Finlandiako hezkuntza-sistema, partaidetza hezkuntzan eta beste hamaika kontu ‘Herri Hezitzailea’ jardunaldietan
Hik Hasi egitasmoak 20. urteurrena ospatzen duela eta, apirilaren 24an eta 25ean II. Herri hezitzailea, eskola herritarra jardunaldiak egingo dira Donostiako Kursaalean, duela bi urte Francesco Tonucci pedagogoa eta “Haurren hiria” egitasmoaren sortzailearekin hasitako bideari jarraipena emanez. Oraingoan, aniztasuna kontuan hartzen duten Finlandiako, Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutuko ditugu.
Besteak beste, Finlandiako Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko kide Leo Pakhin, enpresa-munduko aditu Koldo Saratxaga eta Jakin-eko zuzendari Lorea Agirre izango dira hizlarien artean. Horrekin batera, ‘Herri Hezitzailea’ egitasmoa ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, baita zenbait esperientzia esanguratsu ere; batzuk gertukoak, Pasaiako Haur eta Nerabeen Plana, esaterako, eta beste batzuk urrunagokoak, Bartzelonako El Martinet eskolako esperientzia, adibidez.
Dagoeneko ikusgai dago Egitaraua. Izena emateko, berriz, bisitatu Hik Hasiren webgunea. Jardunaldien antolaketan, hezkuntzako, aisialdiako, euskarako eta kulturako 12 eragile izan ditu bidelagun Hik Hasik.