Energia eta boterea

Energia eta boterea –

Energia da boterea. Ez da kasualitatea ingelesez hitz bera erabiltzea biei erreferentzia egiteko: power. Bata duena bestearen jabe da. Tamalez, ezer ez da betiko. Meadows txostenak zehaztasun ikaragarriz iragarri zuen duela justuki 50 urte: etengabeko hazkundeak muga biofisikoak ditu. Berandu dator ekoantsietatea. Baina lasai, egoera latzenera egokitzeko gaitasun sinesgaitza dauka etekin egarriak, eta, Naomi Kleinek hondamendiaren kapitala deritzonaren bidetik, birfundatu dute kapitalismo berdea. Eta muturreraino eraman gainera. Europako Parlamentuak energia nuklearra eta gasa energia berde izendatzeraino, adibidez. Pentsa, egun Lemoiz berdea litzateke.

Energia eta boterea
Aumategi gaina eta haize-errotak. Arg: Unai Fdz. de Betoño

Bitartean, Tapia anderea sutu egiten da txanpiñoiak bezala ugarituz doazen makroproiektu ustez berdeen aurka herritarrak antolatzen zaizkionean. On Kixote bezala erotu al dira haize erroten aurka doazen ekologista horiek? Ez. On Kixoteren kasuan ez bezala, haize errota hauen atzean benetako erraldoiak baitaude. Ezagunak ditugu: Iberdrola, Sacyr, ACS, Acciona, Green Capital Energy… Txikia txikitzeko eskrupulurik ez duten erraldoiak. Ez dakigu gure mendiak haize errotaz josi beharko ditugun energetikoki burujabeak izan ahal izateko, baina badakigu kapitalaren eta langile klasearen interesak ez direla sekula bateragarriak izango.

Sektore batzuk haziko dira, baina desazkunde orokorra saihetsezina da. Dramarik gabe, birpentsatu beharko dugu zenbat den nahikoa. Baina aldaketa sistemikoak ez dira baketsuak, gatazka berezkoa dute. Eta guztiontzat nahikoa egon dadin, boterea beharko dugu.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Energia eta boterea

Denboragintzan lizentziatua/ barra ertzeko psiko-anarista / @manex_mu