Euzkotxaldeak
Euzkotxaldeak –
Aste batzuk geroago, Espainiako Kontsumo ministroak egindako adierazpenen irakurketa interesatuak bizirik dirau. Hainbesterainokoa izan da (irakurketa interesatuarena, ez adierazpenena), non Euskal Herriko hiru probintzia txiki hauetara ere jauzi egin duen. Bitxia bada ere, nekazaritzako sindikatuek eta gobernuak batera gogorarazi digute familia-nekazaritzaren aldeko apustua dela hemen, eta ez dagoela makrogranjarik.
Asko hitz egiten da, baina gutxi definitu; zerk definitzen du makroetxalde bat?
Ekoizpen-ereduari dakogienaz, animalien kontzentrazioa, sortzen duten kutsadura, etxaldez kanpoko lehengaiekiko menpekotasuna, kostuen esternalizazioa, ekoitzitako elikagaien kalitate eskasa (termino subjektiboa hau gero), eta prezio baxuak definitzen dute. Kapitalismoaren maxima zaharra niretzat onura (horretarako naiz enprendedorea) eta guztion artean gastua (jan ala ez, horretarako funtsezkoa naiz).
Eta gizarte-ereduari dagokionez? Ez dute baserritarren beharrik, espezializazioaren ondorioz eskulana are prekarioagoa den beste batek ordezkatu dezake. Zikloak beren gain ixteko joera dute, eta askotan egitura berean sartzen dituzte ekoizpenaren fase guztiak, elikagaien eraldaketa barne. Eta are garrantzitsuagoa dena, bake soziala mantentzen laguntzen dute, langile-klasearen artean kalitatezko elikadura eskura dugunakoaren ilusioari eutsiz. Tripa Beteta, bestela, arazoak beste modu batean ikusten dira.
Horregatik, Baskongadetan ez dago eredu hori, hemen gehiago gara eredu propiokoak, hemen eredu produktibo bera, baina ehunka baserri txikitan barreiatua daukagu. Zergaitik ote?
Zerk kutsatzen du gehiago? 10.000 behi Caparroson lurra barik, edo 10.000 behi, 100 baserritan pinuz eta eukaliptuz inguratuta? Zerk sortzen du menpekotasun handiagoa? Makroustiapen honek Australiatik ekartzen duen bere abereen elikadura, edo 100 ustiategi txiki Argentinatik ekarrita? Zein da kostuen esternalizazio handiagoa? Horrelako makroetxalde batek sortutako kutsadura ala kale egindako purinen tratamendurako Karrantzako planta?
Benetan behar al ditu baserritarrik ekoizpenean (handia edo txikia) espezializatu eta eraldaketa eta merkaturatzea baztertu duen ereduak? Sozialean zeinek du eragin handien, bere baitan Elikadura Sistemako elementu guztiak barneratu duen estrukturak ala inbertsio publikoaren bitartez baserritar GUZTIAK beren komenientziako zentroetara bideratzen duenak?