Ez dago presarik

Ez dago presarik –

Estatu espainiarraren barneko nazio zapalduetan aldaketa nabarmen bat eman da azken 15 urteotan: ezker independentismoak geroz eta indar gehiago metatzen du, eta bera da edozein aldaketa gauzatzeko bermea eta abangoardia. Galizan gertatu dena argigarria da, eta nabarmendu behar da, Jean Louis Davant erraldoiaren zita bat poltsikoratuz, teilatuak badituela alde eguzkitsua eta iluna, eta biak begiratzen jakin behar dela: PPk gehiengo absolutua eskuratu du, baina aldaketarako gosea BNGn metatzen ari da.

Ez dago presarik
Arg: Pexels

Zergatik izan dute, beraz, hain mutur luzea gure adiskide galizarrek? Askok zinez sinesten zuten Ana Ponton presidente bilakatuko zela, eta noski, behin halako aurreikuspenak eginda, hori ez den ezer gutxi iruditu zaie. Baina katalejua hartu eta luzera begira jarriz gero zirraragarria da bertan gertatzen ari dena: PSOEk emaitza eskasak izan ditu, eta ezker espainiarra geroz eta ahulago dagoela antzematen da. Galizako independentismoak sekulako orubea du hurrengo urteetan lanean segi eta oinarriak zabaltzeko, bere etorkizuna modu burujabe batean erabakiko duen Galiza gertuago egon dadin.

“Ez dago presarik, pazientzia estrategikoa”. Behin eta berriz entzun diogu hori Arnaldo Otegiri, eta gogoeta hori fruituak ematen ari da. EH Bilduk eta EH Baik geroz eta babes handiagoa dute, ezker independentista botere gehiago eskuratzen ari da denbora aurrera joan ahala, eta uneren batean herri hau bidegurutzera iristen denerako geroz eta baldintza hobeak sortzen ari dira. Inork zalantzarik badu, aurrekanpaina honetako irudia hor dago: guztiak EH Bilduren aurka. Stablishment-ak kapa ugari dituen mezu inplizitua bidali digu herritarroi: “ez dago partidarik”. Hots, EH Bildu lehen indarra bada ere, EAJ+PSE aliantzak geldituko du; eta hori nahikoa ez bada, EAJ+PSE+PP hirukotea izango da; eta, VOXeko EAEko ordezkariak esan duen gisan, egoera hori suertatuko balitz, ultraeskuinak ere bere botoak gehituko lizkioke pozoi independentistaren aurkako antidotoari.

Honek zer frogatzen duen? Aukera errealak daudela EH Bilduk EAEko hauteskundeak irabazteko. Eta duela 35 urte egin zen Ajuria Eneako paktuak bere horretan dirauela, oraingoan maskarak kenduta, kontua ez baita “demokrata” eta “biolentoen” artekoa, herri hau autonomismoan lotuta mantendu nahi duten eta Euskal Herri independiente bat nahi dugunon artekoa baizik.

Bide horretan aurrera egiteko ahalik eta botere esparru gehien eskuratu behar dira: instituzioak, bozkatuz, eta kaleak, antolatuz. Antolatuz, baita EH Bildu kritikatzen duten espazioetan ere.  Hori bai, Iruñeko udaleko lanpostuetako euskara eskakizunen harira esan direnak esatea jada beste kontu bat iruditzen zait: “EH Bildu edo UPN artean ze ezberdintasun dago, bada?”. Galdera horrekin bere buruari erantzuten diona itzuliko da egunen batean bere galaxiatik. KORRIKAko kilometro bat erosteagatik eskuin espainiarrak egurtu zuen aurrena udala, eta orain euskaltzale batzuk, KORRIKAkoa aurpegi zuriketa bat izan zela leporatuz. Benetan uste dugu sinplea eta erraza dela Iruñeko udalera iritsi eta jo eta su iruditzen zaiguna egiten hastea? Udal barnean dauden indar harremanak kontuan izanda, gainera?

Euskararen gaia urgentea da, baina kontrola dezagun presa, ez baita adiskide ona. Boterean ez dagoenak nahi duena esan eta leporatu dezake, esan eta leporatzen duenak ez baitu ondoriorik. Jarraitu dezagun EH Bilduri kritika eraikitzailea egiten eta kalean baldintzak sortzen, instituzioek geroz eta baldintza hobeak izan ditzaten erabaki jakin batzuk hartzeko.

Ipar Euskal Herrian Bagira prozesutik datorren HerriBidea, Nafarroan erregimenan arrakala sortu eta eraldaketarako baldintzak jarraitzen segi, eta EAEn statu quoa kalean eta instituzioetan lekutu. Kalea aurretik. Eta pazientzia estrategikoa.

Ez dago presarik  Ez dago presarik  Ez dago presarik

4 pentsamendu “Ez dago presarik”-ri buruz

  • Bermerik gabeko bermea 2024-04-05 01:07

    “Ezker independentismoak geroz eta indar gehiago metatzen du, bera da edozein aldaketa gauzatzeko bermea eta abangoardia” (…) Hori horrela balitz, aldaketa gauzatzeko gai ei den subjektuak argi izan beharko luke eta indartsua izan beharko litzateke zein izan behar den aldaketaren subjektua eta zein objektua bereizteko. Boterea lortzeko, aldiz, aldaketak egin dira “ezker independentismo” deritzon horretan (boterea lortutakoan datoz aldaketak, hala dirudi). Orduan, zer egin da? Gizartera heltzeko helburuz lan egin da, baina ez gizartea balizko aldaketaren helburuetara gerturatzeko, alderantziz baizik. Egokitzearen ondorioz, gehitu da jentea (ez hain ezker, ez hain independentista); orduan, aldaketak gauzatzeko gaitasuna mugatua dela ere esan daiteke, hori horrela izateko badagoelako moldaketa prozesua. Eta, orduan, zein da aldaketa egiteko gaitasuna, zu zeu aldatu bazara? Ez ote da gehiagotan gertatzen edo ez ote dago arriskuan aipatutako prozesua betikotzeko? Aldaketaren “berme” den subjektua objektuak berak aldatzen du, subjektuak behar besteko aldaketa-indarrik ez duelako. Era berean, boterearen erosotasunean itsuturik, etorkizunera begira, ilunagoa dela esango nuke prozesua. Ez dut uste aldaketaren bermerik dagoenik kasu honetan. Beharbada, gobernu-aldaketa batek ezinbestean ekarriko lituzkeeen aldaketen bermea bai. Sakonik ez, ordea.

  • “Ezker abertzale” ofizialak euskal gizartearen barne ematen diren sinergiak ongi aztertu eta ulertu ditzala, bestela Podemos-eri gertatzen ari zaiona gertatu dakioke, estatu mailan bozkatuena izatetik desagertzerako kinkan egotera.

  • Zuhaitz Ordoki 2024-04-05 09:53

    Ezker abertzalea aldatu da? Bai, noski. Baina EH Bilduren proiektura jende ezberdina batzen ari da? Bistan dena. Gemma Zabaleta Patxi Lopezen gobernuan izan zen, eta orain EH Bildurentzako bozka eskatzen ari da; Jabier Madrazo Ibarretxeren gobernuan izan zen, eta berdin. EHB-k autodeterminazio eskubidea eta ezkerreko politikak babesten dituen indar metaketa erraldoi bat da, eta PSEn, EAJn zein ezker konfederalean zegoen jende bat bertara hurbildu da. Euskal Herria nazio burujabea dela eta autodetermintzako eskubidea dela babesten duen alderdi batera. Ezker independentista aldatu da, bai, eskerrak, eta geroz eta jende gehiago ere.Gobernu aldaketak ez du erroko aldaketa bat ekarriko; gobernu aldaketa pauso bat izango da aldaketaren bidean. Aurten iristen bada ongi, bestela aurrerago,eta egunero lanean kalean zein instituzioetan independentismoa hegemoniko izan dadin.

    EH Bilduk ezin du “purista” izan. Erran nahi baita, ezin da denagatik marra gorriak jartzen ipini. “Edo zonifikazioari amaiera ematen zaio edo ez duzu gure babesik”. Ba ez zaio zonifikazioari amaiera ematen, EHB-k ez du PSN babesten, eta UPNren lau urte gehiago dauzkazu. Agian hori exijitzeko baldintzak egongo dira euskalgintzak egun feminismoak duen mobilizazio gaitasuna lortzen duenean, eta horretarako herri mugimendu zein instituzioetatik lan asko egin behar da. Min eman arren, arrangura sortu arren, errealitatea horrelako gordina da, Nafarroan ez gaude momentu horretan.

