Aitxaren kontuak 3

Literaturako  unibertsaltasunean bezala, esango nuke gure aitxak memoriarekin dituen arazoak guztiz partikularrak direlako gertatzen direla besteontzako modukoak.  Bere arazo nagusia zera da, memoria onegia eduki duela beti eta besteoi ezinezkoak iruditzen zaizkigun oroitzapenak gordetzen dituela berak. Edo hori esaten du, behintzat. Horregatik hasi zen horietako batzuk idazten 80 urte zeuzkanean. Gaur 86ra bidean doa eta egon segur letra hauek ere irakurriko dituela, hainbestekoa du eta oraindik sasoia eta jakinmina. Ikusten dut pantailaren aurrean eseri eta dorpetu zaizkion hatzekin, sagua gobernatu ezinda, begiak lerro hauetan iltzatuta.

Ez da sekula jarri pentsatzen, baina bere oroitzapenetako batzuk fotografikoak dira, gaurkoa kasu, edo  lehengoan argitaratutako alanbre pasatzailearena bezala. Beste batzuk emozioei lotuta daude (txanponarena) eta azken batzuk zentzumenei zuzenean, datorren astean argitaratuko duguna, esaterako.

Baina kontua da, hala izanik ere, ezinezkoak diruditela euretako batzuk errealak direla sinestea. Gaurkoa, esaterako: nola liteke bi urteko oroitzapenak hain garbi edukitzea?

3. Lau gizaldi

Amaren aldeko nire aitxitxa eta amama Luaixa (Luberiaga) izeneko baserrian bizi ziren, Madarixa (Madariaga) baino apurtxo bat beherago, baina Azkoitiko kalera jaitsi ziren bizitzera. Itxuraz baserria ez zihoakien ondo.

Handik lasterrera laborantzako tresna guztiak gurdi batean jarri eta Parapan gure baserrira ekarri zituzten. Denok dakigu gurdi handia eta txikia bereizten, ez dira berdinak izaten. Berriro esango dut: egun hartan gurdi handia bete-bete laborantza-tresna ekarri zuten. Eta denen gainean oso nabarmen, are-handia edo burdinazko area.

Gaur ere nire buruko klitxean oso garbi ikusten dut nola ekarri zuten gurdikada. Baina zergatik diot hau guztia? Ba ezin dudalako neuk sinetsi oroitzapen hura benetakoa denik. Nola froga nezake halako gauza bat, nik bi urte nituen garaikoa?

Parapango sukaldean bada argazki bat oraindik ere lau belaunaldi biltzen dituena: lehengusu Joxemari, osaba Patxi, aitxitxa Juan Joxe eta izena gogoratzen ez diodan birraitona ageri dira. Hementxe gainean ere jarrita dago aukeran.

Lau belaunalditakoak etorri ei ziren gurdi handi harekin eta handik egun gutxira hil omen zen gure birraitona.

Hortik, beraz, nik bi urte izango nituen kalkulua.

 

 

(Burnizko arearen irudirik ez dugu aurkitu, zurezkoarenaz baliatu beharko).

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Aitxaren kontuak 3”-ri buruz