Ez dago aurreskurik sokarik gabe

Ez dago aurreskurik sokarik gabe –

Puntapioak Dantzan atarian.

Sinbolo kultural eta koreografikoekin despistatuta dago euskal egitura politiko eta kulturala. Eta ziur aski Lehendakaria bera -eta Lehendakariaren protokolo zuzendaritza- dago galduen. Bizirik diren EAEko Lehendakariak batu dira Gernikan abenduaren 15ean, erbestean Lehendakari izan zirenak omentzeko, lehen Eusko Jaurlaritza erbestera behin betiko irten zeneko 80. urteurrena eta Leizaola Lehendakaria erbestetik bueltatu zeneko 40. urteurrena gogoan hartuta. Soka bereko katebegiak direla dantzan irudikatzeko aukera bikaina esku-eskura izan dute berriz ere. Eta guztiz oker aritu dira berriz ere.

Ez dago aurreskurik sokarik gabe
Dantzariak Lehendakariak agurtzen, Gernika, 2019-12-15. (Irekia)

Aurreskua bere jatorrizko forman, sokan, eskuz esku osatutako katean dantzatzeko abagunea zen. Baina horren ordez, berriz ere, soka etenda duen herri baten irudia eskaintzen duen aurresku indibidual eta hautsia irudikatu da. Dantzari soil bat lehenengo, eta bikote bat ondoren, Lehendakarien, agintari nagusien eta omenduen aurrean dantza erakustaldia egiten, euskal sinbolo koreografiko nagusiaren inguruko ezezagutza larria edo errefuxatze larriagoa berriz ere agerian jarriz.

.

Agintarien aurreskuak

Euskal agintariak aspaldi ari dira aurreskuak dantzatzen. Baina aurresku horiek sinboloz, esanahiz, mamiz betetzen dituen tradizioa sokan dantzatutako aurreskuena izan da. Horrela ulertu eta bizi izan dute aurreko belaunaldiek eta baita gaur egungo hainbat agintarik ere. Hona adibide batzuk. Lehen irudiak guztiz lotuta daude Gernikan egin duten ospakizunarekin. Lehen Aberri Eguneko irudia da lehena, 1932koa, Eusko Jaurlaritza sortu gabe dago oraindik, baina sortuko dutenetako batzuk sokan ageri dira, Eusko Alderdi Jeltzaleko EBBeko kideak dira aurreskua dantzatzen ageri direnak sokan, Aberri Eguna ospatuz.

Lehenego Aberri eguneko soka-dantza. 1932-03-27, Bilbo. (Aranzadi familiaren artxiboa)

Ze esan ondoko irudiari buruz. 1950eko hamarkadan, Donibane Lohizunen, erbesteratutako Eusko Jaurlaritzaren kideak dira. Jesus Maria Leizaola Lehendakaria tartean dela, aurreskua sokan dantzatzen ageri dira, Telesforo Monzonek gidatutako aurreskuan dantzan.

Ez dago aurreskurik sokarik gabe
Erbestean zen Eusko Jaurlaritzaren kideak, Telesforo Monzon, Jesus Maria Leizaola eta Manuel Irujo besteak beste aurreskua dantzatzen Donibane Lohizunen, 1950-60 inguruan. (Pako Suduperen «Telesforo Monzon» liburuan argitaratu da)

Juan Jose Ibarretxe, Lehendakaria sokaren buruan, diasporako euskaldunekin egindako aurreskuan.

Aurreskua Lehendakaritzan Gaztemunduko parte-hartzaileekin, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria sokaren burua dela, 2002-09-18.

 Eusko Ikaskuntzaren sorreran eta bere 100. urteurrenean ere sokan dantzatutako aurreskuak izan dira irudi sinboliko nagusiak.

Ez dago aurreskurik sokarik gabe
Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. (Kutxateka / Ricardo Martin)

Eusko Ikaskuntza I. kongresua, 1918. (Kutxateka / Ricardo Martin)

Ez dago aurreskurik sokarik gabe
Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

Aurreskuaren irteera, Xabier Alkorta, Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko presidentea sokaren buru dela. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko aurreskua, Oñati, 2018-11-24. (Oier Araolaza – dantzan.eus)

Euskaltzaindiaren mendeurrena ere sokan dantzatutako aurreskuarekin borobildu berri da Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Diputatu Nagusia buru zuela sokan elkar-lotuz eta Euskaltzaindia bera sokan integratuz ospatu baitzuen efemeridea.

Ez dago aurreskurik sokarik gabe
Aurreskua Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Euskaltzaindiaren 100. urteurrena ospatzeko, 2019-10-05.

.

Aurreskua ezin bakarka egin

Aurreskua, ‘aurreko eskua’ da, alegia, esku-dantza batean lehen dantzaria, aurreko eskuan aritzen dena. Aurreskuaren ohoreak esku-dantza horretan parte hartzean datza, soka horretako kide izatean, eta soka horrek lotuta irudikatzen duen komunitatearen ordezkari izatean. Dantzaria bakarrik ?sokarik gabe? ageri bada, ez dago aurreskurik, atzeko katea, esku-dantza beharrezkoa baitu aurreko eskua izan ahal izateko. Bakarrik dagoen dantzaria ez da ez aurreskua ez atzeskua, gidaria izateko ezinbestekoa baita taldea, bakarrik izanik, ez gidari, ez jarraitzaile, ezer ez baikara.

.

Azaleko argazkia: Lehendakariei aurreskua Gernikan, 2019-12-15. (Irekia)

Ez dago aurreskurik sokarik gabe

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.