Mendekotasunik? Ez, eskerrik asko

Mendekotasunik? Ez, eskerrik asko –

Euskal Herriko gizarteak, orokorrean, ez ditu gustuko mendekotasun-jarrerak (are gutxiago bidegabekeria baten ondorio direnean) eta ekimen askotan frogatu du intsumisioa nahiago duela, duela urte batzuk soldaduskari egindako ukoan, besteak beste. Ez ditugu maite jarrera diskriminatzaileak ere. Baina hizkuntzaren arloan euskaldunok diskriminatuta gaude eta era otzanean onartzen dugu egoera hori, baita Euskal Herriko tokirik euskaldunenetan ere. Hizkuntza-mendekotasuna odolean daramagu, geneetan ere bai, mende luzeetan gure lurraldean nagusi izan diren eta egun ere diren bi inperialismo erdaldunek egundoko kultur eta adimen-kolonizazioa ezarri dizkigutelako. Jakina denez, zapaltzailearen arma nagusia zapalduaren burua baita.

Mendekotasunik? Ez, eskerrik askoIntsumisioaz ari gara gustatzen ez zaigun eta edonork egiazta dezakeen errealitate bat aintzat hartzen dugulako: Euskal Herrian “pax linguistikoa” dugu euskaldunok erdaldunen aurrean beti amore ematen dugulako. Hemen ez dago Flandrian, Katalunian edo Estonian bezalako hizkuntza-gatazkarik euskaldunok gure hizkuntza-eskubideak tinko exijitzen ez ditugulako. Zer gertatuko litzateke egunen batean euskaldunon erdiek -demagun- (400.000 lagunek) erdaretan hitz egiteari uko egingo bagenio? Gatazka begi-bistan jarriko litzateke.

Dezente dira Euskal Herrian nagusiki euskaldunak diren herriak eta eskualdeak. Horietan, bertako biztanleria osoa euskalduna da, Estonian bere hizkuntzan bezalaxe, adibidez. Baina leku horietan ere ezinezkoa da euskaraz bizitzea hara joandako kolonoek euren hizkuntza-diktadura ezartzen digutelako. Eta kasu horretan “tolerantzia” eta “kultura-aniztasunaren” defendatzaile sutsuek hizkuntza-mendetasuna eskatzen digute behin eta berriz euskaldunoi elkarbizitzaren izenean. Eta hori ez da bidezkoa.

Euskal Herrian euskaldunok, asko jota, biztanleriaren herena besterik ez garela gogorarazten digute erdaltzaleek gure hizkuntza-mendekotasuna eskatzeko eta exijitzeko. Eta hori egia-erdia besterik ez da. Urola Kosta edo Lea Artibai bezalako eskualdeetan, esaterako, nahiz eta bertako ia guztiak euskaldunak izan, mendekotasun berbera exijitzen digutelako. Eskualde euskaldun horietan ere, Notariotzan, Auzitegian, banketxe askotan, Lanbiden, anbulatorioan, jatetxe batzuetan edo Ertzaintzan, esaterako, erdaraz hitz egitera behartzen gaituzte “gatazka” saihesteko eta “gizabide ona” erakusteko.

Gordin mintzatzeko garaia da. Aski da! esateko garaia. Ez da gure asmoa politikoki zuzenak izatea, ahalik eta egoeraren diagnostikorik zehatzena egitea baizik, abiapuntu modura: Euskal Herria kulturan eta hizkuntzan kolonizatuta dagoen Herria da, eta hori ahazteak hizkuntza-onkerian erorarazten gaitu behin eta berriz. Hizkuntza-asimilazioaren fasean hain aurreratuta gaude, ezen guztiz “normaltzat” jotzen baitugu hemen bizi den erdaldun baten aurrean beti erdarara pasatzea, “ez dakielako”, “erdaldun gutarra” delako, gure etxepekoa delako edo hizkuntza-estresa saihestu nahi dugulako.

Norbanakoen mailan horrelako jarrera otzan eta mendekoa hartzen baldin badugu, nola eskatu gero Administrazioari ausartagoa izatea hizkuntza-politikaren arloan?

