Eusko Jaurlaritzak osasungintzan aurkeztutako lan-deialdia: Gizarteak aurre egin behar die atzerapauso onartezin horiei

osakidetzaLEPa-Donosti-022Kontseiluak eta Behatokiak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak herenegun aurkeztutako lan deialdi publiko berriari buruzko lehen balorazioa egin du Donostian: Atzerapauso onartezinak eman dituztela adierazi dute bi erakundeetako arduradunek.

Kontseiluko eta Behatokiko arduradunek haserrea agertu nahi izan dute hedabideen aurrean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurkeztutako lan deialdi publikoak baloratzerakoan: “Beste behin osasun-zerbitzu duina jasotzeko eskubideen urraketak beste behin betiko dituen erabakia hartu dute” adierazi dute.

Kontseiluko Idazkari Nagusiak Bengoa sailburuari gogorarazi dio: “Osakidetzan hogei urteko atzerapenaz etorri zela euskararen normalizaziorako Dekretua, 2003an hain zuzen ere, eta euskara-plana 2005ean. Lehen aldiz 2006an izan zen lanposturen batean derrigorrezko euskara ezagutzea, ordura arte euskararen balorazioa sinbolikoa zen. Hori guztia Sailburu batek jakin beharko luke, eta beraz ez diogu onartzen normalizazio prozesua arin egiten ari dela argudiatzea.”

Bilbaoren iritziz salagarria ere bada Estatuko beste lurraldeetako hautagaiei aukera emateak herri honetako biztanleen eskubideei erreparatzeak baino garrantzi handiagoa hartzea. “Administrazioen lehen zeregina herritarren eskubideak bermatuko dituzten mekanismoak abian jartzea da, eta ez Estatuko langileen beharrei irtenbidea ematea” gaineratu du. “Halaber, ez dugu onartzen Bengoa jaunak euskara gehiago edo gutxiago eskatzen dutenen artean orekaren izenean hitz egitea, izan ere, eskubideen bermea ezin da balantza batean jartzen. Neurriak hartzen dira ala ez dira hartzen; erabaki kontzientea da, eta ez dago zuritzerik” esan du Bilbaok.

Azkenik, Bilbaok bestelako kezkak ere jarri nahi izan ditu mahai gainean: “Ez dakigu zenbat lanpostutan izango den nahitaezkoa euskararen ezagutza (gaztelania guztietan), ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutzaren balorazioa ere sartu dute, eta hori, antza ez da diskriminatzailea”.

Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik gogora ekarri nahi izan du duela hilabete batzuk aurkeztutako Kepa Elortzaren kasua. “Gure herrian osasun-asistentzia duina eskatzearen truke bizia arriskuan jartzen dutenei erantzun hau ematen die Jaurlaritzak” adierazi du.

Petriatik gogoratu nahi izan du Behatokia hamar urtez ari dela osasun-sisteman gertatzen diren diskriminazioak kudeatzen: psikologia-zerbitzua eskaini ez zaion herritarra, pediatra itzultzailearekin pasatu behar izan duen umea. Horien aurrean beti esan izan digute normalizazio-prozesua mantsoa dela, eta egun batetik bestera ezin direla gauzak aldatu.

Horren karira Behatokiko zuzendariak dei zuzena egin nahi izan die ELEBIDEko arduradunei. “Euskaraz bizitzeko nahiari eusten dioten herritarrek osasun-zerbitzua berezko hizkuntzan jasotzerik ez dutenean, ez diezaietela esan arian-arian edo progresiboki hartuko direla neurriak. Deialdi hau ikusita, egiaztatu ahal izan dugu ez dagoela borondate irmorik herritarren eskubideak kontuan hartzeko. Are gehiago, lan deialdi berri honek regresioa besterik ez dakar.”

Honako galdera hau ere luzatu nahi izan die Jaurlaritzako arduradunei: “Orain dela hogei egun Europako Kontseilutik etorritako adituei eman al zitzaien lan deialdi honen berri? Jakinarazi al zitzaien hauek direla Jaurlaritzak herritarren eskubideak bermatzeko abian jarriko dituen mekanismoak?”. Izan ere Europako Kontseiluaren Adituen Batzordeak argitara eman izan dituen txostenetan osasungintza beti agertu izan da beltzune gisa.

Behatokiko zuzendariak adierazi bezala, hurrengo asteotan Jaurlaritzak argitaratuko dituen deialdi guztiak banaka aztertuko ditu eta aukerarik egonez gero, auzitara joko duela iragarri du: “Suposatzen dugu legearen bermea izango dutela deialdiek, baina nahiko genuke Jaurlaritzako ordezkariek azaltzea zergatik eman dituzten atzerapausoak, eta zergatik betikotuko dituzten herritarren oinarrizko eskubideak.” gaineratu du Petriati

Gauzak horrela, Bilbaok euskaraz bizitzeko nahia irmoki aurrera eramateko deia egin nahi izan dio gizarteari: “Euskaraz bizitzeko nahiari irmotasun osoz eutsi behar diogu, bai eta osasun-zerbitzuan ere” esan du Idazkari nagusiak; eta nahi hori oztopatzen diguten bakoitzean salatzeko deia ere egin du.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.