“Fe de etarras”: alde eta kontra
“Fe de etarras”: alde eta kontra –
Borja Cobeaga zine zuzendari donostiarrak jakitera eman du martxan dagoela aspaldian idatzia zuen “Fe de Etarras” komedia filma. Netflix-ek ekoiztuko du, “Friends-en antzekoa da, baina pisu franko batean”. Horren harira:
KONTRA
Gustu txarraren langa joa du dagoeneko Borja Cobeagak. Goiti zein beiti. Garaileen martimuiloko beste hortz bat da, galtzaileak are gehiago eta are eta indartsuago zanpatzeko. Nahi eta nahi ez.
Ehundaka euskal presok milaka kilometrotara sakabanatuta segitzen duten bitartean, berauei geratzen zaien apurtxo hori kentzeko, diseinatutako propaganda makinariaren torloju bat da aurkeztu berri duen “Fe de etarras” telesaila. Haren zerbitzura egingo du jira eta bira. Eta berdina ziren aurretik egindako “El Negociador” edo “8 apellidos vascos”, besteak beste.
Imaginatu ezazue une batez Fermin Muguruzak, Jon Maiak edo Asier Altunak (berdin dio) AVT oinarri duen telesail satiriko bat egiten duela orain. Demagun hiruretako batek, Guardia Zibilaren errepresioaren inguruko film bat egiten duela. Zenbat denbora iraungo luke? Esan nahi dut, zenbat iraungo luke Muguruza-Maia-Altunak, Entzutegi Nazionaletik kanpo?
Kontestuak, ikuspuntuak eta ñabardurak den dena dira umorearen gustu ona eta txarra bereizterako orduan. Ez da berdina, nigger hitza bronxeko afroamerikar kuadrila baten ahotan, edo polizia zuri baten ahotan. Palestinarrez trufatzen den telesail batek, israeldar estatuak bultzatu badu eta hebraieraz egina bada, ez du batere graziarik.
Justuki horixe da Borja Cobeaga: hebraieraz trufatzen zaigun zinemagilea. Garaileen trintxeraren aldetik trufatzen den tipo bat. Tipo jatorra agian, baina, Espainiar unionisten propaganda makinariaren doinuan dantzatzen duena, armak entregatu dituztenen ezein duintasun amiñi deuseztatzeko. Eta zilegi litzateke, bai, halakorik egitea, baldin eta kontrakoa ere egitea zilegi balitz. Ez baleude joko arauak trukatuta. Ez balitz jendea kriminalizatu eta boikoteatuko ideiengatik, umoreagatik. Umorea librea baita, ala ez baita. Eta alde bateko satira, olgeta eta adarjotzeak bidezko dira, beste aldekoak ere bidezko diren artean. Bestela zer umorez ari gara hizketan?
ALDE
Muturreko posizioetan daudenek elkar topo egiten dute. Esaldi herdoildua dirudi, baina sarri dianaren erdian jotzen du. Borja Cobeaga zuzendariaren “Fe de Etarras” filma –Vaya Semanitaren garaietan zirriborratutakoa– oraindik errodatzen ere hasi ez eta bateko zein besteko kritikak jaso ditu. ETAren biktimenak, eta presoen komunitatekoenak. Filma ez da estreinatu, baina argi dago, bi giza bandoak minduta sentituko dira. Arrazoi sinple bategatik: etakideak hezur-haragizko agertuko direlako, baldar zein zintzo, gorrotoan itsu zein maitasunean goxo. Sakrilegioa! ETAkoak terroristatzat dituenak, ETAkoak heroitzat dituenak, ez du pertsonarik nahi, arketipoak baizik. Bitartean, euskal eta espainiar gizarteak masiboki ikusi eta barre egingo du, gutxiengoek bultzatutako eztabaida mediatiko nekagarriari axola gabe.
Ulertzekoa da deserosotasuna, distantzia falta zaigu. “Tragediari denbora ematen zaionean agertzen da komedia”, zioen Billy Wilderrek. Gehituko nioke Albert Einsteinena, “denbora erlatiboa da”. Galdetu diezaiokegu gure buruari hobe ote den gatazkako istorio mingarriak alboratzea, komedia anputatzea. Charlie Chaplin eta The Great Dictator, Life of Brian (jesus!), Four Lions (yihadistekin, 2010ean)… eta, zer diozu Pablo Escobar eta Narcos-i buruz? Ez zuten ba hiltzailearen aurpegia Madrilgo plaza nagusian jarri! Gizarte hobea ginake horiek denak gabe? Ez dut uste.
Gatozen Euskal Herrira, bi adibide emateko: Wazemank-en (ETB1) Guardia Zibil paleto parea Euskal Herrian, Flamarique eta sargentua. Sketch-ak, erderaz, gaur hartuko balitu Auzitegi Nazionalak! Baina euskaldunak ez ginen sutu, ETAk txorizoak bezala matxakatu zituenekiko errukiz. Edo zer esan Zaldieroa-ren “The Organization” dela eta? ETAkoak errealitate paralelo batean kokatu zituen, errealitatea ulertzeko ezgai.
Cobeagari buruz gorriak eta bi esango dituzte: Madrilen errelatoa elikatzen duela, umiliazioan sakontzen. Zalantzan jarriko nuke hori, filma ikusi ez dugun heinean. Baina, hala balitz ere, irabazle eta galtzaile gabekoen euskal bandokoek, hobe lukete filma propioak sortu, besteak kritikatzen denbora xahutu baino (Asier eta biok, adibide ona). Noiz hasiko dira etakideak hizketan biografiak zinemara eramateko? Ez da erraza, jakina. Espainiatik zentsuratzen gaituzte, eta salatu eta izkin egingo diogu etengabe. Baina, gu ere inkisidore plantetan jartzeak haien pare jarriko gaitu. Eta ez dugu zentsore izan nahi herri libre batean, ezta?
Herri libre batean? Herri libre batean? Zeinek esan du herri libre batean? Austriaz edo Ghanataz ari gara? Non dago gure herri libre? ez daukagu, haiek daukatelako.
Hala ba Faust zoaz ba Ekialdeko Koreara libre ez den herri bat zer den ikustera, falta egiten zaizula ematen du eta.