Galdera galdarakadaka
EITBk Kristobal Kolon India-Ameriketara iritsi zenekoa erretransmititu izan balu, bertakoren bat agertuko ote zen erretransmisioan? Indiorik ikusiko ote genuen delako “deskubrimendu” hartan? Hara iristeaz aparte, Kolonek ezer “aurkitu” zuela ikusiko ote genuen harako ETBko erreportaian? Benetan?
Toxo-Mendeztarrak India hauetara iritsi direla eta, bertako indiorik ikusi al du inork ETBn maiatzaren lehenean emandako albistegietan? Indio euskaldunek baizik entzuten ez duten euskarazkoetan beharbada? Bai? Ziur?
Konkistatzaileez gain, ba ote zegoen Bilbo handietan bertakorik 2014ko maiatzaren lehenean? Ez ote zuen ETBk antzemango bertako produktuak direla adierazten duen “lab-ela”rik inguru haietan? Plopezak eta Usordoak ote ziren Bilbon zeuden guztiak?
Egia ote da gogokoago dituela eusko gobernuko Alderdiak “gizarte-elkarrizketa” interklasista aldarrikatzen duten sindikatu “sozialista-komunistak”, zinezko konponbide sozialaren alde borrokatzen duten “labela”dunak baino? Hain urruti joan ote zaizkio interesak eta planteamenduak “gure” Alderdiari?
Nork zioen EAJren eskuetan zegoela EITB? Ez al du ematen akaso, iruzur politikoa eginez, Jaurlaritzaz jabetu ziren harako unionista hispano haien eskuetan segitzen duela oraindik ere? Inork erreparatu die tertulietan, bai euskarazkoetan zein erdarazkoetan, agertzen diren pertsonaien nortasun ideologikoari eta proportzioari?
Egia ote da orain boterean dagoenean bururatu zaiola EAJri ideologia desberdineko tertuliano guztien presentzia bermatzea EITBen? Zeharo demokratak izan arren (eta ez zaitez izan…!), presentzia eta ahots-potentzia berdina eskaini behar ote zaie gehiengo abertzaleari eta minimalismo unionistei?
Haiek berek formateatutako hauteskunde “demokratikoetan” irizpide berdinak erabiltzen ote dira alderdi politikoen presentzia bermatzeko? Hauteskunde-garaian denbora berdina eskaintzen ote zaie telebista-irratietan, presentzia politiko erresiduala baino ez duenari eta gehiengo politiko formala izan duenari?
Ez al du Alderdiak ezer ikasiko Plopezen gobernuak egindakoetatik? Ez al daki oraindik komunikabideetan duela bere proiektu politikoaren arrakastaren zutabe garrantzitsuenetako bat?
Edo iruzurra al da akaso batzokietako leihoetan zintzilik duen pankartak saltzen digun proiektua?
(S.G.)
Azkenaldian konturatuta nago: EITBn eta Deian sekulako presentzia ematen diete CC.OO.koei, sindikatu abertzaleen kaltetan. Oso haserre daude, antza, EAJkoak sindikatu abertzaleekin.