Euzkadiko futbol gudarien SESBeko lehenbiziko partidaren bideo-kronika

Euzkadiko futbol gudarien SESBeko lehenbiziko partidaren bideo-kronika

Futbolariak Moskura heldu ziren trenean, eta heroien gisan besarkatu zituzten bertakoek. Euzkadiko futbolariek bederatzi partida zituzten jokatzeko. 1937ko ekainaren 24an hasi zuten jira, Lokomotiveko Mosku-ren aurka, 90.000 ikusleren aurrean.

Artean Gernikako garrak itzali gabe ziren, jaioterritik alde egin zutenean. Ez zekiten Bilbo hiriaren erresistentzia agortzear zegoela. Jokalarietako batzuk ez zuten berriz jaioterria zapaldu, eta Mexikoko erbestean hil ziren. Horien artean Gregorio Blasco atezaina; mundakarrak partidaren bezperan jakin zuen emaztea eta bi haurrak hil zizkietela kolpistek.

Gregorio Blasco, Euzkadi Moskun - Euzkadiko futbol gudarien SESBeko lehenbiziko partidaren bideo-kronika
Gregorio Blasco, Euzkadi Moskun

Frantzia zeharkatu eta Polonian geldialdia egin eta gero ailegatu ziren Josif Stalin-en SESBera, ekaina betean. Fisikoki behintzat Moskun zeuden. Txapelek estaltzen zituzten buruak handik oso urruti.

Trenaren maila jaitsi orduko musika banda zuten geltokianzain, eta loreak, lore asko. Futbolariak izan arren, gudariak ere bailiran txalotu zituzten. Antzezpen jendetsuaren artean ikusi ziren, telebista kamerak tartean, ikusmina eta bozkarioa zuten zain. Aise ezberdinak ziren Moskuko helmuga eta Bilboko irteera. Gerraren gorian egin zuten etxetik ihesi, itzulerako billeterik gabe. Kezken eta tristuren zama gainean. Baina, behin han egonda, harreraren tamainako inpresioa nahi zuten eman mutilek. Desio hori izango zuen Pedro Vallana entrenatzaile algortarrak ere.

Moskuko Lokomotiv zen lehen aurkaria. Lehenbiziko norgehiagokaren antolakuntza txukun zaindu zuten SESBeko arduradunek.  Jarraitzaileek lepo bete zuten Dinamo estadioa, 90.000 lagun. Ikurrina harmailen gorenean eskegita eman zioten ongi etorria Euzkadiri. Gobernuaren armarriak botoidun alkandora ilunetan josita eta galtza motz zuriak zeramatzaten soinean erlojuakj 18:50 jota zituenean Dinamo-ko zelaia zapaldu zutenean. Informazio zerbitzu sobietarrek sortutako kronikaren arabera, Espainiako Errepublikaren ereserkiarekin agurtu zuten Euzkadi. Harmailak eta jokalariak zutik doinuak adituz. Ondoren, Luis Regueiro kapitain eta aurrelariak Schegotskogo-ren eskutik jaso zituen loreak, zuriak. Paraxutean lurreratu ziren berdegunera lore gehiago, gorriak. Regueirok besotan jaso zituen beste behin ere.

19:00etan jarri zuten baloia jokoan. 47 segunduren buruan sartu zuten euskaldunek lehendabiziko gola, Regueirok. Ondoren beste lau sartu zituen, loreengatik esker oneko. Sobietarrek  bakarra sartu zuten, Piotr Terenkovek. Bost eta bat Euzkadi garaile.

Baloia zen gutxienekoa.

(bideoa via @KikeAmonarriz Liburu gomendioa via @xme64: Eguzkia ez dadila sartu)

Euzkadiko futbol gudarien SESBeko lehenbiziko partidaren bideo-kronika
Ikurrina Mosku Futbola
Euzkadiko futbol gudarien SESBeko lehenbiziko partidaren bideo-kronika

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Euzkadiko futbol gudarien SESBeko lehenbiziko partidaren bideo-kronika”-ri buruz