“Ez egin gauzak kontatzeko”
“Ez egin gauzak kontatzeko”
“Ez egin gauzak kontatzeko” esan ohi digu lagun batek, esaterako, lagun arteko afari bat hasi aurretik selfi bat ateratzen dugunean. Geure aurpegirik onenak jarri, hiruzpalau argazki atera, denok oniritzia eman (hau da, geure inperfekziorik handienak ezkutuan geratu direla ziurtatu) eta sare sozialetatik zabaltzeari ekiten diogu. Afariak iraun bitartean hamar bat aldiz begiratuko diogu mugikorrari, “Atsegin dut”-ak kontatu eta Whatsapp bidezko mezuak erantzuteko.
Ohitu egin gara, akaso, egiten dugun oro kontatzera. Oporretara, mendira edo festara joateak ba al du zentzurik inori kontatzen ez badiogu? Agian bai, baina geure egoa puzteko nahiak garamatza geure bizitzen alderik erakargarriena elkarbanatzera. Sare sozialek eskaintzen digute beste “gu” bat eraikitzeko aukera: beti aurpegi onarekin, lagunekin, festan, bidaiatzen… Kasik izan nahi dugun hori izan gaitezke pantailaren beste aldean; entzuten ez ditugun baina entzutea modan dauden kantuak altxatu, lagun baten ezagunari Twitterren irakurri berri diogun liburuaren pasarte bat Facebooken txertatu, kasualitatez primeran azaldu zaren zeure benetako zuaren antzik ez duen argazki zoragarri bat perfilean jarri eta horrela pixkanaka-pixkanaka bagoaz geure inguru sozialaren oniritziaz handitzen, puzten, nasaitzen.
“Ez egin gauzak kontatzeko”, eta neure buruari galdetzen diot azkena mendi tontorrera igo nintzen hartan argazkirik ez ateratzeak ba ote zuen zentzurik. Mendiaren edertasuna, igoeraren sufrikarioa eta jaistearen plazerrak bazain beste betetzen baininduen lagunei eta gertukoei tontorreko gurutzearekin ateratako argazkia erakusteak.
Biografia dinamikoak dira sare sozialak; bizitzaren isla ez-errealak, aurpegi txarrik gabeko argazki mozorrotuak, lagun deituriko ezagunez osaturiko zirkulu sozialak, erakusteko eta ezkutatzeko sortutako ziber-liburuak.
Geure argazkiak eskegitzen ditugu, iritziak eman, gustuko testuak elkarbanatu, eztabaidatu, musika talde gogokoak goraipatu, jendearen lagun egin, geure bizitzen kronikak idatzi, sentimenduak adierazi… Baina ausartuko nintzateke esatera sare sozialetako orrialdeek gutxi dutela pertsonaletik. Behin ezagun batek esan zidan aurrez ezagutzen ninduela nire Facebooka kuxkuxeatu zuela-eta; kosta egiten zait sinestea. Pertsona batek inguru sozial bati erakutsi nahi dion aurpegia plazaratzen dute sare sozialek, ipurdia ondo gordeta.
Beraz, lagunari baietz esango nioke, gauza (batzuk) kontatzeko egiten ditugula; baina ziurki, sare sozialetan azaltzen ez dugun bizi zati hori da geure biografiaren mamia; gainerakoek, azala eta kontrazala bakarrik osatzen dute. Marketing kontua da, ahalik eta irakurle gehien erakartzeko.