Folklorea

Gaur inork gutxik ikusten ditu telezaborra saioak. Alienatzen gaituztela aski barneratu dugu, eta ondorioz, ETB1eko Airean eta Azpimarraren fana ez denak, La2eko kulturalki aberasgarriak diren dokumentalak ikusten ematen du arratsalde osoa. Hori horrela da. Martin Garitano Belén Esteban baino presenteago dago ilepaindegiko kalakaldietan eta, arestian futbolarekin gertatu bezala, Fagorren gorabeherek loak hartu ezinik gaituzte.

Musikari buruz, zer esan. Pitbull eta Jennifer López “sukaldatzen” duten bezalako musika dantza-erraza eta irrati-formulak bazterreko melomano vintagen esku daude. Orain, EiTB Musika eta Rock FM, lehen eta azken hitak jartzen dituzten kateak, entzuten dira tabernetan. Esan didatenez, Bataplanean The Doorsen The End bere osotasunean entzutea daukazu Nirvanaren Smells like teen spirit abestiaren ostean. Era berean, Mikel Urdangarinen abestiek Juan Maganen kanta hutsalak ordezkatu dituzte neska nerabeen sare sozialeko niketan. Ituan jotzen duela diote. Gizonok Paz Vegaren gorputz liraina behatzeari muzin egin eta Lucía y el Sexo pelikulan Luciak sexuarekin duen arazoari erreparatu diogu. Sexua ez da matxoen arteko leihaketa, pertsona bik disfrutatzeko jolasa, baina.

Sinestu ala ez, era “konplikatuan” bizi den jendea egon badago. Zoritxarrez, folklore baino ez dira geure gizartean. Izan ere, lantzean behin aurkitzen diren eta lilura eragiten dituzten harribitxiak lez, armairu batean bistan gordetzeko edergaiak bilakaturik ematen dituzte egunak; “pelmada” noiz emateko zai, miresgarriak baina luzerako aspergarri xamarrak direlako. Uler dezazue inori ez zaiola gustatzen komeni baino gehiago garuna astintzea. Buruhaustea norberaren izaeraren osagarria bada ere, geure buruari pentsaraztea nekagarri eta mingarri izan liteke. Beraz, folklore zaleek egin bezate baina molestatu gabe, ez dadin folklorea kultura bihurtu geure gabeziak agerian uzten.

FolkloreaFolklorea

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.