Gagarinek bai, ikusi zuen Jainkoa zeruan

Pazko igandez Jesukristo berpiztu zela ospatu eta aste betera, atzo 54 urte bete ziren Juri Gagarin sobietarrak Lurra orbitatu zuela, Vostok-1 kapsula barruan. Hegaldia egungo Kazajistan-etik abiatu zen, eta ordu bete 48 minutu iraun zituen. Siberian lur hartu zuenean, bertan aurkitu zuen nekazariak “espaziotik zatoz?” galdetu omen zion, eta Gagarin-ek, irribarretsu, “baietz esan daiteke, baina zaude lasai andrea, sobietarra naiz-eta” erantzun.

Gagarinek bai, ikusi zuen Jainkoa zeruan1961eko apirilaren 12a baino lehen, Sobietarrak izan ziren lehenak espaziora ontzi bat jaurtitzen, baita bizidun bat ere, Laika txakur sonatua (1957ko Sputnik-etan). AEB “Izarretako gerran” edo “Espazioko lasterketan” bete-betean sartua zen Sobietarrekin, eta hauek aurrea hartzeak Sputnik-en Krisia sortu bazien ere, izendapen kontuan bederen, estatubatuarrak izan ziren garaile; egun “astronauta izan nahi dut!” esaten baitute umeek, eta ez “kosmonauta”.

 

“Zeruetan zarena”

Zientzia eta teknologiaren aldetik garrantzia handiko gertakaria izan arren, Juri Gagarin-en `txangoak´ utzi duen konturik gogoangarrienak Jainkoa eta honen existentziarekin du zerikusia, atzo bertan Garbiñe Ubedak Berrian gogorarazten zuenez:

«(…) Sobietar Batasuneko buruzagi Nikita Khrustxov-ek ere, gizakiak estreinakoz espaziora ateratzea lortu zuenean… «Galdezka aritu natzaio Juri Gagarini, eta han ez omen da jainkorik ageri», haizatu zuen harro, sarkasmoz, teknologiaren aldarria eginez, naziotasun komunista ikur goren bihurtuz…».

Khrustxov-ek esana laster jarri zen Gagarin-en ahotan, eta horrela heldu da gaur egunera, hitzok zalantzan jartzen dituenik ere baden arren, eta espaziora bidaia guztiak, nola ez.

Mezu bera beste modu batera kontatzen dute beste batzuk, eta Juri Gagarin-ek han goian Jainkoa ikusi zuela defendatu; horrela esan bide baitzuen berak kazetari bati erantzunez:

«Izarretatik gertu, ikusi dut kamarada Jainkoa, eta esan dit zuoi guztioi gaztigatzeko, `ez dela existitzen».

Egun, eta Juri Gagarin-en gomutan, apirilaren 12an (atzo) Espazioko Bidaien Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Gagarin-en balentriak sobietarren heroi eta mundu osoan ikono bihurtu zuen gizona. 1934an jaio zen egun eta bere omenez Gagarin deitzen den herri batean, Errusian. Gurasoak nekazariak zituen, eta berak metalurgian egin zuen lan, espaziora joan baino hiru urte lehenagora arte!

Gazte hil zen Gagarin, 34 baino ez zituela, pilotatzen zegoen MIG-15arekin lurra jota. Kontua oso argi ez dagoen arren, hordia zegoela esan izan da.

 

Gora Gora Kids

Juri Gagarin inspirazio iturri izan da gerora diziplina artistiko askotan; margoak, filmak, kantak eta beste izan dira bere omenez. Aparte, Espazioko Lasterketa zela kausa, puri-purian zen zientzia-fikzioa. Pavel Klushantsev zuzendariak, esaterako “Izarretarako bidea” grabatu zuen Vostok-1 orbitan jarri baino lau urte lehenago, eta kapsulak lurrari bira eman eta zazpi urtera “2001: A Space Odyssey” film ospetsua egiterakoan sobietarra izan zuen eredu Stanley Kubrick-ek. Eta Kubrick-en filma David Bowie-ren “Space Oddity” kantuak.

Euskal Herrira etorrita, garajearen herdoila maite duen Gora Gora Kids talde dantzazaleak “Yuri Gagarin” kantua gorde zuen 2012ko “Horror Songs” iraupen erdiko biniloan. Hona laukotea zuzenean, 2012an eta Iruñean:

AEB vs. SESB, bidaia espazialak, Gora Gora Kids, kosmonautak, Yuri Gagarin, zientzia eta teknologia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude