Iraultza, gazteak eta zaharrak

Iraultza, gazteak eta zaharrak –

Iraultza, gazteak eta zaharrak

“20 urterekin iraultzailea ez denak ez du bihotzik; 40rekin izaten jarraitzen duenak ez du bururik”, antzeko esaldi bat Churchillek esan omen zuen, nik berriz, 2006ko artikulu batean aurkitu dut Joan Manuel Serrat abeslariaren ahotik. Ezaguna da ere Allenderen esaldia: “gaztea izatea eta iraultzailea ez izatea ia ia kontraesan biologikoa da”.

Euskal Herriko jendartean batez besteko adina 40 urtetik dexente gorakoa delarik, susmoa dut, askok kantautore katalarekin bat egingo dutela eta kezkatzen hasita nago.

Egia da gaztetan denbora neurtzeko beste ordulari bat dugula eta gurasoengandik jasotako eredua aldatzeko gogo handia izaten dugula. Denborak aurrera egin ahala, aldiz, sarritan ispilura begira jartzean, gurasoen antza fisikoa ez ezik bestelako antzak ere hartu ditugula ohartzen gara. Hori gertatutakoan, batzutan, gure ibilbidea aldatzeko nahia berpizten da.

Une horretan bi sindrome etsai ditugu: “Peter Panena”; eta “Enfant Terriblearena” biak ala biak biziki arriskutsuak.

Biologiak eta erlojuak aurrera egiteak norberaren jarrerakin zerikusi badu, ezin ukatu, beste eragin franko ere badago. Halere, nik behintzat beste ikuspegi bat dut. Aipatutako bi sindrome beldurgarri horiengatik ihes eginez, gazte garaietako ilusioari eusteko bideak jorra ditzakegula uste dut eta gainera zinez uste dut, gure zoriontasunaren muinan kokatzen dela saiakera hori.

Aldarte horretan, lagun askok errealitate gordinak dakarren korronteak eramaten utzi beharrean, gure ametsak egi bihurtzen eta gure pentsakerak bizimoduarekin bat egiten ahalegintzen gara. Ideiak Platonen leitzezuloan itotzen baitira gauzatzeko bideak aurkitu ezean.

Erlojuaren mugimendu ekidiezinaren aitzinean bi jarrera nagusi har daitezke, eta ez beti uztarezinak: une bakoitza azkeneko bailitzan bizitzea; goizero egun bakoitza iristean, egunari ekin, gogoz, eternitate osoa disfrutatzeko eta ikasteko izango bagenu bezala hartzea.

Lehenegoa solik irizpide nagusi bagenu, hedonismo asegaitzan erortzeko arriskuan egon gintezke; bigarrena solik jarraipide balitz, Platonen itzalezko mundutik ez ginateke aterako. Hori dela eta, nire ustez, biak uztartzean datza gakoetako bat.

Tamalez, nire ustez, lehenengo jarrera nagusitu da geurean, eta jarrera horrek badu Joan Manuel Serratek bere esaldiaz aldarrikatzen duenarekin lotura. Erosotasunak lotu gaitu eta erosotasuna aspergarria izateaz gain, herdoiltzen gaitu. Indarrean dagoen sistemaren kudeatzaileek lortu nahi dutena, alegia. “Gure denbora” pasa dela sinesaraztea eta herritar aktibo izaten jarraitzea erokeria dela ala utopia hutsa dela barneraraztea.

Aitzitik, zorionez, azkeneko hilabeteotan pentsiodunek ikasgai ederra eman digute, kemenaz, lanaz eta borrokaz baino ez dira-eta lortzen helburuak. Ez diete ziria sartu, ez diote utzi eragile aktibo izateari; herritar aktibo, mobilizatu eta antolatua izateari. Badago zer ikasi.

Euskal jendarteak gazte sentitzeko beharra du, ilusioa berreskuratzeko beharrean dago, kementsu eta gogotsu aritzeko premia du.

Testu-inguru honetan, bereziki, ezkerreko independentistok ez dugu erraz, ez dugu sekula erraz izan, egoera ez da berria. Indar-korrelazioa ez dugu alde, baina horrek ez du esan nahi amore eman behar dugunik, antagonistekiko lehiari uko egin behar diogunik edota erdibide bat onargarria denik; horrek, aldiz, adierazten digu konfrontazioa areagotu behar dugula, gure jarrera kritikoa elikatu behar dugula, sistema alternatiboen onurak modu pedagojikoan plazaratu behar ditugula.

Serrat bezalakoek, ametsak gaztezaroaren batera hiltzen diren helburuak direla esaten duten horiek, pragmatismoa baino ez dagoela aldarrikatzen duten horiek, badakigu zein kokapena hartu zuten Catalunyan ( eta hemen) . Ez gaitezen kutsatu. Bistan da, nik behintzat, Serratenak baino, Mujikaren hitzak nahiago ditut: “Ezinezkoa da lan pixka bat gehiago egitea eskatzen digun hura”.

Iraultza, gazteak eta zaharrak

Donostiarra Pasaiaratua.

Zer duzu buruan “Iraultza, gazteak eta zaharrak”-ri buruz