Eusko Alkartasuna eta Alkarbide: bat erdi bitan

Eusko Alkartasuna eta Alkarbide: bat erdi bitan
arquera

Kongresua baino lehenago egin beharreko tour de force zirudiena, pauso erabakiorra gertatu da eta alde egin dute kritikoek EAtik. Iñaki Galdosek gidatzen duen militante multzoak ez du zorte handiegirik izan bere tesi erakundezaleak aurrera ateratzeko orduan, udatik aurrera polo soberanista antolatu nahi duen zuzendaritzaren aurrean.

Orain horrelaxe esplikatzen dira kontuak, batzuek ezker abertzalean jarrita dituztela begiak, eta beste batzuek, ostera, EAJn. Nolanahi den, bi aldeek, biek, dakite ederki bakarrik ez dutela urrabiderik aitzinean eta baten batekin ezkondu beharra ukango dutela aurki.

Baina nago orain gauzatu den zatiketa, lehenagotik datorrela. Zenbat urte dira ELA sindikatuak estrainekoz polo soberanistaren kontua proposatu zuela? Hiru, lau? Ordurako ezinegona ereinda zegoen EAn, ez esan niri ezetz. Udazkenetik aurrera aukera autodeterministekin bat egitearen kontua izan daiteke pastelaren ginga, baina pastela bazegoen lehendik ere, batere gingaren beharrik gabe. Seguru asko, gainera, aukera ideologiko eta estrategikoekin baino, zerikusi handiagoa zeukana pertsonen arteko harremanekin eta alderdi barruko botere banaketarekin.

Paradoxikoa baita EAn gertatu dena: kargu ia denak eta garrantzizkoenak, kritikoek lortutakoak dira. Larrazabal legebiltzarkide bakarra, esaterako. Zer esanik ez Gipuzkoako Diputazioari eta Batzar Nagusiei dagozkionak. Gainera, gainbehera etorria den arren, Bermeoko gune indartsua ere, kritikoekin bat egiten duenetakoa izan da, orain arte bederen.

Arrazoia du Galdosek soberanismoaren kontua ez dagoela EAko sorrera agirietan jasoa dionean. Espiritu hartara itzuli beharraz dihardute gipuzkoarrek, mugimendu nazional, abertzale, demokratiko eta sozialdemokrata bat eratu beharraz. Baina segur nago, hori horren argi formulatuta, EAko sektore ofizialak ere ez diola muzin egingo formulazioari berari, beste kontu bat da nork eta nola egin hori. Eta hortxe kontuak.

Egia da krudelki tratatu izan dituztela kritikoak zuzendaritzatik, ia existituko ez balira bezala. Eta euri haiek sortu dutela putzu hau: alderditik doazenek dituzte kargu politiko nagusiak. Ematen du Alkarbidekoek esaten dutela, to zuentzat azala eta egin nahi duzuena berarekin, gu pakean utzita. Azken finean geurekin daramagu eta mamia.

Orain arteko ezinikusiak gorroto bilakatuko dira aurki: alkartetxe hau ez da zurea, nirea da. Eta abar. Dibortzio guztietan bezala, nork bereari eutsiko dio trasteak banatzerakoan. Baina, behingoagatik, geu epaile. Barreratik gauzak okerrago ezin zirela egin ikusten aritu garen herritar harrituak.

Gai honetaz gehiago:

Zaharrak berri EAn.

Eusko Alkartasuna: requiescat… in pace?

Eusko Alkartasuna eta Alkarbide: bat erdi bitan

EA, Galdos, politika
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Eusko Alkartasuna eta Alkarbide: bat erdi bitan”-ri buruz

  • Hau herria gurea, hego partean behintzat. CAVen: PSOE,PP, EAJ, HB (edo dena delakoa), EA, Alkarbide, Aralar, EB, Alternatiba, Zutik, UPyD… Nafarroan horiek gehi Batzarre, UPN eta CDN…eta ziur baten bat ahantzi zaidala (barkatukoidazue bertako kideek).
    Ez al da askotxo?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude