Ez itxi!
Ez itxi! –
Jakin al duzue bataz beste Laudioko Udal Hiltegian hiltzen den ganadu bakoitzeko Laudioko udalak 75€ tako etekin gordin ateratzen duela?
Ez, ez dugu jakin, udal erakundea berak behin eta berriz hiltegia defizitarioa delako karrakarekin gora eta behera dabilelako, eta hori gezurtatzeko zenbakiei begiratzea besterik ez dago, 72.000€ inguru sarrerak versus 63.000€ inguru gastuetan. Ez dakit Berri Txarrakek ala Goebbelsek esana baden baina inoiz baino zentzu handiago hartzen du gezur bat errepikatzearena.
Jakin al duzue estadistikoki Laudion kontsumitzen den okelaren %40 hiltegi horretan transformatua izan dela?
Ez, ez dugu jakin, Udalaren karraka horren baitan ere badagoelako txertatuta lehenengo sektorean gertatzen dena gure arazoa besterik ez dela.
2019tik bueltaka darabilgun Laudioko Udal Hiltegiaren aferak, zarratuta dago ostera be, eta oso gai lokala iruditu badaiteken ere, Laudio jartzen duen tokian beste edozein herriaren izena jartzea besterik ez dago, Udal Hiltegiaren tokian edozein beste zerbitzu publikoa, eta ikusiko dugu nahiko gai orokorra bihurtu digutela tamalez.
Ohikoegiak bihurtu dizkigute ere erabilitako argudioak, publikoa defizitarioa da beti… Pribatua beti eraginkorragoa da…, eta auzokoari gertatuko zaiona ez da besteen arazoa. Gobernatu zure hazienda eta ez sartu besteen arazoetan, ahaztuta, ala jakinda, horrelako ikuspuntuak boteretsua besterik ez duela loditzen, eta honen diru gosea aseezina dela; gaur ez bada etzi, etzi ez bada etzidamu, baina denok egongo gara azkenean bere begipuntuan.
Inon ez da berri dinamika hau, baina lehenengo sektorean bereziki aspaldidanik dugu ezaguna. Hain bihurtu digute horrela zein Laudiokoa da Araba eta Bizkaian gelditu zaigun hiltegi bakarra. Hain bihurtu digute horrela zein jakin, jakin dugu denbora kontua besterik ez zela ostera be zarratzea.
Gerora ahoa beteta etorriko zaizkigu kilometro zero eta tokiko kontsumoa ekoizpenaz berbatan inolako lotsa barik, arduragabekeriaz ala jakinduriaz, eskuetan dutena suntsitzen duten bitartean. Zenbat herrik nahi izango zuten euren kontsumoko %40 hori herrian bertan ekoiztu eta prozesatu izatea.