Eskubideak ez dira eskatzen, eskubideak egikaritu egiten dira. Euskaldunok eta euskaltzaleok armairutik irten behar dugu eta gure eskubide zibilak exijitu. Hizkuntza-mendekotasunari amaiera eman behar diogu. Geure norbanako duintasuna eta herri-duintasuna berreskuratu behar ditugu. Baskoak ez garelako, euskaldunak baizik. Eta ez gaude prest geure identitateari behin eta berriz egunero uko egiteko.

Euskal gizarteak asko aurreratu du eskubide kolektiboekiko sentiberatasunean azken hamarkadetan. Onartezina deritzogu emakumeen aurkako diskriminazioari, edo etnia edo arraza jakin baten aurkakoari ere. Baina ez da berdin gertatzen hizkuntzaren arloari dagokionez. Bada garaia Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izatea exijitzeko, norbere herrian norbere hizkuntza erabiltzea ez da pribilegio bat, giza duintasunaren espresioa baizik. Hala, Euskal Herrian euskaraz bizitzea euskaldunoi dagokigun portaerarik naturalena da.

Azkenik, salaketaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gure hizkuntza-eskubideak urratzen direnean ez dugu egoera diskriminatzailea onartu behar, salatu baizik. Eta bi lekuetan salatu ere, Elebiden EAEko erakunde ofiziala delako eta Behatokian, Kontseiluak antolatu eta Euskal Herrikoak kudeatzen dituelako. Eta ez soilik erakunde publikoen urraketak, baita mundu pribatu antolatuarenak ere, banketxeenak, jatetxeenak, merkataritza munduarenak eta edonorenak. Ez gaude prest gure eskubide zibilak (eta hizkuntzarena horietako bat da) behin eta berriz zapalduak ikusteko.

Norbanakoek egindako keinuak iraultza baten abiapuntu izan daitezke (gogoratu Rosa Parks-ena Alabamako autobus hartan). Hizkuntza-intsumisioaren garaia da!

Gutaz gehiago jakiteko: www.naziogintza.eus

Mendekotasunik? Ez, eskerrik asko Mendekotasunik? Ez, eskerrik asko

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

12 pentsamendu “Mendekotasunik? Ez, eskerrik asko”-ri buruz

  • Benat Castorene 2019-11-24 15:39

    Zuen hasarrea aise ulertzen dut.
    Bainan, erranen dizuete:
    Nun da problema ? baduzue mintzatu eta bizitzeko eskubidea kontituzioan idatzita eta horren berme zerrendatuko dizkizuete mila datu Iparrraldean imagina ez ginezakeenak.
    Arazo handienetarik bat (asko baitira zuzeun bertan askotan eztabaidatuak) da Euskal nazioa ez dela gehiago bakarrik bere territorioan, beste populu bat badago berekin nahasita bizi eta zeinari konstituzioan hitz eman dioten eskubide bera.
    Euskal naziokoak arrazoiz sentitzen bagara, onartu behar da badirela beste nazio batekoak sentitzen direnak.
    Bigarren nazio hau hainbat arrazoirentzat, demografiaz, emigrazioaz, euskaldunena baino fiteago hazten da, gainera botere altuenaren babesa dauka segurtatua eta horrengatik sentitzen da gero ta fuerteagoa erdaraz bizitzeko Euskal herrian.
    Halaere erabat ulertzen dut zuen erresistatu eta ekiteko nahia, baina ekiteko testuinguruaz ondo jabetu behar da.

  • Ados Naziogintzakoen proposamenarekin, eta ados Beñaten iruzkinarekin ere. Gehitu nahi nuke soilik, Euskal Herrian bizi diren espainiarren eta frantsesen nazioek, euren jatorrizko Estatuen erabateko babesa izateaz gain, EAEko erakunde (publiko nahiz bestelako) guztien erabateko babesa daukatela, baita erakunde abertzaleen babesa ere, argi uler dadin.
    Aldiz, euskaldunok, apenas dugu babes eraginkorrik, ezta “gureak” behar luketen erakundeen aldetik ere.