    Politikak kakaria ematen du maiz, baina EHBk botere anbizioa dauka, katiuskak jarri eta lokatzetan ari da jokoan, batzuetan (sekulako) zapoak irensten eta bestetan lorpenak eskuratzen.

    Eta bestetik, “aldatzearen” kontzeptuari dagokionez. Adibidez, Ipar Euskal Herrian, ezker abertzalea zen Euskal Departamentu bat, euskara eta euskal presoen eskubideak babesten zituen bakarra. Begira orain. Ezker independentistak bozka gehiago jasotzen ditu, baina are gehiago dira lehen ezker abertzalearenak soilik ziren baloreak defendatzen dituzten gizarte segmentuak. Hego Euskal Herrian antzeko zerbait gertatzen ari dela esatera ausartuko nintzateke (euskararen egoera hil ala bizikoa dela azpimarratuz, hori bai), EAEren eta Nafarroaren artean ezberdintasunak daudela jakinda.

    Ezker espainiarra atomizatuta dago, eta eman duen espektakulua lotsamangarria izan da. Uste dut, gaur-gaurkoz, ez dagoela horretarako baldintzarik hemen, ezberdintasunak sekulakoak direlako, zorionez: oinarri soziala, lidergo konpartitua, proiektu sendoa…

    Instituzioak botere esparru bat dira, eta euskaltzaleok ezin diegu muzin egin. Euskalgintzaren paladinak sentitzen diren batzuk EHB ez bozkatzeko deia egingo dute, baina jakin badakigu instituzio horietan EHB egon behar dela aurrerapusoak bermatzeko; are gehiago esango dut, nahikoa egiten ari ez direlako kritikatzen ditugunean, kritika hori entzun, hausnartu, kalekol babesa sentitu eta pausoak emateko. Bozkatu egin behar da, eta egunero kalean antolatu eta lanean segi.

  • Bermerik gabeko bermea 2024-04-05 16:45

    Nik botere-borrokan sinesten dut, hor dagoela uste dut aldaketaren kontzeptua. Hori gabe nekez ulertu daiteke aldaketaren zegatia. Zentzu horretan, nabaritu dut inguruan izan dela aldaketa nabaria baina galdera da ea zein zentzutan. EAEn (Nafarroan edo Iparralden, ez dakit) ez dut ikusten, ez Euskal Herri independentistagoa, ez euskaltzaleagoa. Eta “catch-all” alderdiak direla nagusi esango nuke gure inguruan. Nolanahi ere, pentsatzen dut, agian, ideologia bera dela indarra galdu duena, behar dudana ematea espero du jendeak, balizko soluzioak. Hori da nire ustea. Aldatzen ari gara baina globalizazioak markatzen duen bidean, soziologiak erakusten dizkigu gaur egungo joerak eta politikarekiko ikuspuntu berriak. Garai “likidoak”, diotenez. Analisi horietan bilatzen dut zentzua eta zergatia, gaur egungo aldaketen zergatia. Eta bide horretan, aldaketak gertatzen diren era berean, jada atzera egingo ez den bidean sartuta gaudela ere ulertzen dut. Iraganean bazen beste testuinguru bat, desberdina, gauza hobe batzuk bazituen eta txarragoak ere bai. Beharbada, ideologiak balio handia zuen, “likidotzen” joan dena, baina berdin da jada. Batez ere, hori guztia ikusten da gobernatzean, hor dago froga enpirikoa edo errealitatea, beti egon da hor. “Desberdina” behar zuenak zeinen berdina den ikusteak min ematen du, baina esaten denaren eta izanaren artean alderik ez dagoela sinestea izango litzateke hori, boterea bidea dela pentsatzearen moduan, eta ez helburua bera. Dena dela, ilusioa kentzeko asmorik ez daukat, zerbaiten alde borrokatu behar da. Badaude hori egiten dutenak, altruistak, gutxiegi tamalez, nire ustean. Beraz, bozkatzean ere, baikoitzak bere ikuspuntutik, aukeratu dezala errealitate gordin honetan onena. Utopia garrantzitsua da, dudarik gabe, baina ez ahaztu gizartea eta botere-borrokak txanpon beraren bi aldeak direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude