zailduko duela bizi izan dugun amesgaiztoak.

          • Ez ez Itzain, ezta gutxiagorik ere!

            Beste eztabaida batzuetan entzundakoak entzunda, egokia zela iruditu zait. Hain zuzen ere, zure testuaren ildoan sakondu nahian idatzi dut hori.

            Ondo segi eta segi euskaraz bizitzen!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude