Munduaren birikak arnasa beharrean

Munduaren birikak arnasa beharrean –

Maite Iturre politologo eta nazioarteko harremanetan adituak BERRIAn.


Munduaren birikak kiskaltzen ari ziren sute erraldoien irudiak mundu osoan zabaldu ziren duela hiru urte, eta kazetari europar bat biktima izan denean heldu da berriz nazioartera Amazoniako txikizio etengabearen oihartzuna. Ekainaren 5ean Bruno Pereira antropologo eta funtzionario brasildarra eta Dom Phillips kazetari ingelesa desagertu ziren Javari ibarrean, Amazoniako eskualde ezkutuenetako batean. Bailara hori Amazoniako ukigabeenetakoa da, eta bertan bizi dira kanpo munduarekiko inolako harremanik ez duten hainbat herri indigena. Mehatxu ugari dituzte. Peru eta Kolonbiarekin mugakidea izanik, Amazoniako gaitza diren meatzaritza, oihan-ustiapen, ehiza eta arrantza ilegalei narkotrafikoa gehitzen zaie han, horrek bertze aktibitate horiek baliatzen baititu diru-zuriketarako.

Munduaren birikak arnasa beharrean
Javari, Amazonian. Arg: Amazônia Real

Pereiraren eta Phillipsen hilketak ongi irudikatzen du munduko oihan tropikalik handiena pairatzen ari den erasoaldi bortitza, ez bakarrik legez kanpo aritzen direnen partetik, baizik eta baita Brasilgo Konstituzioaren arabera hura babestu beharko luketen autoritateen aldetik ere.

Amazonia defendatzea lan arriskutsua izan da beti; Bolsonaro presidentearen gobernu pean are arriskutsuago bihurtu da. Zergatik? Oihanaren biziraupena afera multidimentsionala eta konplexua izanik, Brasilgo gobernuaren jarrera gako nagusia delako. Eta Bolsonaroren gobernua Amazonia «kolonizatu eta garatzeko» plana bultzatzen ari da, gobernu militarren saiakera berpiztuta. Batetik, ingurumenaren kontserbazioaz eta herri indigenen babesaz arduratzen diren erakunde autonomo federalak (Ibama, ICM-Bio, Funai) barnetik deuseztatzen joan da, aurrekontuak murriztuz, langileak kaleratuz eta funtzionario eta lider indigenak izutuz. Pereirak, egoera hau bizi, eta Univajarekin (Javari ibarreko Herri Indigenen Batasuna) bat egin zuen, haien lurraldearen defentsan segitu ahal izateko. Bertzetik, polizia federalaren kontrola kasik desagertu da eta orain, sekula baino gehiago, zigorgabetasuna da nagusi. Estatuaren absentziaren ondorioz, autoktonoen eta ingurumen-ekintzaileen hilketak emendatzen ari dira nabarmenki, eta herri indigenak zaintza-patruilak osatzera behartuak izan dira haien eremuan izandako sartze bidegabeak eta jarduera debekatuak dokumentatu eta salatzeko. Horretan ari zen lanean Pereira bertakoekin.

Horrekin guztiarekin, eta Bolsonarok herri indigenen, ekintzaileen eta GKEen aurka sarri egindako adierazpenen testuinguruan, liberou geral (dena libre utzi) giroa sortu da, eta agronegozioari, garimpeiroei eta ustiatzaile klandestinoei haien desmasiekin jarraitzeko argi berdea eman zaie, oihana suntsipenera kondenatuz. Hain zuzen, How to Save the Amazon (Nola salbatu Amazonia) liburuaren prestaketaren harira joana zen Phillips Javari ibarrera Pereirarekin.

Horrela, bada, Amazonia legerik gabeko lurralde bihurtu da. Azken urratsa de facto-ko egoera hau de iure-ko bilakatzean datza: gaur egun Brasilgo Kongresuan eta Senatuan martxa azkarrean ari da izapidetzen legez kanpokoak diren jarduera ainitz legeztatuko dituen lege-proiektu multzo bat, hondamendiaren paketea deitu izan dena. Presa handia dago, urrian hauteskunde hitzordu garrantzitsua izanen delako presidentea, gobernadoreak, senatariak eta diputatuak hautatzeko, eta inkestak kontra dituztelako Bolsonarok eta bere politikak sostengatzen dituztenek.

Hiru hilabete eskas falta diren honetan, bi bertzerik ez dira aukera errealak izan ditzaketen hautagaiak: Jair Bolsonaro eta Lula Da Silva. Ondorioz, Bolsonaroren joera autoritarioarekin arduratuta, elite ekonomikoak eta prentsaren zenbait sektore hirugarren bidea urratuko lukeen hautagairen bat bultzatzen entseatu dira, baina arrakastarik gabe. Izan ere, PSDB zentro-eskuineko alderdi nagusia guztiz hondoratu da 2014an Dilma Rousseffen garaipena zalantzan jarri eta haren impeachment-a bultzatu zuenetik.

Pandemiak areagotutako krisialdi ekonomikoak eta azken urteotako ezegonkortasun politikoak polarizazio soziala eta politikoa sakondu dute. Inboluzio demokratikoa kezka nagusi izanik, indar aurrerakoiak batzeko deia egin du Lulak, baita haratago joan ere. Agintzeko PT Langileen Alderdia baino oinarri zabalagoa beharko duen jakitun, mugimendu argi bezain ausarta egin du: berak 2006ko hauteskundeetan garaitu zuen Gerardo Alckmin —PSDBren sortzailea, neoliberala eta Opus Deiren hurbilekoa— konbentzitu du presidenteorderako hautagaia izateko. Erabat berria den aliantza honek Brasilgo mapa politikoaren eraldaketa sakona agerian uzten du, eta balizko gobernuaren ekintzen nolakotasun zehatzaren inguruko zalantzak sorrarazten ditu alor guztietan. Kasu!, egungo ogia, biharko gosea.

Argi dago Amazonia oraingo txikizio zurrunbilotik ateratzen hasteko aukera bakarra Lula Planaltoko jauregira iristea dela. Ezinbesteko baldintza da, baina ez nahikoa. Izan ere, bere hautagaitza sostengatzen duten alderdien artean badira ezkerrekoak, zentrokoak eta eskuinekoak, ekosozialistak eta desarrollistak… Hauteskunde programaren jarraibideen dokumentuak zera dio: «Premiazkoa da Amazonia oraingo gobernua gauzatzen ari den hondamenditik babestea». Baina zertan gauzatuko da? Gauzatuko ote da?

Horretan ere, Kongresuaren eta Senatuaren konfigurazio berriak berebiziko garrantzia izanen du, baita nazioarteko komunitatearen jarrerak ere. Lulak gidaturiko gobernu bat Brasilgo nazioarteko rola indartzen entseatuko da: hortaz, Amazoniaren kudeaketan norabide aldaketa kanpotik ere bultza liteke, pizgarri eta ohartarazpen politiko eta ekonomikoak modu eraginkorrean uztartuko balira. Horretarako, baina, herrialde garatuek eta haien biztanleok ere prest egon beharko genuke oihana suntsiarazten duten aktibitateei probetxua ateratzeari uko egin eta nekeak pairatzeko. Amazoniak arnasa behar du; gu prest al gaude gure aletxoa jartzeko?

Munduaren birikak arnasa beharrean  Munduaren birikak arnasa beharrean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude