[Urpeko Bonbarda #076] Jazzaldietakoak

[Urpeko Bonbarda #076] Jazzaldietakoak –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita hamaseigarren saioan, uztailaren atarian gaudela-eta, Jazzaldiak izan ditugu hizpide, eta ez bakarrik jazz musika.

Hirurogeita hamaseigarren saioan, gurean jazz musikaren hilabetea uztaila dela-eta, jazzaldi nagusietan jotzekoak diren musikarien kantuekin osatu dugu Urpeko Bonbarda. 

Astiro bada ere, oholtza nagusietan emakumeek duten presentzia gora doala begitanduta pozik, Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldiak, musikari dagokionez, gero eta eklektikoagoak direla ere azpimarragarria delakoan gaude. Jazza bai, jakina, baina ez bakarrik jazza. 

Saioa Getxon abiatu dugu molde klasikoko jazz pieza bat entzuten, besteak beste Billie Holidayk kantatzen zuen “I´ll Be Seeing You”, Cyrille Aimeé kantariaren ahotsean. Muxikebarrin abestuko du frantziar-dominikarrak, eta Algortako Geltokia plazan Lucia Fumero, argentinar eta suitzar arbasoak dituen piano jole katalanak, 2020ko “Universo normal” hirukotean aurkeztuz. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra izango da Getxoko jazzaldia.

[Urpeko Bonbarda #076] JazzaldietakoakOrain urte batzuk zuzendaritza taldea aldatu zuen Gasteizko jazzaldiak oso egitarau berritzailea dakar aurten, uztailaren 12tik 17ra. Lehen XXI. Mendeko Jazza deitzen zen saila hartzen zuen Printzipal antzokian, berbarako, Kassa Overall bateria jolea izago da, abangoardiako jazza hip-hop eta elektronikarekin nahasten dituena. Eta jaialdiko oholtza nagusian, Mendizorrotzan, Robert Glasperren egun berean joko du Theon Cross tuba joleak, bere musika tresna brass banden mugetatik kanpo eramateko gai izan den britainiar jazz belaunaldi berriko kideak. Baita Kase O. rap kantari aragoiarrak ere, “Jazz Magnetism” egitasmoarekin. 

Donostiako Jazzaldiari arreta berezia eskaini diogu, osoena delakoan. Egun bat eta Zurriola hondartzako doaneko zuzenekoak berreskuratuko ditu aurten jaialdiak, bere 57. edizioan.

Jaialdiko oholtza nagusian, Trinitate plazan joko dutenen artetik, bi entzun ditugu. Miho Hazama japoniar gaztea batetik, Musikene Summer Big Band zuzenduko duen konposatzaile irudimentsua; eta Knower elektronika bikoteko kide izana den Louis Cole, multi-instrumentista zirikatzaile eta umoretsua. 

2016ko Donostia Jazzaldia Saria, Herbie Hancock (Chicago, AEB, 1940) erraldoiak zazpigarrenez hartuko du parte Donostiako Jazzaldian, eta “Watermelon Man” jazz pieza ezinbestekoarekin batera kanturik ezagunena duen “Cantaloupe Island” entzun diogu, 1964ko “Empyrean Isles” lanekoa, askok US3 taldearen berrirakurketan ezagutu genuena. Herbie Hancock teklatu joleak bezala Kursaal aretoan joko du Calexico folk rock taldeak ere; plazaratu berria duten “El mirador” diskoa aurkeztuko dute. Ordainpeko zuzenekoetan bukatzeko, eta musutruk direnetara pasa baino lehen, Victoria Eugenia antzokiko Jazzeñen parte hartuko duen Oreka TX ere aipatu behar dugu.

Doaneko zuzenekoei dagokienez, Broken Brothers Brass Band bikainen “Kaletarrak” entzun dugu, “Katebegia” disko berrikoa, nafar taldea jazzaldiak irabazi berria duen Garberako gunean joko baitu. Debalde dira Zurriola hondartzako kontzertu sonatuak ere. Bertan joko du lau emakumez osatutako Pillow Queens dublindar talde zirraragarriak, eta Mulatu Astatke, 78 urte bete dituen bibrafonista etiopiarrak ere. 

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast    Google Podcast

[Urpeko Bonbarda #076] Jazzaldietakoak [Urpeko Bonbarda #076] Jazzaldietakoak

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!