  • Nik gero eta argiago ikusten dut erakunde bat behar dugula gure eskubide linguistikoak plazan irmo defenditzeko. Lobby indartsu bat, nolabait esatearren.

    Partiduaren aukera proposatu nuen zeren alderdi politikoek badituzte beste elkarte batzuei falta zaizkien baliabideak, bereziki dirua eta ikusgarritasun mediatikoa.

    Egia esateko, berdin dit partidua den edo beste edozer motatako organizazioa. Ondo dago kexatzea eta idaztea eta eztabaidatzea nahi beste, baina niri gorputzak eskatzen dit elkar hartzea, antolatzea eta ekitea.

    Uste dut oso jende konpetentea daukagula euskararen aldeko defentsan engaiatuta, eta gehienon ustez nahitaezkoa dela beste pauso bat ematea borroka horretan. Kapital horri onura atera behar diogu, urrats hori ematea ezinezkoa izan dadin baino lehen.

  • Beñat Castorene 2019-11-25 10:05

    Gilentxo, zure zuzenketa zentzuzkoa da :
    Ene uste apalez, partido bat gehiago ez litzateke soluzio onena.
    Partidoak nekez dira libratzen hauteskundeen tiraniatik, zubentzioen beharretik eta ondotik ezinezkoa zaie nazio osoaren ikuskera bat eratzea administrazioen mugen gainetik.

  • Beñat, eta nik ez dut neure burua ikusten politikakerian sartuta. Bai ikusten dut ordea elkar hartzeko premia, frustrazio indibidualetik esfortzu kolektibora pasatzeko komerentzia, formatua zeinahi ere dela. Baina funtzionatuko duen formularik ezin aurki!

  • Benat Castorene 2019-11-25 13:56

    Politikakeria ez da erakargarria nehorentzat, ez da soluzioa.

  • Kaixo Beñat; euskararen aldeko mugimendu politikoaren beharra argia da nire ustez; bata euskaldunak aktibatzeko; euskaldun askok umezurtz gaude aukera politikoak aukeratzeko momentuan.
    Bestea, aktibazio horrek eragina eduki dezaken euskararekin erlazioa duten politikekin.
    Ez ahaztu dozenaka milaka eta milaka euskaldun esandako umezurtz egoera horrekin identifikatzen direla eta noski aktibatuak gai direla euskararen aldeko neurriak lortzeko

  • Benat Castorene 2019-11-26 21:30

    Arrazoi duzu Prezz, bainan m

  • Benat Castorene 2019-11-26 21:38

    milaka horiek ez dira nahikoak errentagarri izaiteko partiduentzat. Ez dute deus irabazteko egia erranez Euskararen egoera errealaren gainean.

  • Egin dezagun politika fikzioa; Demagun alderdi horrek Euskal Legebiltzarreko Hauteskunde batzuetan 2 edo 3 legebiltzarkide lortzen dituela eta beharrezkoak direla gehiengo bat lortzeko edo aurrekontuak aurrera egiteko. Uste duzu ez zuela eraginik edukiko euskararen aldeko nerurriak negoziatzerakoan? Ez duzu uste bere hizkuntzarekin benetan kezkatuak dauden euskaldunak ez zirela proiektu horrekin identifikatuko?
    Badakit zientzi fikzioa dela momentu honetan baina lortuko balitz, nik uste fruitu eraginkorrak lortzeko instrumento interresgarri bat izango zela

  • Kontua da ezen balizko partidu horren aldekoek euskara jarri beharko luketela beren ideologia politikoaren gainetik. Ez dakit zenbat pertsona egongo diren horretarako prest, baina dudatzen dut pare bat milatik gora direnik.

  • Parlamentuaren debatean parte hartzea estrategia zabalago batean zergatik ez?
    Bainan berez bakarrik probetxu guti.
    Gainera nafarrak eta gu kanpoan geratuko ginateke beti bezala.
    Beharbada hobe egitea koalizio bat
    Alderdietatik aparte