Ez Da Imajinatu Beharrik (Arrapostua Iñaki Iriarteri)

Ez Da Imajinatu Beharrik (Arrapostua Iñaki Iriarteri)

Joan den astean, eztabaida labur bat piztu zuen txio bat idatzi zuen Iñaki Iriarte UPNko parlamentariak: “Podemoseko ordezkariak barkamena eskatu du euskaraz ez egiteagatik = gaztelaniaz egiteagatik. Barkamena eskatu behar da zure ama hizkuntzan egiteagatik?”. Tranpa, nire ustez, berdinketa horretan dago: Podemoseko ordezkariak ez baitzuen barkamena eskatu bere ama-hizkuntzan egiteagatik, euskaraz ez egiteagatik baizik –ez baita gauza bera, eta hala azpimarratu zion Patxi Huartek Iriarteri–: “Ez du barkamena eskatu bere ama hizkuntzan, gazteleraz, egiteagatik, ez nahastu”. Iriarteren erantzuna interesgarria izan zen: “Egin zuen! Imagina euskaldun elebakar batek erratea: ‘barka erdera ez egiten ahal izanagatik’”. Ni ere eztabaidan sartu nintzen, baina hondarrean estuegia gertatu zitzaidan Twitterreko 140 karaktereko muga, eta gaiaz luzeago idaztekotan gelditu nintzen.

Interesgarria da Iriarteren arrapostua: “Imagina euskaldun elebar batek erratea”. Eta bai, euskaldun elebakar hori –Euskal Herriko hainbat erdaldun bezain elebakarra bada, bederen– imajinatu bertze erremediorik ez dugu izanen, errealitatean toki gutitan harrapatuko baitugu horrelakorik. Bigarren zatiak, ordea –“barka erdera ez egiten ahal izanagatik”– ez du hainbertzeko irudimenik eskatzen. Gogoan dut duela urte batzuk Xegone izeneko –edo goitizeneko– baztandar batek parte hartu zuela ETB2ko El conquistador del fin del mundo saioan –bai, lagunok, ni ere El conquis ikusia naiz–; garai hartan Elizondoko bi ikasle etortzen zitzaizkidan klasera, eta Xegonez galdegin nielarik, biek hauxe erran zidaten, lotsatuta: “baina ez baitaki erdaraz”. Erdaraz ez daki ongi, alegia, Xegone ez baitzen elebakarra; ez, behinik behin –berriz diot–, Euskal Herriko hainbat erdaldun bezain elebakarra. Eta gogoan dut, eta ez zait inoiz oroimenetik lekutuko, behin gure semearekin billabesan nindoalarik –hiru edo lau urte izanen zituen orduan haurrak, eta artean elebakarra zen, haurrak baitira imajinatu beharrik izan gabe ikusten ahal ditugun euskaldun elebakar ia bakarrak– andre batek, umeak gaztelaniaz ba ote zekien galdegin ondotik, amultsuki eta inolako asmo gaiztorik gabe erran zidana –erdaraz, bistan da–: “Bada, bietan irakatsi behar zaie haurrei”. Ez dakit tabernan egon ordez hiri garraioan gaztelania hutsean aritzen diren aita-semeei ere prediku berbera botatzen ote zien, baina, zalantza argitu ziezadan eskatzekotan egon banintzen ere, isildu egin nintzen.

Euskarazko balizko elebakartasuna gauza lotsa-emangarria da gaur egun ere, gauza irri-emangarria, herriko jende xelebrearen edo haurren kontua, eta erdaldunek ez ezik, euskaldun anitzek ere hala sentitzen dute. Euskaldun elebakarrak ez du barkamenik eskatu beharrik –demokrazian bizi gara, jende zibilizatua gara–, baina euskarazko elebakartasuna hain da egoera arraroa eta pentsaezina, euskararen eta gaztelaniaren arteko harremana hain da desorekatua, ezen ezezagun batek –herrarik gabe, iraintzeko asmorik gabe, zure hobe beharrez– lezioak ematen ahal baitizkizu. Horri nola deitzen zaio? Hegemonia aditu dut hor nonbait?

