Tokiko elikadura sistema jasangarria eta osasuntsua

Tokiko elikadura sistema jasangarria eta osasuntsua –

Tokiko elikadura sistema jasangarria eta osasuntsua

Halaxe zioen EHUk, udako formazioen egitarauan, eskaintzen zuen ikastaroaren izenburuak. Hasiera-hasieratik zer hausnartu eman zidan izenak; izan ere, oso zehatza ematen duenak, batzuetan, definizioa du faltan.

Zer esan nahi dugu tokiko elikadura sistema kontzeptuarekin? Nire ustez bertakoa izateko, elikadura sistemak orokorretik baserri bakoitzaren sistemara eramanda behar du prozesu osoa, hasi eta bukatu, lurralde batean gertatzea: hazitik platerera.

Hasteko, zehaztu beharko genuke tokikotasunak zenbateko esparrua hartzen duen bere baitan: zenbat kilometroz ari gara, 10, 100, 200… 8.000? Zenbat du bertakotik Extremaduran jaiotako txahalak? Eta Txina edota Brasildik badator horrek jaten duen pentsua? Non hasten da tokikotasuna kontatzen, Armiñonen eta Bilboko portuan?

Zer du bertakotik tomate hidroponikoak? Nondik datozkio behar dituen intsumo guztiak: elikadura (gogoratu ez direla lurretik elikatzen), beroa…?

Tokikotasunaren definizioak bere zailtasunak ditu, baina definizio serio lantzean jarri beharko genituzke indarra eta zintzotasuna; jakin baitakigu, denok ere, norainoko erakargarritasuna duten txapelak eta ikurrinak, zer tresna baliagarriak diren marketinarentzat. Tokikotasunaren zehaztapen lanetan bada elementu bat zailtasunak arinduko lituzkeena: baserriaren tamaina, ekoizpenaren mugak, alegia. Horrek jarriko baikaitu gure ekoizpenaren prozesua kontrolatzeko bidean, hasieratik bukaerara. Horrekin ez dut esan nahi baserri batean dena egin behar dugunik, baina argi dago munduaren beste puntara joan behar badugu gure animaliek eta landareek behar dutena eskuratzeko, tokikotasuna galdu egiten dela.

Jasangarria hitzak badu, nire baitan, minarekiko lotura bat. Minaren jasangarritasunaren araberakoa izaten baita sendagileak ematen dizun lasaigarriaren indarra. Gainera, kontuan izan behar dugu jasateko gaitasuna —eta gogoa— pertsonatik pertsonara aldatu egiten dela. Jasateak badu agoniatik: zenbat denboraz luzatu ahal dugu egoera? Norentzat, ordea, elikadura sistema jasangarria? Lanean ari den nekazari edota jornalariarentzat? Animalientzat, lurrarentzat, jango duenarentzat, banatzaile handientzat, agroindustriarentzat, bitartekarientzat, burtsan janariarekin espekulatzen dutenentzat? Noren bizkar gainean geratzen da jasangarritasuna?

Elikadura sistemaren jasangarritasunak badu, hortaz, itzal makiabelikoa; eta nekazal jarduera denontzat jasangarria izango bada —natura, pertsonak, baliabideak—, hurrengo baldintzak bete beharko lituzkeela iruditzen zait: ekologikoa, gertukoa, pertsonen neurrikoa eta ekonomia sozial eta solidarioan oinarritua. Hortik kanpo, agoniaz ari gara.

Elikadura sistemak osasuntsua izan behar du ez bakarrik kolesterola edota azido urikoa apaltzen laguntzen duelako, baizik eta, pertsonen osasuna zaintzeaz gain, lurrarentzat, animalientzat eta ingurunearentzat ere osasuntsua eta osasungarria delako. Elikadura sistema osasuntsua izango bada, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan ardaztu egin behar da, ezinbestean.

Ikastaroaren izenburuaren aletze honetan, behin eta berriz, topo egiten dugu nekazaritza eta abeltzaintza ereduarekin, temati. Alferrik arituko gara lauso, laino artean, nekazaritza ekologikoa ezkutatu nahian, ordezko hitzak bilatzen antzerakoa eta guztiz ezberdina den horri ere tokitxoa egiteko; alferrik arituko gara, azkenerako, errealitatea egoskorra delako, idazten ari den artzain hau baino dexente egoskorragoa.

Bi buru txapel bakarrarekin estali ezin delako, informazioa eta marketina ezberdinak direlako, elikadura sistemak behar du izan: biologikoa, gertukoa, pertsonen neurrikoa eta ekonomia sozial eta solidarioan landua. Eta betiere serioski definituta, irizpide eta adierazle zehatzekin.

Tokiko elikadura sistema jasangarria eta osasuntsua  Tokiko elikadura sistema jasangarria eta osasuntsua

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude