F. Alonso: “Zale euskaldunek proiektu berria betiko pasioarekin babestea nahiko nuke”

Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak salbatzailea aurkitu du: Fernando Alonso 1 Formulako gidari asturiarra. Desagertzeak atzera bueltarik gabekoa zirudienean, etorri da albistea. Txirrindulari amorratua da asturiarra, baita Samuel Sanchezen lagun mina ere. Alonsok iragarri eta Euskaltelek baieztatu duenez “negoziazio bizien” ostean taldearen lizentzia salerosteko akordio batera heldu dira.

scale

Basque Cycling Pro Team, Euskaltel taldea daraman sozietatea erosi du Alonsok, sei milioi euroren truke. Igor Gonzalez de Galdeanok segiko du taldearen manager izaten.

Euskaltelen egungo proiektuak jarraikortasuna izango duela jakinarazi du Alonsok. “2015era arteko txirrindularien kontratuak errespetatuko ditut”, esan du bere webgunean argitaratutako oharrean. “Poliki poliki hazten” joango dela ere iragarri du “tropeleko txirrindulari onenak fitxatu arte”. Hala, “trantsizio moderatua” egingo du epe ertain eta ertainean mundu mailako erreferente bihur dadin. “Gardentasuna eta zero tolerantzia” izango dira proiektu berriaren oinarriak. “Txirrindularitzaren irudia” hobetzeko asmoz hartuko du parte Alonsok.

Ferrari-ko gidariak Euskalteli eta euskal zaleei esker ona adierazi nahi izan die. Enpresari orain arte egingdako lanagatik eta negoziazioak aurrera “borondate onarekin eta diskrezioz” eramatearren. Afizioari, ostera, zailtasunak gorabehera taldearen alboan egon izana eskertu dio. Aurrera begirako mezua ere helarazi du: “Zale euskaldunek proiektu berria betiko pasioarekin babeste nahiko nuke”.

Datozen egunetan emango dituzte argibide gehiago, bitartean…

Galderak

Euskaltel enpresak zein paper jokatuko du aurrerantzean? Kolore laranja eta ikurrinari eutsiko diete?

Zeintzuk izango dira babesle berriak? Taldearen izena zein izango da?

Zein lotura izango du taldeak Euskal Herriarekin? Hemengo txirrindulariak lehenetsiko al dira?

(…)

Euskaltel, fernando alonso, txirrindularitza

6 pentsamendu “F. Alonso: “Zale euskaldunek proiektu berria betiko pasioarekin babestea nahiko nuke””-ri buruz

  • Aupa Fernando!

    Espainiar bat etorri behar euskal txirrindularitza profesionala salbatzera…bertako aberatsek konfidantza gehiegi jarri ez eta F1 gidariak euskal afizio eta txirrindulariei arnasa eman die.

    Nor izan behar da konspirazio ultra abertzalea sortzen lehena? itxaroten nago…

    Tourrerako kamiseta laranjak etxean utzi eta asturiaseko banderak eraman behar al ditugu hemendik aurrera?

    • Nik ere ez dut Joxanen poza ulertzen.Euskal txirrindularitza salbatu??ez nago ados.Aurten Euskaltel Euskadi taldean 19 euskal txirrindulari izan dira.Datorren urtean Alonsoren talde berri horretan 12 euskal txirrindulari izango dira.2015 edo 2016.urteetan ea zenbat euskal txirrindulari ditugun…..eta ea zenbat euskal txirrindulari amateurrek ematen duten pausoa profesional mailara talde horrekin….
      Ez dut uste euskal txirrindularitzarentzako berri ona denik.

  • Txirrindulari 2013-09-03 02:26

    Txirrindularitzarentzat berri pozgarria da Fernando Alonsok Euskaltelen lizentzia erosi izana eta kontratuei eutsiko diela esatea. Taldea desagertzera zihoan; orain, jarraitu egingo du.
    Aurrerantzean ez da izango ez Euskal Herriko talde bat, ez euskal proiektu bat, ez txirrindularitzan herri honen ikur izateko bokazioa duen talde bat. Normala da, dirua kanpotik jarri baitute, ez hemen. Kontratuak amaitu ahala litekeena da euskal txirrindularien presentzia murriztuz joatea eta euskal harrobiari gero eta gutxiago begiratzea. Espainiako talde bat bilakatuko da, gehienbat Espainiako eta nazioarteko txirrindulariekin, baina ziur zenbait euskal txirrindulari izango dituztela, Espainiako taldeek beti izan dituzten legez. Izaera, identitatea, filosofia, herria… gauza horietaz ahaztu. Aro berri bat hasiko da, 1994 aurreko egoeraren antzekoagoa

  • Errespetu guztiarekin Joxean, baña nik zure poza ez dut ulertu. Txirrindularik dioenarekin guztiz bat nator. Kontratua duten 14 euskal txirrindulari horientzat berri pozgarria da, baña hortik aurrera ez nuke esango berri aipagarria denik euskal txirrinduaritzarentzako. Garbi esan dute urte batzuren buruan nazioarteko txirrindulariak ekarriko dituztela, izena aldatuko diotela eta egoitza Asturiasa daramatela. 14 euskal txirrindulari salbatu dituela dudarik gabe, euskal txirrindularitza profesionala salbatu duenik nekez esan daiteke…

  • Agian arrazoi duzue euskal txirrindularitza salbatu ez duela esaten duzuenean, baina gaur eguneko euskalteleko txirrindulariei oxigeno galanta eman diela ezin da ukatu.

    Penagarria da Euskal Herrian dagoen txirrindularitzararko afizioarekin dirua kanpotik etorri beharra. Non daude hemengo aberats eta enpresa potoloak ( kutxa, bbva, iberdola, lagun aro, etab. ).?

    Niri ondo iruditzen zait taldearen internalizazioa. Zergatik ezingo dugu ba kanpotarrak fitxatu? akaso beste kiroletan ez al dute fitxatzen?

  • Txirrindulari 2013-09-10 16:19

    Baina Joxean, ez da taldearen internazionalizazioa izan. Hori, izatekotan, iazko denboraldi amaieran gertatu zen, atzerriko txirrindulariak fitxatu zituztenean, baina egitura hemengoa izanda, eta taldearen pisua hemengo txirrindulariek eramanda. Nik pertsonalki ez dut gaizki ikusten atzerriko txirrindulariak fitxatzea; Rabobankek (orain Belkin) eta Oricak hori egiten dute, baina hala ere irmo eusten diote Holandako eta Australiako izaerei, taldeen egiturak euren aberrikoak dituzte eta hango harrobietatik elikatzen dira, eta guztiok herrialde horiekin identifikatzen ditugu. Juanma Garate eta Albasini fitxatzen dituzte, baina holandarrak eta australiarrak dira taldearen muina. Baina Euskaltelekin gertatu dena ez da hori. Espainiar batek erosi du, eta taldea Espainiakoa bihurtuko du. Hori ez da Euskal Herriko talde bat internazionalizatzea. ‘Euskal’-etik ez du ezer izango talde horrek, ez harrobia eta ez muina. Txirrindulari batzuk, eta gero eta gutxiago. Hala gertatu da eta kitto. Ez naiz ari esaten Alonsok gaizki egin duela. Berak desagertzera zihoan talde bat erosi du, baina beste proiektu bat dauka buruan. Kontua da nork eraman duen taldea egoera horretara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude