Frantziako Polizia Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra oldartu da

Frantziako Polizia Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra oldartu da –

Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra oldartu da Frantziako Polizia

Azterketak Euskaraz dinamikako irakasle, ikasle eta gurasoen aurka egin du Poliziak (argia)

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea defendatzen dutenen aurka oldartu da frantses Polizia (naiz)

,,,

berria

Akademia ikuskaritzak Baionan duen egoitzaren okupazioa abiatu dute azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko

Frantziako Polizia Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra oldartu da
Bob EDME

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu nahi zuten; kolpeka eta negarra eragiteko gasa erabilita, bortizki oldartu zaie Frantziako Polizia. «Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin mintzatu nahi dugu, baina Barne Ministerioarekin erantzun digute», laburbildu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Frantziako Gobernuaren debekuei buru egiteko desobedientziarako deia egin du ikastolen elkarteak azken asteetan. Gaur, protestara pasatu dira.

Ehun bat pertsona elkartu dira Baionan, Pirinio Atlanikoetako Akademia Ikuskaritzaren egoitza okupatzeko xedearekin. «Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin hitz egin nahi dugu, hori da gure galdea, eta hemen gelditzeko asmoarekin gara», esplikatu du Elorri Falxa irakasleak. Baina Seaskako kideak iritsi direnerako egoitza itxia zuten, eta Frantziako Polizia bertan zen. Ekintzaileek Azterketak euskaraz eta kitto! zioen pankarta bat zintzilikatu dute teilatutik, eta guraso, irakasle eta ikasle batzuk sarrerako hesira kateatu dira.

Arratsalde bukaeran hasi da tentsioa igotzen. Ikuskaritzako langileak egoitzaren barnean geldituak ziren, eta beraiek ateratzea baliatu nahi izan zuten Seaskako kideek barnera sartu eta okupazioa abiatzeko. Gibeleko atean elkartu dira, blokean. Frantziako Poliziak indarkeria erabiltzeko mehatxua egin die, baina ez dira mugitu.

Bultzaka hasi dira lehenik, baina gero eta bortitzagoa bilakatu da egoera. Ekintzaileak besoetatik eta lepotik hartu, eta tiraka mugitzen entseatu dira poliziak; baina, determinazioz erantzun dute egoitza barnera sartzeko asmoz mobilizatutakoek Azterketak euskaraz! oihuen artean. Bat taldetik ateratzea lortzen zuten bakoitzean, berehala itzultzen zen blokera, poliziaren bultzadei aurre egitera. Gogor ekin du Frantziako Poliziak, tartean adingabeen kontra. «Ikasle, guraso eta irakasleen kontra ari zarete joka; hori da egiten ari zareten gauza bakarra», oihu egin die Falxak. Baina ez dira gelditu. Azkenean, negarra eragiteko gasa bota die Frantziako Poliziak egoitzaren ate aitzinetik lekutzeko. Begiak eta aurpegia erreta, eztulka eta negarrez; tixerta urratuarekin batzuk, zauri arinekin besteak; horrela bukatu dute ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzera joandakoek.

Okupazioarekin aitzina

Frantziako Poliziak alde egin zuenean, irekita utzitako leiho batetik ikuskaritzara sartzea lortu zuten Seaskako kideek. Bertan pasatu dute gaua, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin mintzatzea lortu arte handik ez mugitzeko borondatea erakutsi dute. Frantziako Asanblearako bozen testuinguruan, erantzun politko baten beha dira.

naiz

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea defendatzen dutenen aurka oldartu da frantses Polizia

Baxoko filosofia froga idazteari ekin diote gaur Ipar Euskal Herriko ikasleek. Bertan frantses Hezkuntza Nazionalak «gure eskubideen urraketaren bidea markatzen segitzen duela» salatuz adierazpena plazaratu dute Bernat Etxepare lizeoko eta Seaskako lau kolegioetako ordezkariek.

Baxoaren azterketaren baitan filosofia froga idazteari ekin diote asteazken honetan Ipar Euskal Herriko ikasleek. Hilabete amaieran Brebet azterketaren txanda izanen da. Horren karietara iragan ekainaren 9an landutako adierazpena publiko egin dute, goizean, Bernat Etxepare lizeoko eta Seaskako lau kolegioetako ordezkariek. Arratsaldean, berriz, Azterketak Euskaraz kolektiboko hamarka kide Hezkuntza Ikuskaritzak Baionan duen egoitzara hurbildu dira. Bertako sarrera blokeatzen ari zirenen aurka oldartu da. Protestan parte hartzen ari ziren pertsonek azkenean lortu dute eraikinera sartzea, gaua bertan pasatzeko asmoz. 

2018an, kolegioko eta lizeoko urte bukaerak markatzeko eginen diren azterketak euskaraz egiteko aukera mugatu zuen frantses Hezkuntza Nazionalak, zientzietako froga euskaraz egiteari uko eginez. 2019an, antzeko egoera errepikatu zen, erreforma berria aitzakiatzat hartuz. Hala, baxo azterketaren matematika eta historia-geografia frogak euskaraz egiteko debekua heldu zen.

«Berezitasun zientifikoen baxoko lan praktikoak frantsesez pasatzera behartzen gaituzte, berriz ere beste azterketa batzuk gure hizkuntzan eta urte osoan ikasten dugun hizkuntzan pasatzea debekatuz», oroitarazi dute gaur Seaskako ikastetxetako irakasle eta ikasleek iragan ekainaren 9an landu zuen adierazpenaren berri emanez.

Iaz egoera zuzentzeko esperantza piztu zuen hizkuntza gutxituak babesteko xede zuen Molac legearen onarpenak. Alta, Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren bultzadapean frantses Gobernuan dagoen Emmanuel Macronen alderdiak lege proposamena atzera botatzeko hautua egin zuen.

Ukazio beri horri erantzuteko dinamika azkarra martxan eman zuten Etxepare lizeoko ikasleek.

Iazko bidetik urratsak egiten jarraitzeko engaiamendua

Hala Seaskako lizeoko ikasleek desobedientziarako bidea hartu zuten, filosofiako azterketa euskaraz idazteko hautua eginez. Horren ondorioz beraien nota orokorra apaldu zen, ez baitzuten azterketa zuzendu.

Bide beretik, egun batzuk beranduago kolegioko ikasleek brebeta osoki euskaraz aurkeztu zuten. Hilabete bukaeran, finean, azterketak zuzentzeko zentroa blokeatu zuten Seaskako irakasleek, gurasoek eta ikasleek Donapaleun.

Iragan maiatzaren 8an, Herri Urrats besta kari, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak gonbidapena zabala zuzendu zien «guraso, irakasle eta ikasleei» Hezkuntza Nazionalak -eta ildo beretik Paueko Administrazio Auzitegiak baitaere- inposaturiko debekuari desobedientziaren bidez erantzuteko.

Hain zuzen gaur arratsaldeak azterketak euskaraz dinamikaren baitan Hezkuntza Ikuskaritzaren sarrera blokeoa abian eman dute, Baionan.

Edonola ere, Seaskako bigarren mailako irakasleek aurten ere hainbeste eginen dutela iragarri berri zuten Kanbon eginiko agerraldian. Hezkuntza Nazionalaren eskutik jaso duten brebeta azterketak zuzentzeko gutuna urratu zuten prentsaren aitzinean.

Baina ikasleak ez ziren desobeditu zuten bakarrak izan. Irakasleek ere ikasleen eskubideen alde egin zuten, azterketak zuzentzeari uko eginez. Hezkuntza Nazionalak isunak iragarri zituen beraien keinua zigortzeko.

«Gure eskubideen urraketa konstantea jasangaitza da eta gaur egiten dugun adierazpen honetan, argiki helarazi nahi diogu Hezkunde Nazionalari gure hizkuntzaren gutxiestea ez dugula onartzen, baita eskubide guztiak bermatu arte borrokaren bidean urratsez urrats jarraituko dugula ere», oharra egin dute azterketak euskaraz dinamikako partaideek baxoko filosofia froga egiten den egunean plazaratu duten adierazpenean.

Frantziako Polizia Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra oldartu da

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.