Felix Etxeberria ‘Parapan’ hil da
Felix Etxeberria ‘Parapan’ hil da –
Felix Etxeberria Larrañaga ‘Parapan’ hil da bart [Hasier Etxeberria ZuZeuren sortzaile zenaren aita], 95 urte zituela. Elgoibarko herrigintzan, kooperatibismoan eta euskalgintzan aritu zen urteetan [irakurri dugu larunbateko Barren aldizkarian], eta besteak beste, Elgoibarko Izarra kultur elkartearen eta Danobaten sortzaileetako bat izan zen.
Askorako eman du Felix Etxeberriaren bizitzak. Kooperatibismoaren mugimenduaren aitzindari eta Danobat enpresaren sortzaile izan zen, eta beti nabarmendu izan du egiten zuen guztia euskararen alde egiten zuela. (ikus hemen bere berbetan Felix Etxeberria: Bizitza guztia euskalgintzan).
2017an Debabarreneko Gure Balioak Saria eman zioten. Ibilbide oso baten aitortza izan zen. Epaimahaiak Etxeberriaren “ekimena eta izaera ekintzailea” nabarmendu zituen, eta baita haren “zintzotasuna, ausardia eta ekimen berriei egiteko ilusioa” ere.
Felix Etxeberria Sallobente-Ermuaran auzoko Parapan baserrian jaio zen 1926an. Aita zuen bertakoa eta ama, berriz, Azkoitiko Madariaga auzoko “Luarixe” (Luberiaga) baserrikoa. Zortzi anai-arreba ziren, bera laugarrena. Zortzi urterekin hasi zen eskolan, baina hamaikarekin utzi egin behar izan zuen etxeko lanak egiteko. Hamalau urterekin peoi lanari ekin zion Eibarren; gero Orbea bizikleta lantegian eta Elgoibarko Sigman ere jardun zuen. Elgoibarko Jarbe lantegian doitzaile lanbidea ikasi zuen. Bertan bederatzi urtez jardun ondoren, lantegiko beste hamasei langilerekin Danobat makina-erreminta lantegi berria sortu zuten, geroago kooperatiba bihurtuko zena. Euskarazko klaseak hartu eta eman ere egin zituen, harik eta beste lagun batzuekin Elgoibarko Ikastola sortu zuten arte. Urtebete geroago, Elgoibarko Izarra euskara elkartea sortu zuten. Lolita Canales elgoibartarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Azken urteotan buru-belarri aritu zen “Elgoibar 1936” elkartearen aholkulari eta laguntzaile lanetan, memoria historikoa berreskuratzeko gerra garaiko kontuak bildu, argitu eta gizarteratzen.
AEK-k antolaturiko Korrikaren edizio ia guztietan parte hartu zuen, eta maiz eraman zuen lekukoa, azkena 2017ko apirilaren 5ean, 90 urterekin (ikus argazkian).
- Irakurri hemen Felix Etxeberriak BARREN aldizkariari eskainitako elkarrizketa (910. zenbakia, 2014-06-06 – PDF)
- Felix Etxeberriaren ibilbide profesionala eta militantzia-lanaren laburpena BARREN aldizkariaren 1053. zenbakian -PDF-
Gure Balioak saria jaso zuenean Debegesak eginiko bideoa:
Felix Etxeberria ‘Parapan’ hil da