Herri Sanferminak: Hemen gaude, ez goaz bazterrera

Herri Sanferminak: Hemen gaude, ez goaz bazterrera –

Duela bi aste, Herri Sanferminen bultzatzaileok haserre geundela esateko egin genuen prentsaurrekoa, hemen bertan, O Plazan. Aurtengo Sanfermin berezietarako programazio oparoa antolatua genuela, eta horren aurka, Irun?eko Udalak jaiaren erdigunetik kanporatu gintuela jakinarazi genuen. Alde Zaharretik Errotazar edo La Runa delakora, erdigunetik bazterrera. Salatu genuen bezala, oinarririk gabeko aitzakiak erabiliz, eta proposatutako alternatiba guztiei ezezkoa emanez. Gainera, ezin dugu ahaztu, Herri Sanferminak kanporatu dituen aldi berean, Gaztelu Plazan bere makrojaialdi pribatua antolatu duela, Sanferminen berezko izaera herrikoia guztiz desitxuratuz.

Baina, horren aurrean, esan genuen ez dugula kanporatze hori onartzen, atzerapausu handi bat izango litzatekelako eta gure jaiak erdigunean ospatzeko eskubide osoa dugulako. Eta hitza eman genuen, sentitzen genuen haserre hori Herri Sanferminen aldeko indar bihurtu eta datozen Sanfermin berezi hauek benetako LORALDI herrikoi bat izateko lanean jarraituko genuela.

Herri Sanferminak: Hemen gaude, ez goaz bazterrera
Argazkia: Noticias de Navarra.

Ba, gaur esan dezakegu lortu dugula! Herri Sanferminak jaiaren erdigunean izanen ditugula! Lotuta genuen programazioa ahal izan dugun neurrian berbideratu eta espazio eta eragile ezberdinekin elkarlanean, Alde Zaharrean zehar hainbat eta hainbat ekitaldi, kontzertu, emanaldi… bermatu ahal izan ditugu. Herri Sanferminen senari eutsiz, auzolanean, programazio xumeagoa, bai, baina inoiz baina duinagoa osatu dugu! Aurrekoan kanporatutako “Aro berri bat LORATZEN” izenburuko egitaraua aurkeztu bagenuen, gaurkoan, “Harri guztien artetik LORATZEN” aurkezten dugu. Bidean harri kozkorrak jarri dizkigute, jartzen dizkigute beste arlo askotan ere, gure lanaren emaitza zapuztu nahian. Baina, harri horien artetik, asmatu daiteke arrakalak bilatu eta lan horren emaitza loratzen.

Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hau aurrera ateratzeko gurekin elkarlanean aritu diren eragile guztiei, bereziki Zabaldi eta Matalazi, haien parte hartzeagatik. Haiengatik ez balitz, hau ez litzateke posible izanen. Horrekin batera, kaletik zein sare sozialetatik animoak, babesa eta elkartasuna adierazi dizkiguten bizilagun, musikari, artista… guztiei ere, eskerrik asko!

Hori bai, ezin dugu ahaztu Sanfermin hauek egoera prekarioan ospatzera behartuta ikusten dugula gure burua eta dinamika hau ezin dugula normalizatu. Horregatik, Sanfermin herrikoien alde dauden herritar guztiei uztailaren 10ean ospatuko den manifestazio-kalejiran parte hartzera dei egiten diegu. Egun ezinhobea izanen da haien goitik beherako eredu grisaren aurrean, gure behetik gorako jai koloretsua, alaia, errebeldea, inkonformista, herrikoia, kritikoa… ikustarazteko, eta Udalari mezu argi bat helarazteko: “HEMEN GAUDE, EZ GOAZ BAZTERRERA”. Ospakizun kolektibo indartsu eta hunkigarria izanen da, Sanfermin herrikoiekin bat egiten dugun guztioi irekia.

Beraz, traba guztien gainetik, badugu pozik eta harro egoteko arrazoirik. Laster kaleratuko dugun abestiak dioen bezala, “auzolanaz ereindako hazi guztiak, nekez birrinduko dituzte haien harriez” eta “Uztaren hila iritsita, harri guztien artetik ari gara loratzen”. Gora herri Sanferminak!

Herri Sanferminak: Hemen gaude, ez goaz bazterrera