Ez oroimenik, ez historikorik
Ez oroimenik, ez historikorik –
Zuek nola esango zenukete euskaraz “memoria histórica”? Historikoak ez du misteriorik, baina memoria… Nik “oroimen” darabilt oraingoan, oroitzeko ahalmenaz aritu nahi dudalako. Aurtengo samartzialetan facebookeko lagun batek honako hau argudiatzen zuen, “betiko” (horra hitz antihistorikoa!) edo “tradizional” (praktikan aurrekoa bezain antihistorikoa) deitu alardearen alde, “memoria histórica” delakoaren zaindari delakoan. XXI. mendearen atarian sortutako ekitaldi pribatu baztertzaile batek irundar guztien memoria historikoa gorde?
Nik galdetu nion, lokalismoari men, “mantxurriano” edo “agota” deitutakoak ere baztertzeko erabiliko ote lukeen halako argudioa. Gaia mamitsua da, gero; baina gaurkoan erpin zehatz bati ekingo diot. Izan ere, facebokeeko beste lagun batek, Gari Garaialdek, argazki oso esanguratsua argitaratu du, eta oso komentario egokiekin. Hona hemen argazkia.
Baztanen, mutil dantzak pribatizatu dituzten baztertzaileek argudiatzen dute -gehienetan erdaraz-, euskal hitzek argi eta garbi diotela: “mutil” edo “gizon” eta “dantza”. Mutil edo gizon, orain ez naiz horretaz arituko, aukera egon badago ere. Kontua da emakume bat tartekatuz gero musika eten egiten dutela. Hara, begira! Hain zuzen ere agotak tartekatzen zirenean bezalaxe. Zeren eta XX. mendean sortu baztandar tradizionalistek, nahita edo nahi gabe, jakinaren gainean edo oharkabean, ezkutatu egiten baitute XIX. mendean sortuek bazekitena: hangoak ez dira “mutil dantzak”, “Baztango mutil dantzak” baizik. Baztanen “Baztango” ez baitzen lokatibo hutsa. “Bezinoek” agotak ez zituzten baztandartzat hartzen, han sortuagatik, haien gurasoak, gurasoen gurasoen gurasoen gurasoen… gurasoak han sortuagatik. Gaur egun gogorra eta ulertezina egiten bazaigu ere, halaxe zen. Hura ere aldatu zen arte, jakina. Hain azkar eta sakon aldatu ezen orain tradizioaren ustezko maitaleek ahantzia baitute, omen.
Emakumearen egitekoa kantinerarenera mugatzen duten eta, antza, beren buruarentzat desio duten irundar emakume gazteek ez dute oroimenik, ez eta gure historiaren jakintzarik ere. Ez baitute bizitu -eta etxean ez omen diete kontatu- kantinerei buruz esaten zirenak, ez preseski goxoak, eta zer nolako lanak izaten ziren paper hura jokatu nahi zuten emakumeak bilatzeko. Egia esan, nik ere ez dut hori ezagutu; baina aitari sarritan entzunak nizkion holako kontuak, harentzat barregarriak, batez ere kantineraren figura nolako protagonismoa hartzen ari zen ikusita. Eta hori, bera 1995ean hil zela. Zein da, bada, orain iraunarazi behar omen den oroimen historikoa?
Horixe da memoria, oroitzapenez edota aurreko belaunaldikoengandik ikasitakoa. Idoia Estornesek duela gutxi idatzi du memoria flako eta faltsuaren kontra eta -zorrotz jorratuz gero- aspergarri baina zientifikora hurbiltzen den historiaren alde. Adibidez, oroimenaz ez baina historiaz ari garela, galdera hauxe dateke: noiz pasa ziren Bidasoaldeko kantinerak eskopeta eramatetik abanikoa eramatera? Alde ederra, eskuan bata ala bestea eramatea! Hala eta guztiz ere, memoria historikoa adoratzen omen duen eskualdean inor ez da ahalegindu, nik dakidala, baitezpadako kinka historiko hori argitzen, nahiz eta emetasunari buruzko pertzepzioa arras desberdina islatu bata ala bestea eramateak.
Historia magistra vitae zioen klasiko hark. Historialaria naizen aldetik, iragana ikertzeak gaur egungoaz gogoeta egiteko balio dit. Pentsamolde mitikoan, ordea, denboraren poderioz errealitatea aldatzen delako ideia ez da existitzen, jatorri bat izaten da, eta gero egunerokoa, eta tarteak ez omen du gurekin zerikusirik. Begiratu, bestegatik ez bada ere jakin-min sinpatikoz, tradizionalistek batere lotsarik gabe dokumentatzen dituztela kantineren aldaerak, ebidentziak inolako gogoeta egitera ez daramatzan arren.
Portzierto, Baztango mutil dantzetan musikeroak bai izaten zirela agotak, garai batean musika jotzea “ofizio vil” zelako. Hori ere aldatu da, baina ez omen da inor horretaz oroitzen.
Gure amoña baztandarrak esaten zuen bezala: holaxeko kontuak, ernatzeko tontuak.
Ederra! Ideia bikaina agoteak ekartzea, mutil-dantza ez dela gehiago mutil-dantza izanen justifikatzeko. Mariano Izetak esku zarta azkarrak eginen lituzke!
Bertze okurrentzia bat proposatzen dizuet gure ohiturak salbatzera heldu zareten asteburuko iraultzaileoi: hemendik goitik ezpatadantza bananekin egitea. Iraganean ez bezala jende baketsua gara euskaldunok gaur eta lanabes heteropatriarkal horrek izaera berria zikintzen du. Egon bizkor!