Jorge Guerricaechevarría: “Ikus-entzuleengandik oso feedback ona jaso dut; gaztaroan bizi ditugun sentsazio, kezka eta irrikekin lotzen gaitu filmak”

Jorge Guerricaechevarría: “Ikus-entzuleengandik oso feedback ona jaso dut; gaztaroan bizi ditugun sentsazio, kezka eta irrikekin lotzen gaitu filmak” –

Jorge Guerricaechevarría da, Daniel Monzónekin batera, Gidoi Egokitu Onenaren Goya Saria irabazteko hautagaia, ‘Las leyes de la frontera’ lanagatik. Javier Cerca idazle espainiarraren eleberrian oinarrituta, Ignacio heldu bihurtu zen udako istorioa kontatzen du. Nachok bi munduren arteko muga etengabe urratzen du, ongiaren eta gaizkiaren artean, justiziaren eta injustiziaren artean dagoen lerroa zeharkatuz.

Jorge Guerricaechevarría: “Ikus-entzuleengandik oso feedback ona jaso dut; gaztaroan bizi ditugun sentsazio, kezka eta irrikekin lotzen gaitu filmak”Izendapena jasotzea espero zenuten?

Inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen, beti da sorpresa. Uste nuen filmak kategoria askotan izendatuta egotea merezi zuela, baina beste kasu batzuetan ere gauza bera pentsatzen nuen eta ez dugu bakar bat ere jaso; beraz, ez dakizu zer gerta daitekeen.

Gainerako lanak ikusteko aukera izan duzu?

Bi ikusi ditut eta egia esan oso onak dira. Gidoi egokitua bezalako kategoria batean oso zaila da baloratzea, nik ez baitakit nolakoak diren beste eleberriak; azken emaitza baino ez dut ikusi, eta, beraz, zailagoa da egokitzapenak izan duen lana eta zailtasuna neurtzea.

Film honen kasuan, bere garaian arrakasta handia izan zuen eleberria da. Feedback mezu ugari jaso ditut plataformetan eskuragarri dagoenetik, eta askok  hartzen dute aintzat istorio osoa film batean sartzearen zailtasuna.

Eleberri bat film batera egokitzea ez da erraza; zer harrera izan du jendartean?

Egia esan, oso ona izan da. Uste dut filmak, alde batetik, adin jakin bat dugunoi haurtzaroko edo gaztaroko gauza asko gogorarazten dizkigula, pelikulak irudikatzen duen garaikoak, nahiz eta esperientzia horiek delinkuentziaren ertzetan izan ez. Gazteak ginen eta pertsonaien egoera berean geunden, bizitzan nor izan nahi genuen bilatzen. Nik uste dut horrek jendea filmera hurbiltzen lagundu duela. Eta, bestalde, orain adin horretan daudenek ere sentsazio, kezka eta irrika berak dituzte, eta uste dut horregatik ere gerturatzen direla lan honetara.

Nola sartu zinen filmean? Eleberria ezagutzen zenuen?

Daniel Monzonek duela urte asko liburuaz hitz egin zidalako ezagutu nuen, lanean hasi baino dezente lehenago. Interesa piztu zidan, irakurri nuen eta, egia esan, asko gustatu zitzaidan. Zaila zela ikusi nuen, baina urte batzuk igaro eta nola molda genezakeen ikusi genuen.

Danielekin partekatzen duzu izendapena. Zailagoa al da egokitzapena beste pertsona batekin egitea?  

Egia esan, gustatzen zait talde-lanean aritzea, eta are gehiago zuzendariarekin batera jardutea, azken emaitzara hurbiltzeko bide zuzenagoa egiten baituzu. Egokitzapena ez ezik, eszenaratzea ere partekatzen duzu; hau da, sekuentziak nola irudikatzen dituzun transmititzea errazagoa da. Eztabaidak hasieratik egiten dira, idazten ari zarenetik, eta ikuspegi hori zuzendariarekin partekatzeak emaitza hobea dakar. Beste pertsona batzuekin lan egitea gustatzen zait; etengabe ideiak trukatzeak dena arintzen du. Prozesua elkarrekin egiteak proiektua aberastu dezake, hainbat lan ildo ezberdin atera daitezkeelako.

Zer esan diezagukezu gaur egun lantzen ari zaren proiektuez?

Oraintxe bertan, Paco Plazarekin egingo dudan beldurrezko film batean ari naiz lanean, eta aurreprodukzioan dauden bi telesail ere baditut esku artean: batetik, Álex de la Iglesiaren ‘30 monedas’ telesailaren bigarren denboraldia, eta, bestetik, Daniel Calparsororekin egingo dudan telesaila, elkarrekin egin genuen ‘Hasta el cielo’ filmean oinarritua.

Nola eragin du pandemiak zure lanean?

Nire eguneroko lanean eragin txikia du, egia esan, idazleek eta gidoilariek bakarrik edota, asko jota,beste pertsona batekin lan egiten dugulako. Hala ere, itxialdiak eragin handia izan zuen niregan eta, uste ez bezala, idazteko gogoa kendu zidan. Garai hartan ez nintzen oso gai egiturari eta gidoiei arreta jartzeko. Orain oztopoak gainditzen ari gara. Egia da, halaber, bilera asko online egiten direla, eta, oso erabilgarriak diren arren, zati garrantzitsu bat galdu egiten duzu, batez ere sorkuntza prozesuari dagokionean. Ideiak ez dira era berean ateratzen eta garatzen.

Jorge Guerricaechevarría: “Ikus-entzuleengandik oso feedback ona jaso dut; gaztaroan bizi ditugun sentsazio, kezka eta irrikekin lotzen gaitu filmak”

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.