Zuzentzeak balio du?

Zuzentzeak balio du? – 

Zuzentzeak balio du?

-Euskara moldakaitz samar ari dira euskaraz gure seme-alabak. Ez dute ba horrela ikasi etxean! Eskolan atzendu zaie euskara jatorra.

Eta duda sartu zaio amari. Zuzendu edo ez zuzendu.

-Eta nazkatzen baditut eta erabat erdarara pasatzen badira? Agian galdu eginen ditut.

Ai, amatxo, amatxo: eta gazteleraz oker ari badira zer egiten duzu? Ai, ai, zure dudak ez zaizkit batere onargarriak iruditzen. Gehiago esanen dizut, gaitzesgarriak iruditzen zaizkit.

Zuzentzea debekatu zuten herri honetan azken 25 urte honetan poliki-poliki. Denak balio du, dena on da, utzi behar zaie, hizkuntzak aldatuz joaten dira… mila aitzaki, gure egin beharra ez egiteko. Edo agian, ez da aitzakia ere, zuloan gaude eta gure gainetik direnek bultzatu gaituzte zulora. Egoera honetara ekarri gaituzten pope horiek utzi beharko ditugu. Militanteei begiratu beharko genieke eta gutxiago euskararen etorkizuna arrosa kolorez koloreztatzen duten gezur saltzaile horiei.

Bai, hizkuntzak aldatuz joaten dira, baina gurean gertatzen ari dena ez da hori, gurea gazteleraren edo frantsesaren ur gazietan urtzea da: estruktura, hitzak, azentua… den-dena erdaren munduan urtzera goaz. Egoera honetatik ez da hizkuntza berri bat sortuko, lehengoan gazte batek aditzera eman nahi izan zidan bezala, hau da, koine hizkuntza baten sortzea; ez, egoera honetatik gaztelera soilik izatera pasatuko gara. Edo, Iparraldean, frantsesa besterik ez izatera. Edo hobeki esan, bi hizkuntza izatera, eremu bakoitzean gaztelerari eta frantsesari ingelera gehituko baitiogu martxa honetan, eta laster gainera.

Hasieran nioena, balio al du zuzentzeak? Jakina, zuzentzea ez zuzentzea baino mila aldiz hobea da. Gure bizitzan hori ikasi izan dugu: agerikoa eta bistakoa da, ikusi nahi duenarentzat bederen.

Harrigarria egiten zaizkit kontu hauek, jakinik, 1970eko hamarkadan ikasi genituela eta ustez, ongi gainera. Eta orain duda-mudatan? Orain atzera egin behar al dugu? Hala dirudi orain berean ikusten den aita-amen jarreretan arreta jartzen badugu. Hizkuntzaren aldeko maitasunaz atzendu dira, hizkuntza ezin transmitituz gelditu zaizkigu, eta erabilera beste batzuendako utzi dute. Barkatu, badakit aita-ama guziak ez direla horrela, baina bai joera oker  nagusi hau ezarri dutenak Eusakal Herri guzian.

 

Amezti

Zuzentzeak balio du?

2 pentsamendu “Zuzentzeak balio du?”-ri buruz

  • Ez dakit balio ote duen, geronen hizkuntzaren higatzea ezbaita atzo goizekoa. Ez gaizki hartu, baina euskaraz gaztelania, aitzakia bat, hobeki erranda, ingelesa, hamaika aldiz, makina bat..katalana, frantsesa….nik zer dakita!

  • Bai arrazoi osoa Amezti. Nire aita zenak euskaraz eskolatuea izan ez zena (gerra aurretik jaioa baitzen) anai-arrebei zuzentzen ziguna, halakoak esanez: ez hori ez da euskaraz horrela esaten…
    Nire semeak etxean zuzen ikasitakoa ikastolan hainbatetan desikasten duena, esamoldeak, aditzak, azentua, zer gehiago. Hori bai, erderaz beti kontrakoa, bai ingelesez zein espainolez. Non dago koherentzia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude