Lopezen betaurrekoak


Patxi Lopez, EAEko lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak ekitaldi politikoa zuen, alderdiko militanteekin, Donostiako Amara Plaza Hotelean. Hara joan eta argazkiak ateratzeko enkargua neukan, argibide gehiagorik gabe.

Hotelera sartu eta beste hedabideetako argazkilari eta kameralari batzuekin hitz egin ondoren, hitzaldi aretora jo nuen, besteak, sarrerako irudiak hartzeko asmoa zutenak, bertan geratu ziren bitartean.

Aretoan jende andana zegoen eserita eta aurrean alderdiko ikonografiaz hornitutako eszenategi soil bat, mikrofonoa zuen atril batekin. Buruan pelikula egin nuen: berak bakarrik egingo du hitz, pareta urdin argi bat fondo bezala duela, jendea bizkarrez… Ez nuen gehiegi atsegin, beraz, atrilera ailegatzeko jende artetik pasatu behar zuenez, eta jendeak txaloak edo besarkadak eskainiko zizkiola jakinik (ekitaldi hauetan sorpresa gutxi izaten da), erabaki nuen jende artetik pasatzean egingo nizkiola argazkiak, eta mikro aurrera iristean, gertutik besteren bat; beraz atril ondoan kokatu nintzen.

Aretora sartu aurretik zain zuen kazetari multzoaren aurrean deklarazio batzuk egiteko geratu egin zenez, beste argazkilari guziak bertara joan ziren. Nik ez nuen momentu horretako argazkirik egiteko intentziorik, baina hurbildu eta atzean geratu nintzen. Gustatu egin zitzaidan irudia, Patxi Lopez bizkarrez eta parean kamera eta kazetari guziak. KLIK. Ez ninduen konbentzitu, edonor izan zitekeelako bizkarrez zegoen hura, ez zegoen Lopez jauna ezagutzeko inolako pistarik. Arriola sailburua sartu zen tartean, baina okertu besterik ez zen egin eszena. Nik hala ere KLIK eta KLIK egin nuen. Telebistako kamerek zuten argia parez pare zetorren eta gustatu egin zitzaidan, baina bizkarrez zegoen tipoak ezezagun izaten jarraitzen zuen.

Iñaki Arriola koadrotik atetzea lortu, lehendakariak eskuin aldera pixka bat begiratu, eta hara!, betaurrekoak, horra hor pista bat. Betaurrekoak enfokatu eta berriro begiratzeko zain geratu nintzen. Begiratu zuen beste behin eta nik KLIK. Gero ezkerrera begiratu zuen eta nik KLIK berriro. Hizketan jarraitu zuen eta perfil bat ateratzeko aukera izan nuen KLIK.

Gero aurrez pentsatuta nituen argazkiak egin nituen, txaloak, besarkadak, garaile keinuak…

Etxera etorri eta gustatu egin zitzaidan bizkarrez ateratako argazkietan azaltzen zena. Gainera, argazkiak ekitaldian edo ekitaldiari egiteko enkargoa izan arren, Lopezen esandakoen inguruan joango zen testua. Berdin zuen prentsari zuzenean emandako laburpenean edo hitzaldian; nork zer esan zuen zen gakoa.

Eskuinera begira zegoena ondo zegoen. Betaurrekoak enfokatuta, kazetariak berari begira… hurrengoa nahasia zegoen, kazetaria neri begira eta gainera Arriolak berriro nire aurrean jartzea lortu zuen, eta profila ikusten zitzaiona agerikoegia zen. Betaurrekoak nahikoa ziren pertsonaia identifikatzeko. Argazkia 2×1 erlazioarekin moztu (argazkiaren goiko zatiak ez zuen ezer berezirik eta niri ‘korte’ hau gustatu egiten zait) eta bidali egin nuen.


Azkenik, neretzako, zuri beltzera pasatzea okurritu zitzaidan, eta konbentzitu egin ninduen. Hemen duzue azkenean lortutakoa. Ni gustura geratu nintzen.

Gari Garaialde
‘Mila hitz’ blogetik hartua.