Zaharrak, familia eta zaintza

Zaharrak, familia eta zaintza –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Inor konturatu ote da zenbat iragarkitan agertzen zaizkigun zahar gazteak? Zahartzaro aktiboa duten pertsonak, ilezuriak guztiak, baina argal, dinamiko eta guapo? Bai, eta halako zaharrak badira, bai; gutxiengoa dira, halere.

Zaharrak, familia eta zaintzaPublizitateak modan jarri du zilar ekonomia (silver economy, my friend), eta saldu nahi digute zahartzaroa, sarritan ez dena hain osasuntsua, ez polita. Bizitzako sasoi hau, normalean, makal-aroa da, osasun arazoak eta gabeziak dituena. Eta ez gaude prestatuta, ez gaituzte prestatzen, betigazte izan nahi eta behar dugu. Gaztetasuna galtzea drama da batzuendako, ez dakigu zahartzen.

Antza denez, sasoi baten zaharrak baloratuta zeuden gizartean. Orain, zahar ez-dinamiko horiek baztertuta dauzkagu, ezkutatuta. Ez dute produzitzen, gastua baino ez dira. Kontsumitu ere gutxitxo, ez bada farmazia kontuetan. Problema besterik ez gurean orain.

Eta zer gertatzen da halako zahar bat inguruan izanez gero; alegia, aita, ama, amama, aitita, izeko edo osaba? Koplak. Familiaren gainean jausten da zaintzaren zama oso-osorik. Ezagutu dut —duela urte batzuk, egia esatera— tronbosi larria izan ostean, etxera agindu zuten andrea, etxekoei esan barik ez zela gai oinez ibiltzeko, hanken gainean egoteko. Kexa aurkeztu zutenean adierazi zieten ez zutela gizarte zerbitzuetara bideratu ospitale sasoian beti senideak bertan zeudelako. Bazuela nork atenditu: familiak. Lagun bati esker —berak aita eta ama artatu zituen— egin zuten burokraziaren labirintoa: gizarte zerbitzuak, medikuak, diputaziokoa… Liburu bat idazteko modukoa bizi izan zutena.

Oraingo kasu bat ere ezagutzen dut gertutik. Duela hamar bat hilabete gaixotasun baten ondorioz, pertsona honek ingresatuta egon behar izan zuen Gipuzkoako eskualde bateko ospitalean. Oso makal eta indar barik geratu zen, eta familiari ospitale publikoko gizarte langileak hiru aukera eman zizkion: senideren bat berarekin bizitzera joatea, barruko zaintzaile bat kontratatzea (interna bat), edo egoitza pribatu batera eramatea, publikoetan tokirik ez dagoelako.

Hiru alternatibak itzelak dira. Senide batek zaintzeak esan nahi du lana lagatzea, horretarako bizitzea. Barruko zaintzailearena esplotazioan oinarritutako zaintza da sarri. Egoitza pribatuek 3.000-4.000 euro inguru balio dute hilean. Zein ekonomiak jasan lezake hori?

Familiari esker, egonaldi luzeko beste ospitale publiko baten errehabilitazioa egiten aritu zen, indarra hartu zuen, eta beste alternatiba batzuk zabaldu zitzaizkion herriko gizarte zerbitzuekin hitz eginda. Pertsona bat kontratatu, eta eguneko zentroan sartu. Burokrazia luzea da, eta duela sei hilabete jarri zuten itxaron zerrendan. Sei hilabete zain, eta oraindik ez diote deitu.

Dirurik ez dagoela esaten da; beste proiektu batzuetarako, ordea, ez dago aurrekontu mugarik. Badakite familiak hartuko duela bere gain zaintza, norbait (emakume bat, gehienetan) arduratuko dena: bere lana laga duena zaintza lanak egiteko, edo atzerriko emakume bat, edo egoitza bateko langile estresatua.

Denok ailegatu nahi dugu zahartzarora, eta ondo zainduta goxo eta egoki egon. Beraz, zaharren ardura gizartearen ardura izan behar da, denona. Senideek alternatiba errealak behar dituzte, Zaintza erdigunera eslogan hutsa izan ez dadin.

Zaharrak, familia eta zaintza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude