FUNCOR: kooperatiben Elorrioko hazia – Jardunaldien balorazioa

Ekainaren 4ean, Elorrion, “FUNCOR: Kooperatiben Elorrioko hazia” jardunaldiak burutu ziren. Jardunaldietan, 126 lagun elkartu ginen giro ezin hobean. Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak antolatutako jardunaldiak izan ziren, eta Elorrioko Udala, Laumunarrieta 1937 Memoria Elkartea eta Gerediaga Elkartea laguntzaile aritu ziren.

FUNCOR - Jardunaldien balorazioa

FUNCOR kooperatiba proiektu poliedrikoa izan zen. Izatez, FUNCOR Elorrion kokatutako enpresa bat baino askoz gehiago izan zen. Izan ere, FUNCORek euskal gizarteko arlo ezberdinetan eragin zuen, hainbat ekimen aurrerakoi eta abertzale martxan jarriz. Zoritxarrez, bere itxiera traumatikoak zauri handiak eragin zituen Elorrioko gizartean. Hamarkadetan FUNCOR gai tabu bat izan da Elorrion, eta Euskal Herrian ere. Zorionez, azken urteotan, esperientzia ilusionagarri honetaz materiala kaleratzen hasi da, liburuak, artikuluak eta abar. Hori dela eta, erreflexio bat egiteko garai egokia zela pentsatu genuen jardunaldien antolatzaile eta laguntzaileok.

Jardunaldietan, sei hitzaldi egon ziren. FUNCORen uztarekin loturiko hitzaldiak izateaz gain, FUNCOReko sortzailea izan zenaz, Andoni Esparza Gallastegiz, ere aritu ginen. Hona hemen laburpentxo bat:

“Funcor. Zer gertatu zen?” – Andoni Basabe

Andoni Esparzaren ideiak, asmoak eta borrokak ezagutzeko aukera emango digu Jardunaldi honek. Funcor zer izan zen, zer eraiki nahi zuen, Elorrion hasi eta Euskal Herri osorako, eta nola galdu zen proiektua.

“Andoni Esparza y Funcor. La persona y su obra” – Julia Itoiz

Funcor enpresa-esperimentu paregabea izan zen. Ohiz kanpoko norbaiten irudimen eta grinaren fruitua.

“Funcor ikastetxea eta “Credito al honor” –  Iñigo Agirre

Funcor ikastetxea aitzindaria izan zen Elorrion, diktadura frankistaren garaian, euskarazko irakaskuntzaren sorreran. Eta ez derrigorrezko hezkuntza etapan bakarrik, baita oinarrizko lau batxilergoetan ere. Andoni Esparzak gizartearen sustapenerako zuen interesa areagotuz, “ohorezko kredituek” Unibertsitatera sarbidea ahalbidetu zuten, baliabide ekonomiko faltagatik ezin zutenei.

“Elorrioko Eskola Esperimentala. Proiektu pedagogiko esperimental bat” – Mikel Onandia

1960ko hamarkada erdialdean, diktadura frankista betean eta euskal kultur pizkundearen testuinguruan, aurrekari gabeko proiektu pedagogiko bat definitu zen Elorrion. Funcor kooperatibaren baitan, Jorge Oteizaren eta Andoni Esparzaren elkarlanaren ondorio, Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer artistek Célestin Freinet pedagogo frantsesaren lana abiapuntu hartuta Elorrioko Eskola Esperimentala jarri zuten martxan, ekimen labur bezain aurreratua.

“Funcor: Txirrindularien lantegia” – Rikardo Ajuria

1961 eta 1962 urteko denboraldietan jardun zuen Funcor txirrindulari talde profesionalak. 2001ean, taldearen ibilbideari buruzko liburua argitaratu zen eta Ricardo Ajuria izan zen egileetako bat. Urte biko ibilbide oparoari errepasoa egingo dio.

“Funcor eta Mondragon, bi eredu kooperatibo kontrajarriak” – Jabier Lertxundi

Mondragon Taldearen prestakuntza eta garapen estrategikoari buruzko ikerketa lan sakon baten emaitza den liburua argitaratuta dauka Jabierrek, Elorrioko Funcorren kontrajarria izan zena.

Plazer handi bat izan da Elorrioko proiektu ilusionagarri honen detaileak hobeto ezagutzea. FUNCOReko esperientziaren argi-ilunen inguruan erreflexio kolektiboa errespetutik burutzea zen jardunaldi hauen helburu nagusia, eta lortu genuela uste dugu. Hori bai, ordu gutxiko saio bakar batekin gauza guztietaz sakontasunez hitz egitea ezinezkoa da, eta horretaz jabetuta gaude. Badakigu ere iritzi batzuk ez zirela plazaratu jardunaldietan (parte hartzera gonbidatuta egon arren). Hori dela eta, hurrengo hilabeteetan saio gehiago egongo dira, eta jende guztia parte hartzera animatu nahi dugu. Gauzak zehazten doazen neurrian informazioa publikoa egiten joango gara.

Gure gertuko historiaren sekretuak ezagutu eta ondo gordetzeko betebeharra daukagu.