Euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatuz bete dituzte herritarrek kaleak
Euskaraz bizi nahi dut herri-lasteketak egin dira Euskal Herriko hainbat herritan. Bertan parte hartu duten heldu zein txikiek harrotasunez zabaldu dute euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara. Lagun giroan eta eta elkarrekin kirola eginez igaro dute eguna euskaltzaleek.
Iruñeko lasterketan izan da Kontseiluko kide Maite Inda eta lasterketen nondik norakoak azaldu ditu bertan: “Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan kokatzen den ekimena da gaur 40 herritan ospatzen ari garena. Iruñean egingo dugun bezala, Arrasaten, Eibarren, Hernanin, Beasainen, Oionen, Lizarran, Leitzan, Baztanen, Erronkarin, Sestaon, Lekeition, Zornotzan…”
Gaur egindako ekimenarekin, euskaraz bizitzeko aldarrikapenean beste urrats bat eman da gaur. “Harrotasunez adierazi dute euskaltzaleek euren nahia. Gaurkoan, gainera, garrantzitsua izan da formatu berbera erabiliz, elastiko berdinak jantziz eta lasterka aldarrikatu dugula gure nahia eta guztiok aldi berean, egun berean. Izan ere, argi dugu euskaltzale guztiok aldi berean eragiten badugu euskaraz bizitzeko baldintzak sortzeko, gure mundu hurbilean aldaketa sakonak eragin eta euskaraz bizi ahal izatea posible egin dezakegula. Bide hori urratzeko abiatu zuen Kontseiluak euskaraz bizi nahi dut dinamika.
Dinamikaren funtsa jendarte mugimendu zabala eratzea da. Euskaraz bizi nahi duen orok lekua du dinamika honetan. Eta nahi duen espresio edo agerpen mota erabiliz egin dezake ekarpen hori. Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak eta geure eguneroko jardunean hori praktikan jartzen dugunak.
“Euskaraz bizitzeko nahia harrotasunez aldarrikatu dugu gaur. Baina ez hori bakarrik. Euskaraz bizitzeko nahiak batu gaitu gaur, baina horrekin batera, elkarrekin egoteko parada izango dugu, eguna modu osasuntsuan pasatzeko, kirola egiteko, familia eta lagun giroan eta talde-lana sustatu dugu ekimen honekin”, adierazi du Kontseiluko kideak.
Herri-lasterketetan, helduek zein gazteek parte hartu dute. Helburua baitzen jende guztiarentzat egokitutakoak izatea eta nahi zuen orok parte hartu ahal izatea korrika egiten ohiturarik izan gabe ere. “Lasterketak lehiakorrak izan ez badira ere, egon da irabazlerik, gu guztiok gara irabazleak. Gure nahia aldarrikatu dugulako, elkarlanean antolatu dugulako ekimena”, besteak beste. Lasterketa amaitzerakoan, herri bakoitzeko parte-hartzaileen artean hainbat sariren zozketa egin da eta festa giroan pasa dute eguna parte-hartzaileek
Amaitzeko, egunerokoan aldarrikapenarekin egunero jarraitzeko deia egin du Kontseiluko kideak. “Milaka herritarrek euskaraz bizitzeko erabaki sendoa erakusten badugu, euskaraz bizitzeko baldintzak lortuko ditugu, eta berandu baino lehen euskaraz biziko gara, herri hau euskaraz biziko da. Gaur norabide horretan guztion artean ekarpena egingo dugula uste dugu”, esan du Indak.