Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu behar dugu
Bosgarren mapa soziolinguistikoaren emaitzen harira, hausnarketa hau zabaldu du Zigor Etxeburua GFAko euskara zuzendariak:
EAEko jendartea geroz eta euskaldunagoa da, baina euskararen erabilera ez da ezagutzaren parekoa. Horren kausa bilatzean, Jaurlaritzak baloiak kanpora botatzen hasi da, familiengan eta haurrengan jarriz euskara ez erabiltzearen errua.
Lehenago eta orain ere, gizarteak egina du dagokionaren zati handi bat. Zapalkuntza eta bazterkeria guztien gainetik, gaurdaino bizirik eutsi dio euskarari, belaunaldiz belaunaldi transmitituz. Horren adierazle nagusia da guraso gehienek beren seme-alabak euskarazko hezkuntza ereduan matrikulatzea, gaur egun ere.
Euskara etxean jaso ez duten heldu euskaldunei ez zaie zertan aurresuposatu euskararenganako atxikimendu emozionalik edota motibazio integratzailerik
Euskal gizartearen soziologia aldatzen ari da. Egun, euskaldun gehienek euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu dute. Hau da, etxean jaso duten hizkuntza, senideekiko lotura emozionala ahalbidetzen diena, erabiltzen duten lehen hizkuntza, espainola da, oro har. Beraz, euskara etxean jaso ez duten heldu euskaldunei ez zaie zertan aurresuposatu behar euskararenganako atxikimendu emozionalik edota motibazio integratzailerik. Jakina da euskara bigarren hizkuntza gisa eskuratu duten guraso asko euskara erabiltzen hasten dela haurrak izatean. Baina euskararen aldeko jarrera horrek ez du luzaroan irauten, sarri, haurrek euskara ikasi ahala gurasoek ez dutelako beren burua aski gaituta ikusten euskaraz jarraitzeko, edota familiaren gainerako senideen hizkuntza nagusia ez delako euskara.
Gizarteak mezu kontrajarriak jasotzen ditu instituzioetatik. Jaurlaritzak esaten dio gizarteari geroz eta euskaldun gehiago garela, euskara hizkuntza ofiziala dela, baina instituzioen praktika, bizitza administratiboa, ekonomikoa eta soziala espainolez dira nagusiki. Hizkuntza hegemonikoa espainola da EAEn, eta horren eragileetako bat Jaurlaritza bera da. Ezin die eskatu herritarrei bere buruari eskatzen ez diona.
Jaurlaritzak esaten dio gizarteari geroz eta euskaldun gehiago garela, euskara hizkuntza ofiziala dela, baina instituzioen praktika, bizitza administratiboa, ekonomikoa eta soziala espainolez dira nagusiki. Hizkuntza hegemonikoa espainola da EAEn, eta horren eragileetako bat Jaurlaritza bera da
Beste esparru askotan bezala, gizarteak ezartzen du soziolinguistikan aipatua izan den ‘ekonomia linguistikoa’. Hau da, gizarteak (heldu, gazte eta haurrak) pertzibitzen du euskarak ez duela garrantzia politikorik, administratiborik, ekonomikorik ezta sozialik ere; euskara ahul ikusten du, bigarren hizkuntza gisa. Gainera, euskaraz bizitzeko determinazioa dutenek ere, horretarako ahalegina egin behar dute, ez zaie bizitza berez eta erraz euskaraz ageri, eta gatazka eta traba ugari pairatu behar dute borondate hori bururaino eraman nahi badute. Gizarteak ez du sentitzen euskara hizkuntza aski autonomoa, ez du euskara eremu eta arlo guztietan ohiko eta normal bizitzen, eta horregatik, ematen dio atxikimendua hizkuntza dominatzaileari, espainolari, ia automatikoki. Gizartearen zati handiegi bat laburbidetik doa, ez du haize-kontrara joan nahi.
Baina jendartea ez da zozoa, eta ohartu da horretan ere jarrerak aldatzen ari direnaz. Gipuzkoako instituzio gehienok aurrera daramagun hizkuntza politikak mezu argia helarazi dio gizarteari: bizitza politiko, administratibo, ekonomiko eta soziala euskaraz nahi ditugu, eta horretarako zalantzagabeko urrats eraginkorrak ematen ari gara. Adibideetako bat kontratazio administratiboetan hizkuntza irizpideak ezarri eta betetzeko urratsa da. Euskararen ofizialtasuna bururaino eraman da kontratazio publikoaren esparruan eta enpresek eta gizarteak ulertu dute, beste azalpenik eman gabe, zilegi dela, administrazioaren egitekoa dela, legez badagokiolako euskarari. Gipuzkoako instituzioen ekimenak lagundu die enpresa askori hizkuntzen kudeaketa egokiago bat egiteko urratsa ematen, eta eragin du, era berean, herrialdeko euskaltegietan ikasle berri kopurua haztea.
Gipuzkoako instituzio gehienok aurrera daramagun hizkuntza politikak mezu argia helarazi dio gizarteari: bizitza politiko, administratibo, ekonomiko eta soziala euskaraz nahi ditugu, eta horretarako zalantzagabeko urrats eraginkorrak ematen ari gara
Sentsibilizazioa beharrezko lan ildoa da, jakina. Batetik, euskaldunei euskara maitatu, preziatu, erabili eta gozatzeko deia eta eskaintza egin behar zaie. Bestetik, euskaraz moldatzen ez diren herritarrei euskara ikasteko gonbidapen esplizitua egin behar zaie. Euskaraz hitz egiteko euskaldunak behar du solaskideak euskara ulertzea, gutxienez, bestela ez baitago komunikaziorik. Gainera, enpatia ere landu behar da, ohartu behar baita euskara ez ezagutzea ezin duela pribilegio bat izan. Jakina, horretan asko lagunduko luke euskara doan ikasteko eskubidea izatea helduek, egun ez dena.
Edonola, gogorazi behar da euskal soziolinguistek esana dela, euskara egoera gutxituan egonik, espero daitekeena baino gehiago erabiltzen dela. Euskalduna fidela zaio euskarari, oztopoak oztopo. Hain zuzen ere, bi Estatuek ezartzen dizkiguten oztopoek bilatzen dutena da euskaldunok etsitzea, geure hizkuntzari uko egitea, nekearen nekeaz.
Bada, ez. Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu bihar herriz herri egingo diren kontzentrazioetan, eta GFAk bertara deitzen ditu gipuzkoarrak.
Zigor Etxeburua
(@zetxeburua) GFAko euskera zuzendaria.
Etxean egiten dena baino (elebitasun partikularra), elebitasun sozialari jo behar zaio, diglosiaren aurka.