Nafarroan gobernu aldaketa gertatu denetik, UPPSNren zenbait jenderen ahotan, txioetan eta adierazpenetan mezu bat dabil airean: euskararen aldeko presioa jasanezina bihurtzen ari da. Roman Luzan UPNko kide eta Irabiako irakasleak euskaraz ez egiteko eskubidea aldarrikatu zuen Diario de Navarrara igorritako gutun batean. Eta, zer nahi duzue erratea, ez dakit gaurgero gazte abertzale fanatikoen talde batek Luzan mehatxuka behartu ote duen euskaltegi batean izena ematera, baina niretako, eta nire inguruan euskaraz egiten guziendako, euskara ikastea eta euskaraz mintzatzea libre hartutako aukera izan da; gure haurrarendako, ordea, –dagoeneko elebiduna den gure haurrarendako– espainola ikastea ez da aukera izan, betebeharra baizik. Eta ez naiz erraten ari –argi gera dadila– elebitasuna txarra denik: erraten ari naiz elebitasuna populazioaren zati bakar batendako baizik ez dela nahitaezkoa; are gehiago, hori aski ez, eta elebakarra den populazioa –eta elebakartasun horretan eroso bizi den populazioa–, tematzen ari da aspaldi honetan biktimarena egiten. Ez populazio osoa, bistan da. Baina bai batzuk; eta bozgorailu ederrak dituzte horretarako.

Susmoa dut oraindik erdaldun anitzek uste dutela normala dela –heziera onekoa, eskatu gabe ere zor zaiena– euskaldun batek erdaraz egitea. Erran nahi baita, ez dute ulertzen egiten zaien kortesia dela. Horregatik, ongi da euskarak botereguneetan –Nafarroako parlamentuan, errate baterako– leku handiagoa izatea, eta ongi da bi hizkuntza dituen herrialde bateko ordezkari politikoek uler dezaten eta ozenki adieraz dezaten herrialde horretako hizkuntza bat ez ezagutzea hutsune bat dela. Horixe ari zen Podemoseko ordezkaria aitortzen, barkamena eskatu zuelarik. Horregatik, nire ustez, pozgarria da UPN-n ere Iñaki Iriarte bezalako parlamentari euskaldunak izatea. Testu hau, bertzenaz, erdaraz idatzi beharko nukeen.

Ez Da Imajinatu Beharrik (Arrapostua Iñaki Iriarteri)

euskara, Iñaki Iriarte, nafarroa, UPN
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

11 pentsamendu “Ez Da Imajinatu Beharrik (Arrapostua Iñaki Iriarteri)”-ri buruz

  • katalin Antxia

    zenbat arrazoi. gogora ekarri dit eskolan elebitasuna mapan lokalizatzen genuenekoa. euskal elebakarrak kokatubeharrik ez zen egoten, irakasleak zioelako holakorik jada existitzen ez zela…eta nik bakan batzuk izaten nituen buruan. Baina maparen eskala handiegia zen horiek kokatzeko…

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Teoriatik praktikara jauzi eginez, zeinen polita, esanahitsua eta eraginkorra izango litzatekeen, Nafarroako zein EAEko Legebiltzarrean, hainbat kidek elebakar euskaldun jokatzea, eguna joan eta eguna etorri, asteak joan eta asteak etorri, etengabe, salbuespenik gabe, bertako elebakar erdaldunei ispilua taigabe aurrean jartzeko

