Google Wave: badator tsunamia

Pasa den Ostegunean eskainitako aurkezpen luze baten ondoren Googleren produkturik berrienaren ideia argi bat egin dezakegu dagoeneko.  Google Waveek goitik behera alda dezake weba. Prestatu tsunamirako. Aurten izango da. Hori bai, frogak egiteko oraindik hilabete batzuk itxaron beharko ditugula dirudi.

Google Wave (argazkia: CC marketingfacts)
Google Wave (argazkia: CC marketingfacts)

Posta elektronikoa gaur sortuko balitz, zein funtzionalitate izango lituzte? Hori da Google Waveen sortzaileek beraien buruari egindako galdera. Erantzuna, duela 40 urte sortutako e-mailaren erabilera nabarmenki murriztu dezakeen tresna.

Lars eta Jens Rasmussen anaiak -Google Mapsen sortzaileak- eta Stephanie Hannon dira proiektuaren bihotza, baina 50 ingeniariz osatutako talde baten laguntzaz aritu dira lanean 2007tik.  Aipamen asko egin daitezke aurkezpen-bideo luzean agertzen diren ezaugarrietatik, baina agian garrantzitsuenak izan daitezkeenak hauek dira:

  • Ia edozer izan daiteke konbertsazio hari bakoitza sortzeko aitzaki: hainbat pertsonen artean jorratu nahi dugun gai bat, argazki-sorta bat edo  Twitter eta antzeko tresnetan agerturiko mezu bat,  esaterako.  Gainera, erabiltzaileak elkarrizketako mezuren batek edo zatiren batek nahikoa garrantzia duela baderitzo, bertatik konbertsazio berri eta independiente bat sor dezake. Wikien moduan, egindako aldaketa guztiak grabatuta gelditzeaz gain, elkarrizketa pausoz pauso nola sortu den ikus ahal izango dugu errepikapen baten bidez.
  • Google Docsen bezala, une berean hainbat erabiltzailek dokumentu bera editatu ahal izango dute. Baina Google Weaveen erabiltzaile bakoitzak argiago ikusiko du nor zertan ari den, pertsona bakoitza zehazki zein zati ari den aldatzen. Kolorezko etiketak erabiliz eta aldaketak simultaneoki ordenagailu ezberdinetan erakutsiaz erabiltzaileek batak bestearekin estropozu egitea sahiesten da.
  • Tresnen arteko integrazioa ikaragarria da. Plugin edo erantsi ahal diren funtzionalitateen artean bat aipatzearren, hauxe:  Twittereko mezuak Google Waveeko elkarrizketa batean sar ditzakegu eta bertatik erantzuten dena elkarrizketan bertan eta Twitterren agertu ahal da.  Google Wave erabiltzen ari ez diren pertsonekin ere tresnatik bertatik kontaktua mantentzeko aukera eskainiko du, alegia.
  • Azkenik, eta garrantzitsuena izan daitekeenari erreparatuz, tresnaren kode osoa open source edo irekia izango da. Honek esan nahi du bakoitzak bere zerbitzarian instalazio propioa egin ahal izango duela. Google Waveen dagoen informazioak ez du zertan Googleen zerbitzarietan egon beharko.  Honela, enpresa eta erakunde askotan datuen ziurtasunerako dauden arauek ez dute tresna honen erabilera eragotziko.  Gainera, elkarrizketak erakunde barneko kontaktuen artean ez ezik,  Google Wave erabiltzen duten guztien artean (baldin eta posta elektronikoz harremana badute behintzat) sortu ahal izango dira.

Momentuz,  nabigatzaileen erabileraren mugak dudarik gabe haratago eramango dituen tresna hau Firefox, Chrome, Safari eta Operarekin funtzionatzeko dago prestatua.

Labur esanda, 2 urte t’erdiko lan honek eta aurrerantzean jarraituko duenak,  erabiltzaileon eskuetan sekulako ahalmena duen tresna jarriko du. Interneten historian garrantzia izango duen pausua bihurtuko da Google Wave.

Interneteko teknologia berrietan aditua eta berrikuntzaren ekintzailea. Jamaikar musikaren fanatikoa da.