Nafarroako erizainen oposaketa

Nafarroako erizainen oposaketa –

Nafarroako Gobernuak 424 lanposturen deialdia egin du. Euskararen ezagutza edo merezimendu gisa ez hartzeak, eta berriz, bai frantsesa, alemana edo ingelera, haserrea piztu du. Idazki honekin gauza handirik lortuko ez badugu ere, ez da izango ez saiatzearren, ea Txibite andrea konbentzitzen dugun, ea behingoz euskara Euskal Herriko zati horretan kontutan hartzen duen.

Nafarroako erizainen oposaketa
Arg: wikimedia

Euskara ez baloratzea aspaldiko kontua izan arren, (UPNren Gobernua 2000. urtean hasi zen oposaketetan euskarari balioarik ez ematen), jarrera horrek erakusten du Nafarroako Gobernuak herritar guztiekiko duen begirune eza.

PSN eta Txibite lehendakaria Legean oinarritzen dira ezer ez egiteko, kontua haiei komeni zaien moduan uzteko;  baina ondo legoke gogoraztea PSNkideek (Juan Jose Lizarbe eta Roberto Jimenez) ezarritako helegitearen ondorioa dela gaurko egoera. Eta bidenabar, aprobetxatzen dugu gogorazteko, Geroa Baik ere kontu horretan askoz gehiago egin dezakeela eta azalpenak eman beharko lituzkeela,  euskara diskriminatzen ari den gobernukidea baita.

Nafarrok ez dugu merezi tratamendu hori. Hizkuntza eskubideak bermatzea izan beharko luke Gobernuaren funtzioa, eta ez kontrakoa.

Nafarroako erizainen oposaketa

Nazar, Nafarroa. Liburuzaina eta euskaltzain urgazlea. Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia.

5 pentsamendu “Nafarroako erizainen oposaketa”-ri buruz

  • Zuzenketa txiki bat:
    Eremu mistoan, horrela jokatzen ez zen hasi UPN:
    legealdi hau da lehenbiziko aldia.

  • Mikel Haranburu 2021-10-08 12:49

    Nirea botako dut.
    Egunotan, non Topaguneak “Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak” jardunaldia iragarri duen, eta Topaguneko arduraduna Oscar Zapatak diskurtsoa aldatzen hasteko beharra berriki aldarrikatu duen, uste dut oro har erratu ohi garela behin eta berriro egiten dizkiguten jukutriak eta gure aurka hartzen dituzten erabakiak salatu eta besterik egiten ez dugulako.
    Esaterako, PSNren aspaldiko, ez bada betiko, arrazonamendua izan da “errealitate soziolinguistikoa dena delakoa izanik…”
    Uste dut planteamendu politiko orokorra aurkeztu behar dela, eta hori alderdi abertzaleek egin beharrekoa da, Euskara Nafarroan berreskuratu beharrean gaudela aldarrikatzeko eta horretan jardungo dugula adierazteko.
    Gure arteko eztabaidak ia beti amaitzen dira azken galderekin, hots: nork jarriko ezkila katuari? Zer egin dezakegu hondamendira bidean doan hizkuntza honen dinamika aldatzeko eta berreskurapen norabidean jartzeko? Zer gertatzen da gazte jendearekin? Galderekin, ala okerrago dena, erantzunik gabe…
    Azken aldiko datu guztiak txar samarrak dira. Alabaina, bagenuke Europaren babesa, zati batena behintzat, planteamendu orokorra egin ahal izateko. Hizkuntzen gaien inguruan hamaika txosten, informe eta galdeketa egiten du Europak; zergatik ez ditugu behingoz txokoko gorabeherak gainditzen eta helburu handiagoak plazaratzen? Zergatik ez da benetako plana egiten euskalgintza deiturikoaren aldetik, gizarte osoari aldarria jotzeko, baina epeak jarriz, esate baterako, euskaldun kopuruak emendatzeko, edo lanpostuetan euskaldunak sartzeko, oposizioetako baldintzetatik harago? Zergatik ez gara kanpainak egitetik harago joaten? Zergatik hogeita hamar urte geroago jarraitu behar dugu “Bai euskarari” ziztrin bat adierazten? Hain gutxi ikasi dugu hainbeste EKB, Topagune, Euskara teknikari, Euskara Talde eta aldizkari, Kluster eta “XX eta euskara” ekimen eta batzar egin eta gero, azken hamarkadetan?…
    Zergatik itxaroten dugu beti etsai linguistikoaren hurrengo harrikada gure asaldatzea kanporatzeko? Zergatik ez dugu bihurtzen asaldatze hori aitzina egiteko kemen? Gero kexu gara beti gazteek… hau eta bestea… zergatik ez diegu hordagorik handiena botatzen eta jakinarazten munduko hizkuntza honen gaineko erantzunkizuna beren esku dagoela eta egonen dela?
    Zergatik ez gara ohartzen hizkuntzaren garrantziaz, zergatik ez dugu ulertzen Nafarroan eta Euskal Herri osoan, Euskara berreskuratzea planeta mailako dinamika historikoa izanen litzatekeela, non Europako txoko batean bostehun edo mila urteko ordezkapen dinamika bati buelta ematen hasi garen eta gainera munduari erakusten diogun? Zergatik ez gara horrelako ekimen iraultzaileaz harro sentituko? Halaxe egin zuten Finlandian, halaxe egin zuten Israelen, halaxe saiatzen ari dira hainbat tokitan…
    Sumendi baten isurketak planeta osoari eragin diezaioke, eta klimak aldarazi; abisatu gabe hasi ohi dira isurketa horiek… ez al gara tamaina bereko gertakari planetario batez ari, Nafarroan, hizkuntza ordezkapenetan txarrerako eredu izan den hau atzera berriz igoera kurban jartzeko lanari ekitean?
    Nire iritzia ere sumendi baten labaren moduan bota dut… agian…

  • Mikel, hori da bidea. Bide bakarra.

  • Mikelekin ia ados oro har. Esan beharrekoak esan ditu. Hala ere, hotz hotzean esan behar banu, motzegi gelditu dela esanen nuke, errespetu handiz mintzatu dela, handiegiaz?
    Beharbada bai, Euskalgintzako buru horiek egiten diguten kasua ikusirik…
    Alderdi abertzaleez deus ez esatea hobe!

  • Gerardo luzuriaga 2021-10-09 11:56

    Mikel erabat ados plantatu dituzun zergatik guztiekin. Hamaika zergatik plazaratu dituzu. Tamalez bizitza zergatiez beteta dago. Ez soilik euskara eremuan… Salaketak agian da bide errazena eta egia da horretan geratuz gero jai daukagu. Baina oro har egoera salatzen duguna prest gaude beste bide emankorrak ere emateko. Dinamika aldatu behar bai. Eta nire galdera da, nola hasi diskurtsoa aldatzen egoera aldatzen ez bada… Agian izango da hobe ostrukarena egin eta burua lur azpian sartzea edo begiak ixtea?