  • Iñaki Iriarte 2015-09-23 14:44

    Izan ere ez dut imaginatzen norbaitek barka eskatu behar izatea gure hizkuntzetako batean hitz egiteagatik. Koldo Martinezek barka eskatu behar zuen erderaz ez hitzeagatik? noiz hasiko da jendea barka eskatzen gaskoiera (Ipar Euskal Herriko hizkuntza propietako bat) ez mintzatzeagatik? Maiz iruditzn zait eraman dugula euskara hizkuntz liturgiko baten mailara. Baita parlamentuan ere. Bertzea baina hobea da, altuagoa, benetakoagoa, magikoagoa… Baina ondikotz gaizki mintzatua. Amiti dezagun euskara mintzatzen garen erdaldunak garela, Santi, zu eta biok. Agian Herderrek arrazoi zuen eta hori dela eta Erdal Herrikoak gara. Onerako eta txarrerako Euskal Herria ezin da separa edota uler Erdal herririk gabe.
    Jotzen dut gizarte eleanitza batera goazela. Zenbat belaunaldi pasatu beharko da gainerako hhizkuntzak “hemengotzat” jotzeko? Eta hori gertatzen denean, barka eskatu beharko dugu aldi oro?
    Euskara ez da betebeharrezko izan… bAina EAEn asmo hori badago: haur orok ikasi behar dute, mintzatzen da iasketak bukatzerakoan derrigorrezko azterketa batez…. Unibertsitatean sartZeko zure liburuek guti balioko dute, baina zure auskarak 11 puntu!
    Bertzetik jakin badakizu “euskararen etsai” gisa iraindua izateak ekar zezakeena…
    Mintza gaiten euskaraz, libreki. Baina sentitu gabe saritu behar gaituztela eta iraintzen gaituztela erdaraz erantzuten gaituztenean.

    • Santi Leone
      Santi Leoné 2015-09-24 07:30

      Euskaraz mintzatzen naizen erdalduna ez ezik, erdara maite dudan euskalduna ere banaiz. Etxean ikasi nuen gaztelaniaz, eta gaztelaniaz egiten dut nire familiako gehienekin. Nahi izan nuelako ikasi nuen euskara. Baina hori nire esperientzia izanik, badakit ezin orokortu daitekeela: gure artean badira eta iraganean izan dira erdaraz mintzatzera behartuak izan diren euskaldunak. Ñabardura ez da txikia. Bai, espainola maite dut, eta ezinen nuke erran niretako hizkuntza arrotza denik, baina, halere, badakit hizkuntza hori euskararen kontrako errepresio baten historia bati lotua dagoela. Gaurko sinkronia soziolinguistikoa diakronia jakin eta zenbaitetan gaizto baten ondorioa da.
      Mintza gaitezen euskaraz, libreki, erraten duzu, Iñaki. Baina susmoa dut askatasun hori gorputz gabea dela, askatasun horrek ez dakiela -eta ez duela jakin nahi- libreki mintzatzeko, libreki mintza gaitezen baldintzak izan behar ditugula. Euskaraz bizitzea hautatu duen erdalduna naiz -eta hori euskaldunberriaren definizioa izan daiteke-, baina gauza batek berdintzen nau euskara etxean ikasi dutenekin: hauek, goiz ala berant, euskaraz bizitzea -edo ez- hautatu behar izan dute. Libreki hautatu ere, nahi baduzu -baina hortaz ere luze mintza liteke-; baina bada hori baino gozoagoa den bertze askatasun bat: hautatu behar ez izatearena. Burgosen, Cadizen edo Valladoliden ez ezik, Iruñean ere erdaldun anitzek ez dute espainolez bizitzea aukeratzen. Ez dute horren beharrik.
      Mintza gaitezen libreki: baina abiapuntuan berdintasunik ez bada, bidean goraipatzen den askatasuna ez da sekulan egiazkoa izanen. Nork bere fikzioa. Baina fikzio guziak ez dira berdinak. Baliteke nik defendatzen dudanak kalteak era eragin izana, eta euskararen defentsan gehiegikeriarik egin edo egiten ari bada, prest nago horretaz eztabaidatzeko. Liberalismoaren fikzioa, ordea, askatasuna estakuruan indartsuenaren legea ezarri nahi duen fikzio hori aise kaltegarriagoa eta arriskutsuagoa iduritzen zait.

  • Nahiz eta berarekin ados ez egon, UPNko Nafarroako parlamentari batekin euskaraz eztabaidatu ahal izate hutsa aurrerapausotzat jotzen dut. Edozein kasutan, bere ikuspegia Euskal Herriko zenbait sektoretan oso errotuta dago oraindik. Horren adibide, El País Espainiako egunkari ustez ezkertiarrak atzo bere webgunean zekarren artikulua:
    http://politica.elpais.com/politica/2015/09/22/actualidad/1442936658_416697.html

  • Oso ondo erantzuna Santi! Askatasunik ez da berdintasunik gabe, eta berdintasunik dugula inork ezin esan lezake… Emakumeek ere bide seguruen eta ez horren seguruen artean aukeratzeko askatasuna dute etxera gauez itzultzean, baina hautatu beharra bera da askatasun eta berdintasun ezaren seinale. Demagogiatzat har dezakezue, baina ez naiz bakarra euskara hitz egiteko ausardia nahikorik izaten ez duena hainbat egoeratan, errepresalien beldur (gogoan ditut renfeko langileekiko liskarrak, ertzain askoren jarrera.. Eta hori bortizkeria fisiko edo berbalera mugatuaz soilik!).

  • Iñaki Iriarte 2015-09-25 15:08

    Mmm. Ez dut uste nehor molestatzen ahalko denik bertze batek erabiltzen duen hizkuntzagatik. Nik gutienez ez dut nabaritu nehoiz inolako erdeinurik euskaraz ele egiteagatik (aitzitik). Nire ustez gurea bezalako gizarte batean non hizkuntz desberdinak mintzatzen diren, arazo nagusia bertze bideetatik dator eta batez ere gako politikoan ulertu beharko genuke: gizarte sektore zabal batzuek ikusten dute hizkuntz gutiengodun batean euren nortasunaren esentzia (paradoxikoki, zeren kasu gehienetan ez baitute hizkuntz hori ezagutzen, eta egitekotan urrun daude hura menperatzetik). Horra ekiten diote ikasteari -edota euren haurrei irakastaraziari-. Berehala galdegiten dute hizkuntzaren ezagumena irizpide erabakigarri izatea administrazioan lan egiteko. Erdiesten badute, hiritar gehienak ere hizkuntza ikasteko beharran egonen dira (zihurrena da gaizki egin dezala eta ahalik eta gutien erabiltzea). Erdietsi ezean… protestatuko dira erranez euren dretxo linguistikoak ez dituztela errespetatzen.
    Tranpa bat dago logika horretan, nire ustez. Ez dugu inolako nortasunik galdu. Bagara garena. Historiak (biolentziaz, beldurraz, etab) gutaz egin duena. okertzen gara euskarari maila magikoa ematen diogunean. Ez gaitu ezertaz sendatuko, ez digu itzuliko inolako lotura telurikorik. Benetako fetitxismo (eta “postureo”) aurkitzen dut euskaren gaian. Beldurra ematen dit zeren uste baitut, edozein erlijiorekin gertatzen den bezala, nahi ta nahiez desmitifikazioaren garaia iritsiko dela. Eta orduan ezerk ez du salbatuko euskara.
    gehiago luza ninteke. Konpara nitzake euskararen kasua eta hebraierarena. Ez dut erranen berdinak direnik, baina azken hau ere berreskuratze politiko bat ezagutu zuen. Halako lanari ekiteak koste moral itzela du gizarte batentzat, nire ustez. Bertze okasio batean izan beharko da. Sobera lanpeturik nabil. Baina zinez eskertzen dizut, Santi, gai honen inguruan debatitu izana. Ondikotz, bertzearen arrazoiak ulertzen saiatu izana ez da maizena izan. Besarkada.

    • Eta hizkuntza, euskara galtzea ez al da kultura galtzeko lehen urratsa? Kultura galtzea nortasuna galtzekoa?
      Ez daukat eskura esatera noana baieztatuko duen froga ziurrik baina “beste batek erabiltzen duen hizkuntza” hori, euskara, Nafarroako parlamentuan erabiltzen denean, ezin dut sinistu jokaera honek zure zenbait alderdikideren artean mutur oker eta bestelakorik eragiten ez duenik.

