Extefana Irastortza hendaiar olerkariaren gorazarrez
Extefana Irastortza hendaiar olerkariaren gorazarrez –
Urriaren azken egunetan, isil-isilik, joan zaigu Hendaiako olerkari fina, isil-isilik eta bere familiakoen maitasunean, bizitza osoa eman duen bezala. Zendu den momentuan 93 urte zituen. Sortzez Extefana Iribarren Ugalde zen, familia hendaiar bateko alaba.
Familiaren kontuak eta haur eta gazte garaiak
Lehen Gerla Handia zela eta, aita, Ganix Iribarren, Belgikako frontera igorri zuten frantses armadarekin batera. Eraman zutenean 29 urte zituen eta ezkondu berria zen. Eraman zutelarik emaztea haurdun zuen. Gerlan denetik ikusi eta sufritu zuen eta beste euskaldun ainitzek bezala, frantsesa jakin eta ulertu gabe.
Jakina da, euskaldunen artean iheslarien eta desertoreen kopuru handia izan zela. Hori dela eta, mugatik gertu bizi ziren soldaduei ez zieten etxera etortzeko baimenik edo deskantsurik ematen. Baina lehen alaba sortu zitzaionean baimena eman zioten. Hendaiako etxean hamabost egun pasatu zituen eta gerlara berriz itzuli behar zenean, aitak erran zion: “Zertarako joan behar duk hara, heure burua eta besteak hiltzera? Nik pasatuko haut, beste aldera mendiz”. Eta horrela egin zuen. Bi urte eta erdi berantago emaztea eta alaba ere gau batez, mendiz, eta artzain baten laguntzaz, Berara pasatu ziren. Altzan izeba bat zuten eta haren baserrian hamabi urtez bizi izan ziren. Altzan zirela, 1925ean sortu zen Extefana.
Lau urte berantago, hau da, 1929an Hendaiara itzuli ziren, Zubernoako Aspots Berri laborari etxera. Orduan, poliziek atxilotu eta eskuak lotuta eta bi soldadu armaturen artean presondegira zuten eraman, gaiztagin baten modura. Gerla epaiketa egin zioten eta sei urteko espetxealdia ezarri zioten, baina kartzelara joateko beharrik gabe. Garai hartan Extefanak lau urte zituen.
Euskalduna izateagatik sufritu behar izan zuen. Bost-sei kilometrora zen Hendaiako frantses eskolara joaten hasi zen eta iseka eta zigorren artean frantsesez ikasi behar izan zuen.
Bigarren Gerla Handiak etxean harrapatu zuen Iribarren familia. Alemanak Zubernoatik barrena sartu ziren Hendaiara eta haien etxetik gertu maniobra militarrak egiten zituzten. Hitlerrek, Francorekin hitz egitera Hendaiara etorri zelarik, gaua bere trenean pasatu zuen, iribarnetarren etxetik metro gutxira. Berantago, alemanek tunel hori baliatu zuten ebatsitako eskulturak eta artelanak atxikitzeko.
.
Extefana Irastortza, olerkari
1948an Joxet Irastortza urruñarrarekin ezkondu zen, eta Urruñan finkatu zuten familia. 1990ean senarra hil zitzaionean, haren oroimenez, bere lehen olerkia egin zuen, eta orduz geroztik, Extefanak, trebezia eta sentimendu handiaz, olerkiak idazteari ekin zion, horietako ainitz Auxtin Zamora olerkari senpertarrak zuzentzen zuen Hatsaren Poesia izeneko liburuan plazaratu zituelarik. Irakur dezagun orain Extefanak senarraren oroigarriz idatzitako olerkia. Laguna desagertu izena du. Horratx: Maitatzen duzun lagun bat / ez da hiltzen / baizik da desagertzen. / Haren begitartea, / haren irri goxoa, / haren eskuak eta hitzak, / berak zuen izaitea / zure izpirituan / eta begietan / ikusten duzu, / non-nahi izanik ere. / Maite duzun lagun bat / ez da hiltzen / baizik eta desagertzen.
Extefanen olerkietan familiaren berri ematen du ainitzetan, eta Aspots Berri habiaren berri aipatzen digu: Aspos Berri etxean bainaiz haunditua / nire bortz ahizpekin aitamen onduan. / Laborari etxean azkarki lanean, / omore onarekin gu denak batean. // Leku xoragarria gure Zubernoa / denak elkar lagunduz baitziren auzoak. / Gure aziendak eta ogi sail haundiak, / artoa ehotzeko ondoan errotak. // Mahainaren inguruan bazen alaitasun, / ixtorioak kondatzen denak elkartasun. / Familia guzia zen dena osasun / kantua eta otoitza zela goxotasun.
Bestelako gaiak era jorratu ditu Extefanak bere olerkietan. Kontrabandistei egindako olerkia biziki ederra da. Hona hemen hainbat pasarte: Erreka xokoetan uraren murmura, / beraren bazterrean zuhaitz ederrena / eta xori guzien kantu errepika, / nihaurrek ezin ikus beren kolorea // Txantxangorria berriz heldu da leihora/ bere gosearekin papurrak jatera / gero laster badoa aldaxka gainera / adixkide maitea kantu emaitera. // Bihar goizean leiho izkinean / hemen izanen naiz ni zure esperuan / kezkatua bainago zu ez ikustean / zerbeit pasa ote den bai zure bidean.
Edota itsasoari begira egindakoak: Oi itsasoaren zabalera / batzuetan urdina / bertzetan berdea, / eztia edo hasarrea / maxamarra edo marea gora / battelak kulunkan, / marinelak soketan / itsas beleak arroka gainean, / antxetak airean, / hegalak bustiz itsasoan. // Oi itsasoaren ederra / bainan batzutan zakarra, / zure marruma entzutean / izitzekoa da! / Zer duzu horren kexu? / zerbeit erran nahi ote duzu? / Ez otoi gizonik har zurekin, / ikusiz ama baten kezka. / Leiho gibelean kanpora begira / noiz agertuko den bere seme kuttuna, / otoiztuz zeruko Jauna.
Eta olerki aipamenekin bukatzeko, lerro hauetara ekarri nahi dut azken urteetan bere buruaz erraiten zuena Amatxi bat izeneko olerki sentikorrean: Ez naiz poeta, / ez naiz idazlea, / ez naiz bertsularia / baizik amatxi bat. / Nire barneko nahigabeekin / eta nere pozarekin / gibelerat begiratzearekin / ohar bat egitearekin. / Lur huntako bide haundiena / dudala eta behar dudala segitu aintzina / nire poema kaxkarrak agertuz / iturritxako ura urrupatuz / oroitzapen goxoak gogoratuz / familia eta lagunak eskertuz / itsas bazterreko haizea gozatuz. / Lur huntako bidea bururatzean / orduan argi eder bat / agertuko zaitanean / argia lagun / zeharkatuko dut itsaso zabala. / Han ageri den uharteraino / argia lagun / sartuko naiz bizi berri batean. Eta bai, Extefana, jadanik itsaso zabala zeharkatu duzu eta uharte horretara iritsi zira. Bizi berri batean zira jadanik, eta hor ere, hemen bezala, poeta, idazle eta amatxi izaten jarraituko duzu.
.
Extefana Irastortza idazle
Irakurri dugun azken olerkian Extefanak erraiten zuen bezala, olerkiak idazteaz gain, liburu bat ere idatzi zuen: Amatxi Extefanaren oroitzapenak izenekoa. Liburu eder hau Germaine alabak plazaratu dio eta familiakoen eta adiskideen artean banatu. Narrazio bixi-bixiak, Hendaiako euskaraz kontatuak, jadanik desagertu den laborari mundu baten lekuko eta jakile. Liburu honek badu balio familiar ikaragarri handi bat, zalantzarik gabe, baina horretaz gain, arlo etnografikoan, linguistikoan eta historikoan ere baditu bestelako balio ukaezinak.
Biziki ongi eta naturaltasun osoz kontatzen digu nolakoa zen bizimodua bere haurtzaro eta gaztarako Zubernoa auzategian eta baita Hendaian eta Urruñan ere, zer-nolako gizartea zen, laborarien bizimodua, gerlako kontuak, alemaniar soldaduekiko harremanak, kontrabandoa, Churchill Bordaberrin izan zenekoa, garai bateko enterramenduak, Teilatubaitako Mentura Zopitekoaren istorioa, Zubernoako zenbait lekuren izenak, Hendaia zaharreko laborarien eta bordarien etxe zerrenda, su bazterrean entzundako istorioak, pilota partidak Borda Berrin, Joxemiel Barandiaran bisitatzeko Ataunera egindako bidaia, Baionako bestak… eta beste hamaika kontu.
Zoritxarrez Extefana Irastortzaren idazlanak hor-hemenka barreiaturik eta erdi ahazturik daude, olerkiak lehen aipatu Hatsaren Poesia –ren liburuetan eta liburua hainbat senide eta adiskideren eskuetan. Germaine alabak lan polita egin du amaren liburua plazaratzen eta zabaltzen, baina Extefanak gehiago merezi duelakoan nago. Haren olerkiak bildu beharko lirateke eta oroitzapen liburuarekin batera beste edizio zabalago batez argitaratu eta hedatu. Bitartean, Extefana, hor, itsaso zabala zeharkatu ondoren, argia lagun, iritsi zaren uharte horretan zaudela, har ezazu euskaldunon esker ona, euskalduna izan zarelako beti, gure mintzaira maite eta erabili duzulako, eta gainera horrelako olerki eta oroitzapen ederrak idatzi dituzulako. Ohore handia da euskaldunentzat zu bezalako olerkariak ukaitea.
Extefana Irastortza Extefana Irastortza