Bost lau baino hobe

Sexty Sexersen rock indartsua solo amaigabeez janzten zuela ezagutu genuen askok; Izaki Gardenak taldearen pop rock doinuetan murgilduta bezain eroso sentitu dugu Sumision City Blues gasteiztarren punk jarrerarekin;  eta gitarra askatu gabe baina mikrofonoaren ardura bere gain hartuta, gozatu dugu bakarlari gisa ere. Nork pentsatuko zuen proiektu gehiagori heltzeko indarra eta denbora izango zuenik?

Baina zuzenekoak eta gitarra adikzio dira Joseba Baleztena beratarrarentzat, eta pasa den astean iragarri zutenez, Willis Drummond taldeko bosgarren kidea izango da, rock zaleon gozamenerako. Iragan asteazkenean Izar & Star zikloaren baitan Neil Young & Crazy Horse handiei batera eskaini zieten omenaldia izan ei da jada buruan zuten batasunerako aitzakia; eta hura izan zen boskotearen estreinako agerraldia ere, 10 eguneko aurkezpen biraren aurreko luxuzko aperitifa.

IGOR

Felix Buff eta Baleztenak osatutako Joseba B. Lenoir duoari egokitu zitzaion mukuru zegoen Kafe Antzokia berotzeko lana. Buffek bateriarekin indartu eta borobildu egiten ditu Joseba B. Lenoirren kantak, eta Napoka Iriako bikotearen laguntzarekin gaueko boskotearen aurretik osa zitekeen laukoterik bereziena osatu zuten.

Atsedenaldi laburraren ostean eskaini ziguten, aipatu laukotearen baimenarekin, gaueko plater nagusia. Entsegutan hamaika bider errepikatutako Neil Young eta Crazy Horse-n abestiak lehenengoz -eta behar bada, azkenekoz- eraman zituen oholtzara Willis Drummond berrituak, Neil Young zaleak zein bere diskografia gutxixeago ezagutzen dugunak asebetetzeko moduko kontzertuarekin. Hiru gitarren arteko jolasak, Joseba Baleztenaren solo jada ezagunekin, amaiezin iruditu arren laburregi egin zitzaizkigun abestiak osatu zituen, musikari kanadarraren espirituarekiko leialtasun osoz. Ainara LeGardonen agerpenak eta lagunarteko festa giroak borobildu zuten askok goizaldera arte luzatu zuten gaua. LeGardonek berak facebooken idatzi duen gisan: “Badira uneak, asteazkeneko kontzertuak bezala, gainontzeko guztiari garrantzia kentzen diotenak”.

Oraindik ez dakigu Willis Drummondeko bosgarren kideak taldearen ohiko abestiei zer ekarriko dien; baina ez-ohiko asteazken batez eta ez-ohiko kontzertuarekin, motxila bete barruko arropa hartu eta maiatzaren 15etik 24ra egingo duten hamar eguneko bira eroa aretoz areto jarraitzeko gogoa piztu ziguten. Aurrera dezakegu hanka sartzeko beldurrik gabe: bost lau baino hobe.

Kontzertuaz gozatzeko aukerarik izan ez zenutenontzat, hona amu laburra: Willis Drummond & Joseba B. Lenoir. Asteazkenetik aurrera, Willis Drummond soilik.

NIRE KONTRA ESANAK