    • Iñaki, euskara bertokoa izanik, izango dugu espainiera bezain beharrezkoa izateko eskubidea, ala? Haur guztiek menderatu behar lukete euskara, espainiera (alabeharrez) menderatzen duten gisan. konstituzio espainiarrak espainieraz jakitera behartzen gaitu, eta hori ez zaizu nonbait inposaketa iruditzen. Marka da gero!
      Unibertsitateaz diozuna handia da era berean: eskandalua iruditzen zaizu euskaraz jakiteagatik puntuak ematea… Aldiz, espainieraz derrogor jakin beharrari ez diozu erreparatu ere egiten.
      Horrek guztiak badu izen bat, Iñaki: nagusikeria, supremazismoa. Eta ez da harritzekoa. Euskara Nafarroa osotik ezabatzeko lanean diharduen alderdi bateko kidea zara.

  • Ibai Iztueta 2015-09-26 13:36

    Neu ere lanpeturik, Iñaki, eta gehiegi luzatu gabe.

    Zure mundu ikuspegia kontserbadorearena edo eskuindarrarena da: handiak txikia jaten du eta horren kontra egiterik ez dago deus ere. Uste duzu euskararen biziberritzea ez dela posible, beraz, ez duela ahaleginik merezi. Ikuspegi hau eta ikuspegi honen atzean egon litezkeen argudioak errespetatzera behartua nago. Behar bada etorkizunak arrazoi emango dizu eta euskararen aldeko gaur egungo ahaleginak fanatikoen eldarnio gisa kontatu dira. Hori ere gertatzen da.

    Arazo gehiago ditut praktikari dagokionez, zuk aipatu duzun gako politiko horri dagokionez, izan ere, gizarteko nolabaiteko ordena morala babestu beharrez, euskararekiko debekua eta euskararen biziberritzearen alde ari direnekiko oztopo aktiboa praktikatu duen mugimendu politiko batean parte hartzen baituzu.

    Mistikaz esan dituzun batzuetan ados egon ninteke, desmitifikatu beharraz, adibidez; hala ere, mistikaz hitz egitea ez dut gehiegi maite, azken finean, mistikarena auzi intimoa delako. Alde horretatik, nahiago errealitate materialez hitz egin.

    Hara, ez daukazu Israel-a joan beharrik: Bartzelona hirian (milioi eta erdi biztanle inguru), gaur egun, esan liteke populazioaren %35en eguneroko hizkuntza katalana dela; %52 ingururena espainola eta %8 ingururena biak.

    Hau, ez bakarrik horregatik, noski, baina besteak beste katalanaren ezagutza orokortzen lagundu duen hezkuntza sistema bati esker gertatu da. Oinarrizkoa, bakoitzak nahi duen hizkuntza darabil, ia guztiek bi hizkuntzak ezagutzen dituztelako.

    Euskal Herrian horrelako gizarte bat lortzea posible zela pentsatzea guztiz legitimoa da, abiapuntuak eta zenbait baldintza ezberdinak izanik, Katalunian baino beranduago eta ahalegin gehiagorekin, egia, baina ez horregatik disparatatua, ez mingarria. Aitzitik: bidea mingarri eta nekagarri debeku eta oztopo politikek egiten dute.

    http://www.idescat.cat/novetats/?id=1896&lang=es

  • Iñaki Iriarte: Mmm. Ez dut uste nehor molestatzen ahalko denik bertze batek erabiltzen duen hizkuntzagatik. Nik gutienez ez dut nabaritu nehoiz inolako erdeinurik euskaraz ele egiteagatik (aitzitik).

    Erdeinu hori Nabaritu ez badezu, Euskara erabiltzen ez dezulako izango da, bestela zuzenean ezinezkoa da hori.

    Nik erdeinu, irain, mesprexu hoiek egunero Nabaritzen ditut ta zuk inoiz ez?
    Edo gezurra da, edo zuzenean Gaztelerara jotzen dezu egoera hoietan lenan ta horregatik ez dituzu erdeinu hoiek nabaritzen.

    Duela 5 minutu niri galdetu didate era zergatik ari naizen Euskaraz norbaitekin, potrotik ateratzen zaidalako erantzun dut, solaskideak bi besterik ez ginen.

    Eztezula nabaritu? Normala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude